L. Zugaza, A. Salmond, J. Garamendi, M. Chorraut, CEAR eta Velatiari Sabino Arana saria emongo deutsie

Bizkaie! 2015-12-21 11:24

Urtarrilaren 31n egingo dabe Sabino Arana Sariak emoteko ekitaldia Bilbon. Aurtengo edizinoa 27.a izango da eta, urtero legez, gizartean eta kirolean nabarmendu diran personak eta erakundeak omenduko ditu Sabino Arana Fundazinoak.

Urtarrilaren 31n egingo dabe Sabino Arana Sariak emoteko ekitaldia Bilbon. Aurtengo edizinoa 27.a izango da eta, urtero legez, gizartean eta kirolean nabarmendu diran personak omenduko ditu Sabino Arana Fundazinoak. Alex Salmond, Maialen Chorraut, John Garamendi, Leopoldo Zugaza, CEAR-Euskadi eta Velatia sarituko ditue.

Sabino Arana Fundazinoko arduradunek zehaztu dabenez, sarien bidez autortzea egin nahi deutsie gizarteari zerbitzu esanguratsua emoteko gaitasuna erakutsi daben persona, erakunde eta alkarteei. Sabino Arana (1865-1903) euskal abertzaletasunaren bultzatzailearen omenez emoten ditue sariak urtero.

Eskoziara begira jarri da fundazinoa oraingoan, Alex Salmond bertako agintari ohiari sarietako bat emonaz. Eskoziako galdeketea zuzendu eban Salmondek eta, horregaitik, Sabino Arana saria jasoko dau. Herri baten borondate demokratikoa alkarrizketearen bidez aurrera eroateko euki dauen gaitasuna goraipatu dau fundazinoak.

Amerikara be badoa beste sarietako bat. John Garamendi Kaliforniako euskal-amerikarra gogoan euki dau Sabino Arana Fundazinoak, euskal nortasuna Estadu Batuetan eta munduan zabaltzeko egin dauen lanagaitik.

Kirolaren alorrean, Maialen Chorraut piraguisteak jasoko dau aurtengo Sabino Arana saria. Joku Olinpikoetan eta munduko txapelketetan dominak irabazi ditu kirolari gipuzkoarrak eta, Sabino Arana Fundazinoaren ustez, eguneroko ahalegina eta apaltasuna arrakastarako giltza dirala erakutsi dau. Rio de Janeiroko Joku Olinpikoak begiz jota ditu Chorrautek.

CEAR-Euskadi erakundeari gorazarre eginaz, bestalde, errefuxiaduen gaia kontuan hartu nahi izan dau fundazinoak, pil-pilean dagoan gaia dan ezkero. CEARek 1996tik egin dauen lan izugarria gogoan hartu nahi dabe sariagaz, giza eskubideen  inguruko sensibilizazinoan eta beharrizanean dagozanei laguntzen egindako ahaleginagaitik.

Velatia enpresa-taldea, aldiz, euskal enpresen eredu moduan sarituko dabe. Velatiaren lehenengo hazia 1967an ipini zan Bedian, Ormazabal izenagaz eta, harrezkero, familia-enpresea hazten joan da: Orain 50 herrialdetan dago Velatia. Enplegua sortzeagaz, personakaz eta Euskadirako aberastasuna sortzeagaz konpromisoa euki dau enpreseak, Sabino Arana Fundazinoaren ustez.

Amaitzeko, euskal kulturan hamarkada luzeetan lanean ibili dan Leopoldo Zugaza sarituko dabe. Bibliografoa eta editorea da baina, batez be, kulturearen inguruko proiektu ugariren bultzatzaile izateagaitik egingo deutsie omenaldia. Izan be, Gerediaga alkartearen hasikerako urteetan, Labayru Fundazinoan eta hainbat museotan eragile izandakoa da. Izakera jakitun eta humanistea da Zugazarena, fundazinoaren esanetan.

Sariak emoteko ekitaldia 2016ko urtarrilaren 31n egingo da, eguerdiko 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian. Ohiko moduan, politikearen eta gizartearen alorreko jente ugari batuko da bertan, sarituakaz batera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu