Durangoko Azokearen 50 urteko ibilbidea liburu baten batu dabe

Dabi Piedra 2015-11-24 12:56   Kulturea

Joseba Sarrionandia, Jesus Mari Arruabarrena eta Txelu Angoitia arduratu dira liburu mamitsu baina dibulgatibo hau egiteaz. Durangoko Azokearen 50 urteko historia testuinguruan kokatu, lekukotzen bidez mugarri nagusiak zehaztu eta irudietan batu dabe azokearen egunerokoa. 

Joseba Sarrionandia, Jesus Mari Arruabarrena eta Txelu Angoitia arduratu dira liburu mamitsu baina dibulgatibo hau egiteaz. Durangoko Azokearen 50 urteko historia testuinguruan kokatu, lekukotzen bidez mugarri nagusiak zehaztu eta irudietan batu dabe azokearen egunerokoa. Liburua euskeraz idatzita dago baina, amaieran, gaztelaniazko itzulpena ipini deutsie. 50 urteko ibilbidea batu nahi izan dogu, hurrengo 50 urteetako historia idazten hasteko, adierazo dau Gerediaga alkarteko Aitziber Atorrasagastik.

Durangoko Azoka, 1965-2015 lanak hiru ikuspegi edo uniberso batzen ditu liburu bakarrean: Joseba Sarrionandiaren testuak batetik, Jesus Mari Arruabarrenaren analisia eta alkarrizketak bestetik eta, amaitzeko, Txelu Angoitiaren irudizko begiradea, 200 argazki baino gehiagogaz. Azala Jose Luis Zumetak diseinau dau, aurtengo azokako kartelean oinarrituta.

Liburu bisuala da, maketazino erakargarria dauka, azaldu dau Aitziber Atorrasagastik, gozau eta gordeteko liburua da. 255 orrialdeko liburua da, mardula, baina gustora irakurtekoa, Gerediagakoen esanetan. Saiakerea balitz legez idatzita dago, helburu dibulgatiboagaz. Azokearen 50 urteko historia zehaztasunez batzea izan da asmoa, orain arte egin ez dan zeozer, Gerediagakoek adierazo dabenez.

Lehenengo zatia Joseba Sarrionandiak idatzi dau. Bost hamarkadatako ibilbidea azaldu dau bertan, Mundutik azokara izenburupean. Fikzinotik urrun, benetako jazoerak kontetan ditu Sarrionandiak, Azokea martxan egon dan 50 urteotako kontestu politiko, sozial eta kulturala azaltzeko. Azokeari markoa ipini deutso, saiakera sakon eta ausart baten bidez, dino Txelu Angoitiak.

Hurrengo zatian, Jesus Mari Arruabarrenaren testuak eta Txelu Angoitiaren argazkiak dagoz. Arruabarrenak, Azokearen historia azaltzeko, hamar lagun alkarrizketatu ditu, luze eta zabal. Artxiboan be ibili da ikerlanean. Azokearen sorrerea eta eboluzinoa topauko ditu irakurleak, zehaztu dau. Disko eta Liburu Azokea izatetik Euskal Kulturearen Plazea izatera zelan pasau zan be azaltzen dau Arruabarrenak.

Azokearen historia oztopoz beteta dagoala ikusi ahal izan dau Arruabarrenak, bere azterlanak erakusten dauenez. Gerediaga alkarteak beti aurrera egiten jakin izan dauela azpimarratu dau berak. Ganera, oztopo batzuek onurak be ekarri ditue gero; esate baterako, 1975ean gobernadore zibilak azokea eleizpean egitea galarazo ebanean, Merkadu plazara jo behar izan eben antolatzaileek eta orduan jaubetu ziran ha espazioa egokiagoa zala.

Txelu Angoitiak argazki ugarigaz hornidu dau kontaketea. Azokearen alde ezkutua jaso dot, azokea askotarikoa dala erakusteko, azaldu dau Angoitiak. Era berean, azokako 50 edizinoetako kartelak eta errepaso kronologiko bat be sartu ditue. Liburua biribiltzeko, euskerazko testuen gaztelaniazko itzulpena sartu dabe amaieran.

Liburua Durangoko Azokan salgai egongo da, 20 euroan, Gerediagaren mahaian. Ondoren, liburudendetan be salduko dabe, euro bi garestiago. Danetara, 2.000 ale argitaratu ditue. Euskal kulturea eta azokea bera barrutik ezagutzen eta ulertzen laguntzen dauen liburua da, Gerediaga alkartekoek ziurtatu dabenez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu