'Bidaiarien Txokoa' ekimenak berbaldiak, dokumentalak eta musikea eskainiko ditu Bilbon

Bizkaie! 2015-11-20 11:58

Bilboko Udaleko Kultura Sailak bidaien eta abenturearen hurreko ikuspegia eta desbardina eskainiko dau, barriro be, zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, Bidaiarien Txokoa programearen bitartez, berbaldi, dokumental eta musikearen bitartez. Barrikuntza legez, ohikoa dan Begoñako uri zentroagaz batera, Santutxukoa be izango da egitasmoaren hamabigarren edizinoko ekintzen agertokia.

Bilboko Udaleko Kultura Sailak bidaien eta abenturearen hurreko ikuspegia eta desbardina eskainiko dau, barriro be, zemendiaren 23tik abenduaren 3ra, Bidaiarien Txokoa programearen bitartez, berbaldi, dokumental eta musikearen bitartez. Barrikuntza legez, ohikoa dan Begoñako uri zentroagaz batera, Santutxukoa be izango da egitasmoaren hamabigarren edizinoko ekintzen agertokia.

Antolakuntzeak jakinarazo dauenez, zemendiaren 23tik aurrera, euren bizitza esperientziagaitik edo egindako bidaien emoitzakaitik beste mueta bateko ikuspegia eskainiko daben personak izango dira protagonista. Begoñan eskainiko diran berbaldiakaz batera, ikus-entzunezko emonaldiak be egongo dira, protagonistek eurek azaldutakoak.

Berbaldiak datorren astean hasiko dira. Alde batetik, zemendiaren 23an, Iker eta Eneko Pou anaiek 2014ko udabarrian Himalaian dagoan Baghirathiko mendikatera egin eben espedizinoa kontauko dabe. Bestalde, Patricia Jiménezek gaur egun oraindino oso polemikoa dan gaia landuko dau zemendiaren 25ean, bakarrik bidaiatzen daben emakumeen gaia, hain zuzen be. Gai hori jorratzen dauen bloga egin dau, eta bildurrak, dudak, gizartearen presinoa eta segurtasun faltea aitatuko ditu, danak be, emakumeek, bakarrik bidaiatzen dabenean topetan dituen oztopoak.

Berbaldien zikloak familian egindako munduari itzuli bat be jasoko dau, emazteagaz eta bi alaba txikiakaz bidaia horri ekitea erabagi eban Roberto Salazarren eskutik. Azkenik, Osvaldo Naviak 2015ean bizi izan dauen esperientzia konpartiduko dau ikus-entzuleakaz: 5.000 kilometro bizikletaz Ruta 5 izeneko errepide Panamerikarretik.

Berbaldi zikloagaz batera, Santutxuko uri zentroak ikus-entzunezkoen hiru emonaldi eskainiko ditu, zemendiaren 24an eta 26an eta abenduaren 2an. Horreetan, aurretik Zinebi eta Mendi Film Festival jaialdietan parte hartu daben zenbait film eta dokumental eskainiko dira. Lanak nazinoarte mailakoak dira, eta mendia, surfa edota natura basatia moduko gaiak jorratzen ditue, besteak beste.

Egitaraua osotzeko, batez be umeei zuzendutako jarduera bat izango da: Mundureando con Faustina, Eneko Etxebarrietak lau urtez 32 herrialdetan zehar 46.000 kilometro bizikletaz eginez izan eban esperientzian oinarritutako ipuin kontakizun bitxia da. Emonaldia zemendiaren 27an izango da, Santutxun, 19:30etik aurrera.

Bidaiarien Txokoa egitasmoaren edizino honetako programazinoa abenduaren 3an amaituko da, 19:30ean, Bab Sharqi bikoteak eskainiko dauen kontzertuagaz. Melodías en la ruta de la seda izeneko emonaldiak musika bidaia bat eskainiko deutse ikus-entzuleei, Ekialde Ertaineko kultura, musika eta erritmo aberastasuna erakusteko. Errepertorioan melodia arabiarrak, otomanoak eta persiarrak jasoko dira, laute arabiarra, rugab afganoa, tar iraniarra edo tombak persiarra lako musika tresnakaz interpretautakoak.

Aurreko hamar edizinoetan, Bidaiarien Txokoa egitarauak erantzun bikaina jaso dau, herritarren partaidetezari jagokonez, eta holan, azken edizinoan, esaterako, 1.500 lagun inguru batu zituan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu