Europa iparraldeko eta Estadu Batuetako liburutegi digitalen pare dago Jaurlaritzearen eLiburutegia

Dabi Piedra 2015-11-25 12:31

Urtebeteko ibilbidea egin dau Euskadiko Liburutegi Digitalak, eLiburutegiak, eta Eusko Jaurlaritzea pozik agertu da zerbitzu horrek euki dauen arrakasteagaz. 27.000 liburu digital baino gehiago maileguan emon ditue. Laster, 10.000 titulu eskaintzera helduko dira. Webgunea barritu dau, ganera, eLiburutegiak, eta Antton Olariagak egindako logotipo barria estreinau dau.

Urtebeteko ibilbidea egin dau Euskadiko Liburutegi Digitalak, eLiburutegiak, eta Eusko Jaurlaritzea pozik agertu da zerbitzu horrek euki dauen arrakasteagaz. 27.000 liburu digital baino gehiago maileguan emon ditue. Laster, 10.000 titulu eskaintzera helduko dira. Webgunea barritu dau, ganera, eLiburutegiak, eta Antton Olariagak egindako logotipo barria estreinau dau.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek, Jaurlaritzako Liburutegien Zerbitzuko buru Francisca Pulgarrek eta Kultura Ondarearen zuzendari Imanol Agotek agerraldia egin dabe Bilbon, eLiburutegiaren lehenengo urteurrena dala eta. Orain artekoaren balantzea egin dabe eta aurrera begirakoak zehaztu. Lehenengo urteak emondakoagaz pozik dago Jaurlaritzea eta zerbitzua zabaltzen segiduko dau datozan hileetan, liburu gehiago eskainita eta diasporako euskaldunakana helduta.

Logotipo eta webgune barriak daukaz eLiburutegiak. Antton Olariagak marraztu dau liburutegi digitalaren irudia. Liburugintzeagaz eta irudien munduagaz oso lotuta dago Olariaga eta artista aproposa da logotipoa egiteko, adierazo dau Joxean Muñozek. Webguneari jagokonez, orain edozein gailutatik konsultetako moduan ipini dabe. Ganera, liburuen ganeko eretxia emon leikee irakurleek, baita eLiburutegian egotea nahiko leukeen tituluak proponidu be.

Abendu amaierarako 10.000 liburu digital eukitera heldu nahi dau eLiburutegiak. Zenbaki biribila ez eze, hori mugarri garrantzitsua dala azaldu dau Muñozek: 10.000ko kopurutik gora, liburutegi bat osoa eta kalidade handikoa dala esaten da. Eskaintzeari eta honen kalidadeari begiratuta, Europa iparraldeko eta Estadu Batuetako liburutegi digitalen pare dagozala azpimarratu dau Muñozek, hau da, alor horretan aurreratuen dagozan herrien pare.

Urtebetean, 7.000 erabiltzaile baino gehiagok hartu dabe libururen bat maileguan. Guztira, 27.000 mailegutik gora egin dira. Deigarria da, euskerazko liburuek liburutegi arruntetan baino arrakasta handiagoa daukiela. Gehien mailegatu diranen zerrendan, euskerazko hiru dagoz lehenengo hamarretan, Alberto Ladron de Aranaren bi eta Karmele Jaioren bat.

Irakurleak pozik dagoz, euskerazko liburu digital guzti-guztien eskaintzea gune  bakar baten daukielako, horrek gehiago irakurtera bultzatzen ditu, azaldu dau Francisca Pulgarrek.

Joxean Muñozek adierazo dauenez, eLiburutegia ez da liburuak maileguan hartzeko plataforma hutsa. Ohitura aldaketa bati erantzuten deutsagu, teknologia barriek ekarri dituen barrikuntzei erantzuna emon nahi deutsagu. Euren eredua oso egokia dala dino Muñozek, irakurleek ez eze, argitaletxe eta idazleek be etekina lortzen dabelako. Horregaitik, 180 argitaletxe baino gehiagok bat egin dabe eLiburutegiagaz. Argitaletxeek jarrera bikaina euki dabe, asko lagundu deuskue.

Liburu digitalak edonoren eskura ipinteaz gan, irakurle digitalen, erakurleen, sarea sortu nahi dau eLiburutegiak. Etenbako alkarrizketea sortu nahi dogu, sare sozialen bidez, irakurketa talde digitalen bidez... dino Muñozek.

Lehenengo 12 hileetako balantzean, datu deigarri batzuk be badagoz. Esate baterako, ohiko irakurle taldeetan emakumeak gizonak baino gehiago dira, baina eLiburutegian gizonek mailegu gehiago hartzen ditue. Teknologia barriak erabilteko ohiturakaz lotuta egon leiteke datu hori. Bestetik, mailegu gehien hartzen dituen udalerrien zerrendea be argitaratu dabe. Lehenengo hiru postuetan, Bilbo, Gasteiz eta Donostia dagoz eta, laugarren, Getxo. Eibar da bostgarren, Durango seigarren, Barakaldo zazpigarren eta Arrigorriaga zortzigarren.

Aurrera begira asmo ugari daukaz eLiburutegiak. Lehenik eta behin, abenduan, Durangoko Azokan erakusmahaia ipiniko dau Euskadiko Liburutegi Digitalak. Durangaldeko liburuzainek bertara hurreratzen diran guztiei laguntzinoa emongo deutsie. Sareko kide egiteko txartela eta pasahitza emongo deutse eskatzen dabenei. Deskargak egiteko modua be emongo dabe.

2016aren amaierarako, 15.000 tituluko mugarrira heldu nahi dau eLiburutegiak. Era berean, zerbitzua Euskal Autonomia Erkidegoaren mugetatik atara eta diasporako euskaldunei zabaldu nahi deutsie. Holan, mundu zabalean bizi diran euskaldunek be izango dabe eLiburutegiko eskaintzaz disfrutetako modua. Gaur egun eskaintzearen zatirik handiena gaztelaniazko eta euskerazko liburuak dira, baina beste hizkuntza batzuetakoak ugaritu nahi ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu