Hilaren 27an, maratoi solidarioa egingo dabe Javi Condek eta Jon Salvadorrek Deustuko Unibersidadeko sifoian

Bizkaie! 2015-12-18 15:16

Proba honek amaierea emongo deutso Itsasadarraren omenez egindako maratoien trilogiari. Trilogia 2012ko martiaren 17an hasi zan, estuariotik 45 metrora, Bizkaia Zubiari 145 bira emonez. Ondoren, 2014ko urriaren 26an, Athleticen gabarrearen maratoia egin eben, eta, kasu horretan, 1.313 bira emon eutsiezan, 42.195 kilometroak osotzeko. Sifoian egingo dan hirugarren proba honetan, lur azpitik 26 metrora, emon beharreko birak 288 izango dira danetara.

Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren lur azpiko instalazino eta saneamendu sistema orokorraren parte dan Deustuko Unibersidadeko sifoian, hilaren 27an (Domekan), 09:00etatik aurrera, 42 kilometro egingo ditue Itsasadarraren azpitik Javi Condek eta Jon salvadorrek, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Maratoia, makina bat kilometro hodi batean. Javi Conde atleta paralinpikoaren eta Jon Salvador lagunaren azken erronkea izango da. lasterketea 13:00etan amaituko dala aurreikusten da, eta kanpoan dagozanek pantaila batzuen bidez ikusteko aukerea izango dabe.

Maratoia gaur goizean aurkeztu dabe Bilbon, eta bertan egon dira Eduardo Elguezabal, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko Aktiboen Ustiapen eta Kudeaketa zuzendaria; Juan Felix Madariaga, Bilbao Kirolakeko zuzendaria, eta Javi Conde eta Jon Salvador atletak, erronka solidario barri honen protagonistak.

Lasteketea honek amaierea emongo deutso Itsasadarraren omenez egindako maratoien trilogiari. Trilogia 2012. urteko martiaren 17an hasi zan, estuariotik 45 metrora, Bizkaia Zubiari 145 bira emonez. Ondoren, 2014ko urriaren 26an, Athleticen gabarrearen maratoia egin eben, eta, kasu horretan, 1.313 bira emon eutsiezan, 42.195 kilometroak osotzeko. Sifoian egingo dan hirugarren proba honetan, lur azpitik 26 metrora, emon beharreko birak 288 izango dira danetara.

Lasterketea 70 metroko tarte batean –danetara 463koa– egingo da, Itsasadarra alde batetik bestera; beraz, lasterketako sentsazinoak, kanpokoakaz alderatuta, oso desbardinak izango dira, argia, tenperaturea edo oxigeno-konsumoagaitik. Esangura horretan, Javi Conde eta Jon Salvador leku txikietan dabiz preparetan maratoia, saneamenduko azpiegitura horren ezaugarrietara ohitzeko asmoz. Bakarkako ilaran egin beharko dabe korrika, 70 zentimetro baino apur bat zabalagoa dan errei batean. Era berean, Xavi Maltas atletea, proiektu honetan parte hartzen dauena, Bartzelonan entrenatzen dabil, probea egin aurretik lesinoren bat gertatuko balitx be.

Oraingo honetan, 42 kilometro Itsasadarraren azpitik. Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren Maratoia. Makina bat kilometro hodi batean egitasmoari esker, 9.200 euro banatu dira honako GKE honeen artean: Zubietxe, UNICEF, Cuadri del Hospi, Fibrosi Kistikoaren Bizkaiko Alkartea, Kare Sarea, Mugarik bako Medikuak, ASINSOC, Pacef eta Educo. Funtsa honako erakunde laguntzaile honeek emon dabe: Bilbao Kirolak (Bilboko Udala), Bizgarri, Basauriko eta Erandioko udalak, Hirubi, Conservas Isabel, Bidaideak eta Laboral Kutxa.

Azken 6 urteetan, Javier Condek 27 maratoi egin ditu mundu guztian zehar, eta proba bakarra geratzen jako –Stoke Mandevillen–, Joko Olinpiko eta Paralinpikoetako egoitza izan diran uri guztietan maratoi bat egiten dauen munduko lehen atletea izateko. Egindako probakaz, aurten, 2015ean, Maratoi Solidarioak fundazinoak 39.000 euro emon ditu dohaintzan, eta, gaur egun arte emondakoari gehituta, guztira 152.000 euro banatu dira ehun bat GKEren artean.


Bisita gidatuak

Nahiz eta kirol-probea zuzenean emongo dan sifoiaren kanpoaldean, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak talde txikietan sifoia ikusteko bisita gidatuak antolatu ditu, goiz osoan zehar, nahi dauenak instalazinoa ezagutu, eta Javi Conde eta Jon Salvador erronkan dagozala animetako aukerea izan daian. Bisitea dobakoa da, baina aldez aurretik izena emon behar da, 688 667 954 telefono zenbakiaren bidez. (Arretarako ordutegia: abenduaren 21, 22, 23 eta 26an, 09:00etatik 15:00etara eta 16:00etatik 18:00etara, eta abenduaren 24an, 09:00etatik 15:00etara).

Botikazar kalean dagoan eraikin nagusian hasiko da ibilbidea. Ondoren, bisitariak Bilboren lurpera –bost pisu beherago– bajatuko dira, probea egingo dan korridore estuan zehar ibili daitezan eta korrikalariak animau deiezan. Bisiteak 40 minutu iraungo dau gitxi gorabehera, eta Itsasadarraren beste aldean amaituko da; izan be, bisitariak Arte Ederren Museoaren alboan aterako dira kalera.

Bisitak euskeraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta 20 personako taldeak izango dira. Parte-hartzeko, gitxienez 7 urte izatea gomendatzen da. Horrezaz gan, instalazino industriala danez eta zenbait gunetan eskailerak dituanez, oinetako erosoak eroartea gomendatzen da. Ibilbide osoa ez dago ezintasun fisikoa daben personentzako egokituta.
 
Unibersidadeko Sifoia Ur Partzuergoak Bilboko Deustu auzoan eregitako azpiegiturea da, hondakin urak batzeko eta Itsasadarraren eskuinaldetik Galindoko (Sestao) HUArainoko garraioa errazteko. 1997. urtetik jardunean dan lan horren helburua da Itsasadarraren ertz batetik bestera urak eroatea, araztegira bidean. Putzu honetaraino 300.000 biztanleren baino gehiagoren ur-baltzak heltzen dira.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu