Alex Txikon: 'Alpinismoak zeozer badauka, hori inprobisazinoa da'

Dabi Piedra 2015-12-14 09:12   Barriketan

Mendizalea

Igazko ahaleginean huts egin eban arren, Alex Txikon barriro joango da aurtengo neguan Nanga Parbat mendira (8.126 m). Orain arte, neguan inork ez dau tontorrera igotea lortu, beraz historian sartzeko aukerea dauka Lemoako mendizaleak. Daniele Nardi, Ali Sadpara eta Janusz Golab izango ditu Txikonek espedizino-kide. Ferran Latorrek azken unean uko egin deutso proiektuan parte hartzeari. Igazko eskarmentua aprobetxauta, prestakuntza hobea egiten dabil aurten Txikon eta orain Argentinan dago, hango Andeetan altuerara egokitzen. Abenduaren 22an joango da Pakistanera, taldekideakaz alkartu eta Nanga Parbateko abentura arriskutsuari ekiteko.

 

1.- Igaz be Nanga Parbaten egon zinan. Zer ikasi dozu orduko esperientziatik aurtengo saiorako?

Logistikearen arloan, datak zehazteko orduan aldaketea egon da, aurten arintxuago goaz. Bestetik, Behe Kanpalekua gorago jarriko dogu, igaz ikusitakoa aintzat hartuta. Gure asmoa igaz egindakoa hobetzea da.


2.- Aurten, ganera, prestakuntza handiagoa eroango dozue, igazko inprobisazinoaren aldean, ezta?

Bai, bai. Adibidez, elikadurearen aldetik, gauza gehiago eroango doguz, hori preparetako arreta handiagoa ipini dogu. Igaz, K2ra joatekoak ginan, baina Gabonetan esan euskuen baimenik ez genduala eukiko eta 15 egunean preparau behar izan genduan Nanga Parbatekoa. Denpora horretan ezin dozu neurri horretako erronka bat ondo antolatu. Inprobisazino horrek eragina euki eban: Beharrezko gauza asko ez genduzan eroan, inprobisazino handia egon zan. Hori bai, alpinismoak zeozer badauka, inprobisazinoa da, beti euki behar da A plana, B plana eta C, D eta behar diran guztiak.

Nik ziurtasun bako egoerei aurre egiteko modu bat daukat: Esaterako, 6.500 metroan banago, 30 gradu zero azpitik, ba nik pentsetan dot, hemendik urten behar dogu, eguraldiak okerrera egingo dauelako, baldintzak oso gogorrak izango dira. Beti txarrenean pentsetan dot, zelan aurre egin jakiteko. Inprobisazinoa eten barik egiten da mendian. Eguraldia, adibidez, ezin da aurretik preparau, faktore asko ez dagoz gure menpe eta gauzak ez dira urteten beti gura dogun moduan. Matematikarik ez dago, hau ez da futbol partidu bat, 90 minutukoa.


3.- Ganera, zuena neguko igoerea izango da. Neguan igoteak ze zailtasun gehigarri dakarz mendizalearentzat?

Hasteko eta behin, ekonomia arloan, gastu handiagoa. Hiru bider handiagoa izaten da neguko espedizino bateko aurrekontua. Zamalari batek, udan, 4.000 errupia kobretan deutsuz, 40 euro baino gitxiago. Neguan, ostera, 12.000 kobretan dau bakotxak.

Alor fisikoan be oso exijentea da, horren tenperatura bajuetan lan egitea, oso baldintza gogorrak egoten dira. Benetan, gorputzerako zigor gogorra izaten da. Desgaste itzela da.


4.- Nanga Parbat, ganera, inork ez dau neguan igon. Zerk egiten dau horren arriskutsu eta eskuraezin neguan?

Nanga Parbat Himalaian dago, Pakistanen, baina nahiko isolatuta dago. Inguruan badaukaz mendiak, baina ez dira horren altuak. Orduan, eguraldi oso aldakorra dauka. Nik uste dot Nanga Parbat neguan ez dala igon eguraldi aldakorragaitik eta, agian, suberte txar apur bat be egon dalako. Talde asko 7.500 metrotik gora geratu gara, baina ezin izan dogu goraino heldu.


5.- Berezitasun bat badauka zuen proiektu honek: Aklimatazinoa munduaren beste muturrean egiten zabilze, Argentinan. Zergaitik zoaze horren urrunera?

Udagoien amaieran egotetik udan egotera pasau gara. Baldintzak, eguraldia, hobeak dira. Argentinan mendi garaiak dagoz, 6.900 metroko kotan dagoz. Bertan gorputzak egokitu nahi doguz, egunez egun, desgaste handi barik aklimatazino puntu hori lortu nahi dogu. Holan saihestuko dogu larregizko desgastea Pakistanen. Ze Argentinan erosoago gabilz, janaria hobea da eta trankilago gagoz, Himalaian topauko dogunagaz alderatuta.


6.- Nanga Parbatera hiru taldekidegaz zoaz, danak eskarmentu handiko mendizaleak.

Bai, zoritxarrez Ferran Latorre katalana ezin izan da etorri, azken orduan bestelako kontu batzuk sortu jakoz. Gugaz, oraingoan, Janusz Golab poloniarra dator, tipo jatorra eta eskalatzaile bikaina. Italiatik Daniele Nardi dator, berarentzat laugarren negua izango da hau Nanga Parbaten. Azkenik, Ali Sadpara mendizale pakistandarra eta ni neu goaz.


7.- Ali Sadparak, igazko espedizinoan, osasun arazo larriak euki zituan Nanga Parbaten, altuereagaitik. Gogotsu dago hara bueltetako?

Ba oso inplikauta dago espedizinoan, adibidez gasa ezin dogu hemendik hegazkinean eroan eta berak danontzako erosiko dau, aklimatazinoa be gogotsu egiten dabil. Oso sartuta dagoala ikusten dot. Beste taldekide baten modukoa da, eta hori oso gauza ederra da.


8.- Aurten, igazko moduan, Diamir isurialdetik igongo dozue Nanga Parbatera. Zergatik aukeratu dozue bide hori?

Igaz egon ginan bertan, lan txukuna egin genduan eta bidea ondo ezagutzen dogu. Nahiago dogu hortik jo, sokak eta ekipamendua barriro ipiniaz. Behin leku bat ezagututa, ez dot uste aldatzen hastea aproposena danik.


9.- Teknika aldetik, zelako igoerea egingo dozue?

Hirugarren kanpalekutik gora estilo alpinoan igoteko asmoa daukagu. Horra arteko zailtasun tekniko guztiak pasetako sokak ipiniko doguz, guk geuk ipiniko dogu sokea, guk geuk ekipauko dogu guztia eta, ahal bada, amaitutakoan material guztia kendu eta bajatu egingo dogu.


10.- Nanga Parbateko tontorrera heltzea da helburua, jakina. Horrezaz gan, ze beste asmo daukazue?

Urratsez urratseko ibilbide baten parte da hau niretzat. 2003an 8.000 metroko lehenengo mendia igon neban, gero Al Filo programan hasi nintzan lanean, telebistarako, Edurne Pasabanen espedizinoetan laguntzen. 2010ean amaitu genduan hori eta 2011n zortzimilakoak egiten buru-belarri sartu nintzan. Erronka hau garapen horren parte da.

Ganera, mendian disfrutau nahi dogu. Mendian lan egitea, mendiaz disfrutetea, horixe da gustetan jakuna, mendian ibili eta eskalatzea. Ganera, neguaren gogortasuna sentidu, dastatu gura dot. Ahal bada, baldintzak izan daitezala negukoak, baina politak. Behintzat Nanga Parbatek aukerea emon deiskula.


11.- Beste lau espedizino be badoaz Nanga Parbat ingurura aurtengo neguan. Badirudi zuek igaz ia-ia tontorrera heldu izanak eredua sortu dauela...

Bai, eta gure ostean beste espedizino bi be oso gora heldu ziran. Mendizaletasunaren mundu honetan badagoz herrialde batzuk, Italia eta Polonia esate baterako, eskalatzaile oso onak daukiezanak, eta normala da holako proiektuak sortzea. Danok hasi gara holan, ni neu be bai, beste eskalatzaile batzuen pausuei jarraituta. Igaz aukera barri bat zabaldu genduan eta uste dot horregaitik aurten bost espedizino egongo garela han.


12.- Zuen atzetik, bide beretik, beste hiru espedizino joango dira Nanga Parbateko tontorraren bila. Hor badozu zuk kezka bat, zergatik?

Ba, hara, nik esango neuke gaur egun munduan persona bi baino ez dagozala Nanga Parbatera estilo alpinoan igoteko erabat preparauta, Ueli Steck suitzarra eta Denis Urubko errusiarra eta ez dira Nanga Parbaten egongo aurten. Halandabe, talde batzuek iragarri dabe estilo alpinoan igongo dabela eta, posible dan arren, uste dot aukera txikia daukiela. Orduan, guk igazko lanaren modukoa egiten badogu, atzekoek sokak eukiko ditue eta bidea ekipauta, geuk ekipauta. Gaur egun, onartuta dagoan gauza bat da aurrekoaren lana aprobetxetea tontorrera heltzeko, norberak ezer ez egin arren, bide arruntetan. Baina era honetako igoera baten, neguan, uste dot errespetua euki behar jakola besteen lanari. Espedizino batek esan dau soka finko barik igongo dauela gure bide berberetik. Behin guk lana eginda, atzetik etorriko dira. Ez da holako zeozer pasetan jakun lehenengo aldia. Askotan mendiak ekipetan dozuz eta orduan hasten da jentea etorten.


13.- Halandabe, holako arazoak beste espedizinoakaz berba eginda konpondu nahi dozuez, ezta?

Bai, bai. Berba egiteko prest gagoz beti. Ezbeharren bat pasetan bada be, ni hor beti egongo naz, beste espedizinoetakoei laguntzen. Mendian balore batzuk dagoz eta horreei segidu behar deutsegu, baina mahai ganean ukabilkadea emon behar bada, emongo dogu.


14.- Nanga Parbat neguan igoten lehenengoa izango bazina, zer sentiduko zeunke?

Egia esan, horretan ez dot pentsau nahi oraindino. Momentuz, Argentinan ondo pasau nahi dot, bueltea ona izan daitela eta gero egunez egun joan nahi dot. Batez be espedizinoaren baloreak azpimarratu nahi dodaz. 2010ean itxi neutsan Edurne Pasabanen taldean laguntzeari eta ibilbide barriari ekin neutsanetik, konpromisoa, lagunen lagun izatea bilatzen dot. Era honetako espedizinoetan bakarrik sortzen diran sensazinoak dira.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu