Euskal Etxea zabaldu dabe Bristolen, Ingalaterra hego-mendebadeko euskaldunak batzeko

Bizkaie! 2015-12-10 11:25

Egunotan hasi da martxan Bristoleko Euskal Etxea, Erresuma Batuan. Ingalaterra hego-mendebaldean bizi diran euskaldunak batzea da euren helburua eta baita Bristolen euskal kulturearen barri emotea be. Oraintsu Ingalaterrara heldutako euskaldunak zein han urte asko daroezenak dagoz alkarte barrian. Gitxienez hile bian behin ekitaldi bereziren bat antolatzeko asmoa daukie.

Egunotan hasi da martxan Bristoleko Euskal Etxea (Bristol Basque Cultural Society), Erresuma Batuan. Ingalaterra hego-mendebaldean bizi diran euskaldunak batzea da euren helburua eta baita Bristolen euskal kulturearen barri emotea be. Oraintsu Ingalaterrara heldutako euskaldunak zein han urte asko daroezenak dagoz alkarte barrian. Gitxienez hile bian behin ekitaldi bereziren bat antolatzeko asmoa daukie.

Kide gehienak Ingalaterrara lan kontuakaitik joandako euskaldunak dira. Alkarren alboan dagozan Bristol eta Bath uriak dira Euskal Etxe barriaren ardatza, baina Ingalaterra hego-mendebalde guztiko jentea erakarri nahi leukee. Galeseko Cardiff uriburua be ez dago urrun.

Egunotan egin dabe Bristoleko Euskal Etxearen aurkezpen ofiziala eta zuzendaritza taldeko kideak aukeratu ditue. Dana dala, taldea sortzeko hasikerako pausuak orain dala urtebete ingurutik datoz. Inguruko euskaldunentzako taldea sortu eben Facebook sare sozialean eta hori izan zan Euskal Etxe barriaren sorburua.

Bristol eta Batheko Euskal Etxeak inguruko euskaldunak ez eze, euskal jatorririk bako edozein persona be onartuko dau. Izan be, Ingalaterran euskal kulturearen eta euskerearen barri emotea be bada euren helburuetako bat. Euskal Herriaren erakusleiho izan nahi dabe.

Ekitaldiak antolatuko ditue lantzean behin. Gitxienez hile bian behin zeozer egitea da asmoa. Holan, Santa Agedako koplak, sagardotegia, mus txapelketak eta antzeko ideak buruan darabilez. Urtean behin Euskal Asteburua antolatu nahi dabe, musika, zinema eta abarregaz.

Bristoleko Euskal Etxea martxan dago baina oraindino ez dauka logotiporik. Horregaitik, euren ikurra aukeratzeko lehiaketea martxan ipini dabe. Lehiaketara aurkezten diran proposamenetan, ezinbestekoa izango da Euskal Herriari eta Bristoli erreferentzia egiten deutsen elementuak sartzea. Irabazleari sari sorpresea emongo deutsiela agindu dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu