Euskal futbol selekzinoaren datuak eta bilakaerea batu ditu Joseba Gotzonek

Dabi Piedra 2015-12-17 13:52

Aurten 100 urte bete dira Euskal Selekzinoak lehenengo partidua jokatu ebala. Harrezkero, gorabehera ugari euki ditu, munduko talderik indartsunetako bat izan da sasoi batzuetan, baina jokatu barik egon da beste hamarkada askotan. Horren guztiaren barri jaso dau Joseba Gotzon idazle eta kantariak, lau liburuki eta ia mila orrialdeko azterlan sakonean. Papelean barik, USBan kaleratu dau obrea.

Aurten 100 urte bete dira Euskal Selekzinoak lehenengo partidua jokatu ebala. Harrezkero, gorabehera ugari euki ditu, munduko talderik indartsunetako bat izan da sasoi batzuetan, baina jokatu barik egon da beste hamarkada askotan. Horren guztiaren barri jaso dau Joseba Gotzon idazle eta kantariak, lau liburuki eta ia mila orrialdeko azterlan sakonean. Papelean barik, USBan kaleratu dau obrea.

Joseba Gotzonek berak 1998an idatzi eban Euskal Selekzinoaren historiari buruzko liburua. Sasoi batzuetako informazinoa lortzea gatxa danez, hutsuneak eukazan obra harek. Orain, orduko lan ha osotu, zabaldu eta argazki gehiago sartu ditu, azkenengo urteotako datuakaz batera. Gogoa neukan 1998ko lana gaurkotzeko, adierazo dau Joseba Gotzonek.

Lau liburukitan banatu dau material guztia: 964 orrialde, 245 argazki, 114 ilustrazino, 131 agiri eta 32 estatistika topauko ditu irakurleak. Hori guztia, papelean barik, pen-drive edo USB memoria baten argitaratu dau Joseba Gotzonek. Holan, espazioa aurrezteaz gan, formatu ugaritan irakurri leiteke: Ordenagailuan, liburu elektronikoan, tabletean eta abar. Ganera, lantzean behin datuak gaurkotzeko modua emoten dau formatu digitalak.

Selekzinoaren elastiko berdearen formadun USBa da eta liburu formako zorro txiki baten dator. Bere kabuz produzidu dau lana Joseba Gotzonek. Formatu digitala aprobetxauta, bere obreagaz batera Nortasuna diskoa (1999an selekzinoaren omenez kaleratua) eta E. Ballesteros mexikarraren Un equipo de hermanos dokumentala dagoz USBan. 50 euroan saltzen da guztia.

Bi eta hiru urte bitarteko lana egin dau Joseba Gotzonek. Holan, Euskal Selekzinoak jokatutako partidu guztien eta taldeak eukitako gorabeheren barri emon ahal izan dau. Gerra Zibilean Euzkadi taldean ibili ziran jokalarien senideek asko lagundu deutsiela dino: Euren seme-alabakaz eta lobakaz egin dot berba eta argazki eta dokumentu asko emon deustez, laguntzino izugarria izan da.

Joseba Gotzonek uste dau, Euskal Selekzinoaren ehun urteko historiaren zati asko jenteak ez dituala ezagutzen. Lehenengo partidua 1915eko urtarrilaren 3an jokatu eban, orduan Norte izenagaz ezagutzen zan taldeak, Kataluniaren aurka. Selekzinoak bere historian txapelketa ofizial bi jokatu dituala gogoratu eragin dau autoreak: 1915ean Eskualdeen arteko Kopea eta Gerra Zibilaren sasoian Mexikoko txapelketa nagusia.

1920 eta 1930eko Espainiako selekzinoko jokalari gehienak Euskal Herrikoak ziran. Horregaitik, Gerra Zibilean Euzkadi taldea sortu zanean, ikusmin handia eragin eban. Europa guztiko zelaiak goraino bete ziran selekzino haren partiduak ikusteko. Batutako dirua erbesteko Eusko Jaurlaritzeari emoten eutsien, Miarritzeko ospitalea martxan eukiteko, azaldu dau Joseba Gotzonek, Euskal Herria Europan ezagutzera emoteko balio izan eban bira harek.

Ondoren, Mexikon be ibili ziran jokalari euskaldunak, han be Jaurlaritzearen aldeko lanean. Gerra Zibila amaitu eta gero, baina, desegin egin zan talde ha eta 1966ra arte ez eban partidu gehiagorik jokatu. 1966 eta 1977 arteko partidu apurrak jokalari batzuei omenaldiak egiteko izan ziran, azaldu dau Joseba Gotzonek. 1979tik 1987ra arte, ostera, euskerearen alde jokatu eban selekzinoak eta, 1993tik, ia urtero Gabonetan partidua jokatzen dau.

Ikerketearen zati handi bat Gerra Zibileko sasoiarena da, zehaztu dau autoreak, unerik aitagarriena izan zan alderdi askotatik begiratuta eta historiako partidu gehienak orduan jokatu ziran. Gizonezkoen Euskal Selekzinoak ehun urtean 136 neurketa jokatu ditu, horreetatik 80 Gerra Zibilaren eraginez antolatutako taldeak. Europan eta Amerikan birak egin zituan Euzkadi izeneko talde harek eta, ondoren, Mexikoko txapelketetan jokatu eban.

Ikerlana gaztelaniaz idatzi dau Joseba Gotzonek, dokumentazino guztia erderaz dagoanez, askoz erosoagoa izan da. Beste alde batetik, esan behar da, berak egin dauen ikerketan gizonezkoen selekzinoko datuak baino ez dituala batu. Halandabe, argitalpena gaurkotzeko asmoa dauka eta, hori egiten dauenean, emakumezkoen selekzinoaren ibilbidea aintzat hartu nahi leukeela dino.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu