Europako zuztarrak eta garagardao burbuilak Txinan

Zigor Aldama 2015-12-30 10:36   Bidaide

Beharbada inoz ez dozue Qingdao izena entzun. Zuzen ahoskatzea be gatx egingo jatzue. Baina ezagunago egingo jatzue seguruenez Tsingtao. Azken berba hori ezagunagoa izateko arrazoia Txinako garagardao ospetsuenaren etiketetan dago. Txina ipar-ekialdeko kostaldeko uri horren omenez ipini eutsien izen hori garagardaoari, Beijing esateko artean Pekin erabilten zanean. Europako jatetxe txinatar askotan emoten dabe eta edarien arloko Asiako erraldoiaren esportazinorik ezagunena bihurtu da.

Beharbada inoz ez dozue Qingdao izena entzun. Zuzen ahoskatzea be gatx egingo jatzue. Baina ezagunago egingo jatzue seguruenez Tsingtao eta, holan irakurrita, mandarinerazko jatorrizko ideograma bien ahoskeratik hurrago ibiliko zarie. Azken berba hori ezagunagoa izateko arrazoia Txinako garagardao ospetsuenaren etiketetan dago. Txina ipar-ekialdeko kostaldeko uri horren omenez ipini eutsien izen hori garagardaoari, Beijing esateko artean Pekin erabilten zanean. Europako jatetxe txinatar askotan emoten dabe eta edarien arloko Asiako erraldoiaren esportazinorik ezagunena bihurtu da.

Hartara, Tsingtaoren lehenengo fabrikea Qingdao uriko erakargarritasun turistikorik handienetakoa izatea ez da harrigarria. Berau bisitetea merezidu dau, uri hau besteetatik bereiztutea eragin dauen ondare historikoa da eta. Izan be, gauzak garbi esanda, Txinako uri gehienak ez dira bape atseginak. Kontrara, ezelako plangintza urbanistiko barik eregi dirala dirudi eta, eklektizismo kaotiko baten adierazgarri, nahasian dagoz dinastia zaharretako tenpluak -gehienak goitik behera barrituak, ez ezagutzeko moduan geratzeraino-, lerro sobietar aspergarridun arkitektura komunistea eta abangoardia-usteko nahaste-borraste bat, uri guztiak homogeneo bihurtzen dituana.

Qingdaori halakorik ez jako faltau kanpoaldeko auzuneetan, baina nortasunari eusten jakin dau. Neurri handi baten, Tsingtao garagardaoa hara eroan eben europarrak dira horren erantzule: alemaniarrak. 1898an heldu ziran, gerra-ontzien artilleria guztiagaz eta misiolari bi hil ziralako atxakiagaz. Txinako armadearen gotorlekua suntsitu eben eta enperadoreak behartuta emon behar izan eutsen uria 99 urterako. Alemaniarrek bost urte baino ez zituen behar izan garagardao fabrikea ipinteko. Kontinentean ondoen balorautako garagardoetako bat izatera heldu dan hori. Gaur egun bisitau egin leiteke fabrikea eta, eraikinean produkzinoaren zati txiki bat baino ez dagoan arren, benetan merezidu dauen museo-ibilbide bakarrenetakoa da.

Qingdaoko biztanleen arabera, alemaniarrei eskertzen deutsie uria modernizau izana, izan be Txina guztian elektrizidade sare zabala euki eban lehenengo urietako bat izan zan. Herrialdeko unibertsidaderik onenetako bat be sortu eben alemaniarrek. Halandabe, germaniarrek ezin izan eutsien uriari eutsi enperadoreari ataratako mende luzean, 1914an japoniarrak heldu ziralako, baina astia euki eben oraindino alde zaharreko eraikinetan igarten dan arrastoa lagateko. Zutik dagoz eleiza protestante bat eta gobernadore atzerritarraren egoitzea -biak bisitau leitekez-, baita etxe partikular ugari be. Kaleak eurak be, asko aldatzean eregitakoak, itxura europarrekoak dira, eta horregaitik txinatarrek Qingdaori 'Txinako Suitza' esaten deutsie.

Hori bai, Suitzak ez dauka hondartzarik eta Qingdaok bai. Ganera, denporaldi jentetsuenetik kanpo, lasai asko paseoan ibili leiteke malekoitik, badiaren alde bateko eraikin zaharrek eta beste aldeko etxeorratzek sortzen daben kontrasteari begira. Baina udan, hondartzea jentez lepo egoten da eta horrenbeste gorputz eta toallaren azpian hondarra ia ikusi be ez da egiten. Uri honetan jaio zan facekini dalakoa, arpegirako poliesterrezko zapi baten modukoa, andra batek asmautakoa, zertarako eta jenteak bainua hartu ahal izan daian eguzkiaren ondorio txarrena sufridu barik: baltzaran jartea.

Badauka zelanbaiteko grazia -urrunetik- ikustea kolore eta forma guztietako flotadorakaz bainua hartzen dauen jente oldea, Txinako ekialdeko kostaldeko gainpopulazinoaren erakusle. Baina Qingdaoko hondartzak hotz dagoanean disfutetan dira ondoen, Itsaso Horiaren ur izoztuari aurre egitera inor ez danean ausartzen. Orduan bai, parebako postal hau dastatu leiteke, beste uri batzuetakoaren oso desbardina. Eta gero, ezer hoberik ez da tenplu budista tradizional interesgarrietako bat bisitetea baino (horreetatik nabarmenena Tianhou da) eta Xiao Wangfu jatetxean ahatea jatea baino. Esan beharrik ez dago, onena Tsingtao garagardao bategaz laguntzea da, okre koloreko botilatxuan datorrenetako bategaz hain zuzen.

Beste batzukaz alderatuta uri txikiagoa dan arren, Qingdaok gaueko astialdirako eskaintza interesgarria dauka, tartean zuzeneko musikea eskaintzen daben lokal batzuk ekialdeko auzoetan. Han ezagutu leiteke 21. mendeko Txinan arin hazten dabilen underground giro bizia, eta eszena kulturalean munduko herrialderik populatuena hartzen dabilen norabideaz jaubetu. Ganera, ordurako, hondartzeak erakarritako turistak joanda egongo dira seguruenez, eta historiaren eta monumentuen atzean ezkutauta Qingdaok daukan benetako bizitzea ezagutzeko unea izango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu