Aldizkari asko itxurea barrituta heldu dira Durangoko Azokara
2015-12-08 15:03 KultureaEuskerazko aldizkari askok formatua aldatu dabe azkanaldion eta horreek ezagutzeko aukerea dago Durangoko Azokan. Gaztezulo gazteen aldizkaria, Euskal Idazleen Alkartearen Hegats eta Argia, hirurek dakarre aldaketea. Itxuran ez eze, maminean be erabarrituta datozala agindu dabe.
Euskerazko aldizkari askok formatua aldatu dabe azkanaldion eta horreek ezagutzeko aukerea dago Durangoko Azokan. Gaztezulo gazteen aldizkaria, Euskal Idazleen Alkartearen Hegats eta Argia, hirurek dakarre aldaketea. Itxuran ez eze, maminean be erabarrituta datozala agindu dabe.
Gaztezulok diseinu dinamikoagoa dauka orain, Aitor Abaroa zuzendariak Durangon emondako berbaldian azpimarratu dauenez. Letra tipo eta tamainu finkoak eta zutabe zurrunak euki beharrean, erreportaje edo alkarrizketa bakotxaren arabera moldatu ahal izango ditue orriak orain. Esaterako, musika talde batzuek euren grafismoa oso landuta daukie, zergatik ez aprobetxau hori gure tituluetarako?, dino Abaroak. Irudiari garrantzia handia emoten deutsie Gaztezulon eta diseinu barriagaz alderdi hori modu libreagoan landu ahal izango dabe.
Mantxetea, azalean agiri dan ikurra be, aldatu egin dau Gaztezulok. Orain gardena da eta aldizkariko edukin nagusien barri logotipoagaz batera emoten da, azalaren ganerako guztia argazki nagusiari lagatzeko. Titularrakaz espazioa oso mugatuta geratzen izan da orain arte, diseinu barriagaz politago geratuko da, dino Aitor Abaroak. Webgunea be barritu dau Gaztezulok.
Hegats literatura aldizkarian goitik beherako aldaketea egin dau Idazleen Alkarteak. Orain arte alkarteko bazkideei begirako argitalpena izan da, baina aurrerantzean publiko guztiari zabaldu nahi deutsie. Lander Garro arduratu da Hegats barrituaren ezaugarriak pentsau eta gauzatzeaz. Azaletik bertatik igarten da aldaketea Hegats-en. Mamina be aldatu dau, baina.
Jasone Osoro Idaleen Alkarteko presidenteak Ahotsenean azaldu dauenez, begietatik sartzen dan aldizkaria egin nahi izan dabe. Edukinak be interesgarriak izatea bilatu dabe. Lander Garro editoreak azaletik bertatik diseinu erakargarria eukitea garrantzitsua dala: Euskaldunok herri umil eta lotsatia garenez, sarri produktu onak egiten doguz baina itxureari ez deutsagu arretarik ipinten; egiten dana saltzen jakin behar da.
Hurreko aldizkaria sortzen ahalegindu da Garro. Horretarako, apur bat danetarik sartu dau: Narrazinoa, poesia, kronikea eta antzerkia; emakumezko zein gizonezko autoreak; gazte nahiz helduak. Urtean behin argitaratuko da aurrerantzean Hegats, abendu bueltan eta dendetan erosi ahal izango da.
Argia aldizkariak, bestetik, ibilbide luzea dauka euskal kazetagintzan. Gaur eguneko jokeretara egokitzeko, itxurea aldatu deutsie: Txikiagoa eta dinamikoagoa da orain Argia eta barruko edukinak beste modu baten antolatu ditue. Irakurleen eretxia hurragotik segiduko dabe. Betiko legez, gaurkotasunaren begirada kritikoa topauko dau irakurleak bertan, erreportaje landu eta alkarrizketa sakonen bidez, besteak beste. Ohiko kolaboratzaleei eutsi deutsie eta, esaterako, Durangon ikusi ahal izan dogu Jakoba Errekondo. Ortuari buruzko bere aholkuek zeresan handia emon dabe azkanaldion eta Argia barrituan haren esanei lekua egin deutsie.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!