Argizaiola Sariak protagonista izango dituan 2. eguna gaur Durangoko Azokan

Bizkaie! 2015-12-05 10:43   Kulturea

Iluntzean, Azokearen momentu berezienetako bat izango da: Argizaiola Sariak banatuko diralako, Karrika Antzerki Taldeak gidatutako ekitaldi oso berezi batean. Aurten gure artean dagozan Gerediagako sortzaileek jasoko dabe Argizaiola, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Jose Luis Lizundia, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Jesus Astigarraga, Koldo Alzibar eta Arrrate Salazar. 20:00etan hasiko da, San Agustin Kulturgunean. 

Urtero legez, ateak zabaltzeagaz batera, ikasleen uriolea sartu zan Landako Gunera eta berehala bete zituen bazter guztiak. Gaur, barriz, abenduak 5, Azokearen bigarren egunean, zer ikusi eta zertan parte hartu egongo da, Landakon eta inguruetan dagozan 249 erakustoki eta guneetan. Egitaraua hemen.

Gogoetaren plazearen lehenengo eguna izango da gaur, Areto Nagusian. Bigarren urtez antolatu da jarduera hau, aurten Jakin eta Gerediagaren arteko lankidetzeari esker egingo da. Egunero gai zehatz bat izango dabe berbagi; gaur, zapatua, abenduak 5, euskal kulturearen ikusgarritasuna izango da gaia. Alberto Barandiaranen gidaritzapean, goizean Andoni Egaña eta Asisko Urmenetaren txandea izango da; arratsaldean, barriz, Eider Rodriguez, Fermin Etxegoien eta Koldo Almandozena.

Kabi@ gunearen domo ikusgarrian, bideo-joko ekatxa izango dabe 10:30ean, Gamerauntsiaren eskutik. Etxeko txikientzat, ostera, aurkezpen interesgarriak izango dira Saguganbaran. 17:00etan, berbarako, Jokin Mitxelena eta Pello Añorgaren Munstroek ere pixa egiten dute ohean aurkezpena egongo da.
 
Irudienean Kameratoia euskerazko ikus-entzunezkoen rallya hasiko da, 10:30etik aurrera, eta parte-hartzaileak 50 ordu izango ditue euren pelikulea sortzeko. 19:00etan, Asier Altunaren Amama film arrakastatsua proiektauko dabe.

Egunero legez, Ahotsenean makina bat sortzaile batuko dira zuzenekoen karpan eta Landako barruan dagoan solasaldien txoko ederrean. Karpan Lain, Xutik, Arkada Social, Eratu eta Hesian lako taldeak izango doguz oholtzan. Barriketaldietan, ostera, Bernardo Atxaga, Iñaki Petxarroman, Gotzon Barandiaran eta Jasone Osoro izango doguz, besteak beste.

Szenatokiaren kasuan, kafiek eta berbak izango dira protagonista. Euskal Herriko hainbat antzerki eskolen topagunea izango da 12:00etatik aurrera. Iluntzean, Azokearen momentu berezienetako bat izango da: Argizaiola Sariak banatuko diralako, Karrika Antzerki Taldeak gidatutako ekitaldi oso berezi batean. Aurten gure artean dagozan Gerediagako sortzaileek jasoko dabe Argizaiola, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda, Jose Luis Lizundia, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Jesus Astigarraga, Koldo Alzibar eta Arrrate Salazar. Edozelan be, sortzaileen taldean izan ziran ganerakoak ahaztu barik, Jesus Maria Astola, Bixente Kapanaga, Julian Berriozabalgoitia eta Salvador Solaegi. 20:00etan hasiko da, San Agustin Kulturgunean.

Azkenik, gauero lez, eguna Plateruenan amaituko da eguna, izan be, Iheskide taldeak bere azken lana aurkeztuko dau 23:00etatik aurrera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu