Traba bako munduko azken bazterra

Zigor Aldama 2015-12-11 14:34   Bidaide

Mongoliako estepa amaierabakoan aberia bat izatea lako esperientzia gogaikarriagorik ez dago. Lur orotarikoak martxan jarri gura ez dauenean, hasieran irribarretxua egingo dogu eta Frantziaren azalerearen hirukotxa dauen herrialde erraldoi, basati baina eder honen erdian, isiltasunaz gozauko dogu.

Mongoliako estepa amaierabakoan aberia bat izatea lako esperientzia gogaikarriagorik ez dago. Lur orotarikoak martxan jarri gura ez dauenean, hasieran irribarretxua egingo dogu eta Frantziaren azalerearen hirukotxa dauen herrialde erraldoi, basati baina eder honen erdian, isiltasunaz gozauko dogu. Baina berehala jaubetuko gara planetako biztanle gitxien dauen lurraldea dala, izan be, hiru miloe eskas bizi dira Mongolian eta horreetatik miloe bat inguru Ulan Bator uriburuan.

Lau puntu kardinaletara begiratu eta amaiera jakinik bako kilometroak eta kilometroak izango doguz aurrean, zelai berde, gorri-hori edo zuriak. Baina arimarik be ez da agiri. Asko jota, zerumugan puntu baltz edo zuriak baino ez doguz ikusiko, zaldi basatiak edo libre dabizan artaldeak. Horregaitik, orduak aurrera joan ahala, ardurea gero eta handiagoa da. Eguzkia mendi artetik desagertzen da, izarrak indarra hartzen doaz zeruan eta tenperaturea behera doa nabarmen. Zorionez, Mongoliako gidariak oso trebeak dira eta ezusteko aberia drama etxurea hartzen hasten danerako, Land Cruiser lur orotarikoa eztulka hasi eta berehala orro egin eta martxan jarten da.

Lehenengo gizakia topetako berrogeita hamar bat kilometro baino gehiago egin behar dira estepan zehar baina pozarren hartuko ditu galdutako bisitariak eta ger, Mongoliako yurta tradizionalera bideratuko ditu. Gau baltz-baltzean nahikoa urrun dagoan argitxu bat baino ez da baina benetan argi egiten dauena, benetan deigarriena, mongoliarren izakera abegitsua da. Bost sartzen diran lekuan, zortzi sartzen dira, lurrean baino ez bada be danantzako lekua dago. Eta jatekoa. Baita vodkea be.

Familiako aita Damb Batnasan da eta ama, barriz, Batsuren Tsetsegmaa. Neguko oporretan dagoz umeak eta bikoteagaz batera, euren bi alabak dagoz,  Margaderdene eta Aminerderne. Baian ez dira bakarrak. Umeen lagunak be bisitan dagoz eta, beraz, ger horretan ez dago beste inor sartzeko lekurik. Edozelan be, jente pilaketa hori ez da txarra, kanpoan zeropetik 35 graduko tenperaturea dago eta hotza astintzeko dana dator ondo. Barruan berogailua badago, behi-pekorotzak erreten dituana eta giro ederra dago baina lotara joakeran gauean tenperaturea behera joaten da eta hor izango dira komediak... Duda barik, mongoliarrek asko estimetan dabe giza-berotasuna baina alkoholari be ez deutsie uko egiten eta makinatxu bat trago hartuta joaten dira lotara.

Gehienok upealako burukominagaz altzauko ginateke hurrengo goizean baina Batnasan familiakoei ez jake ezelako biharamun arrastorik igarten. Ganera, Damb eta bere alaben lagunak eguna argitu orduko altzau dira behiak eratsi eta ardiak hesitik ateratzeko. Mongolia lurralde gogor eta gaiztoa da baina barria, garbia, hutsa eta hesirik bakoa be bai. Lautada zabal eta mendi malkartsuetan planetako azken nomadak bizi dira, urbanizazinoaren indarrari eta egoneko edo mobimentu gitxiko jarrereari uko egiten deutsienak. Damben antzera pentsetan dabenak gehiengoa dira eta badakie trashumantzia eurekaz batera hilko dala baina bien bitartean biziteko filosofia horri eusten deutsie.

500 abelburu daukaguz eta 30 zaldi. Urtaro bakotxean larre hobeen bila joaten gara baina ez oso urrun kontau deusku anfitrioiak. Bizimodu arrunta baina gogorra da gurea, natureagaz bat eginda gagoz. Horregaitik, gure alabek gurago dabe uria. Argindarra, telebista eta DVD irakurgailua be jarri doguz gustora egon daitezan baina jente gehiagogaz hartu-emonak behar ditue... Hurren dagoan auzokoa 20 kilometrora dago, atara kontuak.... Aitaren ondoan, alabea konekzinoa atrapau guran dabil Samsung smartphone tramankuluagaz, Mongolian mezu trukerako Viber aplikazino ezaguna aktibau guran. Faltan hartzen dodaz dino teknologiagaz burrukan dabilen bitartean.

Familiaren ger horretatik hurren dagoan herria Zaamar da, meatzaritzan indar handia dauen herria. Kaleak hautsez beteta dagoz eta egurrezko etxeak kolore askotan margoztuta dagoz baina Batnasan familiako alabentzat jente gehiagogaz hartu-emonak izateko aukerea dago bertan; nerabezaroan, sano garrantzitsua da hori baina gu lako bidaiariontzat denporan atzera egitea da familia isolatu horregaz emon doguzan orduak. Gizakiak naturearen pentzutan dagoz eta ingurumena errespetetea ezinbestekoa da eurentzat. Natureak emoten deusku biziteko behar dogun guztia eta derrigor jagon behar dogu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu