Bilbo grabaduaren uriburu bihurtu nahi dabe FIG Arte Azokako antolatzaileek

Dabi Piedra 2015-11-13 14:10   Kulturea

Zemendiaren 19tik 22ra, Euskalduna Jauregian, papel ganeko grabaduen eta artearen nazinoarteko azokea, FIG Bilbao, egingo dabe laugarrenez. Bertoko eta kanpoko 60 galersita eta banatzaile baino gehiago batuko dira. Ganera, asteotan, jarduera ugari programau ditue Bizkaiko museoetan. Horregaz guztiagaz, Bilbo eta Bizkaia grabaduaren nazinoarteko erreferentzia bihurtu nahi ditue.

Zemendiaren 19tik 22ra, Euskalduna Jauregian, papel ganeko grabaduen eta artearen nazinoarteko azokea, FIG Bilbao, egingo dabe laugarrenez. Bertoko eta kanpoko 60 galerista eta banatzaile baino gehiago batuko dira, 300 artista ingururen obrakaz. Ganera, asteotan, jarduera ugari programau ditue Bizkaiko museoetan. Horregaz guztiagaz, Bilbo eta Bizkaia grabaduaren nazinoarteko erreferentzia bihurtu nahi ditue.

Victor del Campo FIG Bilbaoko zuzendariak azaldu dauenez, Bilbo artearen uriburuetako bat da munduan, baina orain arte alor horretako feria garrantzitsuren bat faltau izan jako. FIG Bilbaok hutsune hori beteko dauela ziurtau dau. Izan be, grabaduaren azokearen aurtengo edizinoan, 60 erakusle baino gehiago batuko dira, igazkoaren bikotxa, eta herrialde gehiagoren parte-hartzeagaz. Sektorea Bilbon arretea ipinten hasi da, dino Del Campok.

Zemendiaren 19tik 22ra egingo da FIG Bilbao azokea, Euskalduna Jauregian. Bertan izango dira Bilboko galerista gehienak eta kanpotik etorritako banatzaileak. Kuba, Argentina, Mexiko eta Peru izango dira herrialde konbidaduak. Prezioetan, danentzako moduko eskaintzak egongo dira, ez da beharrezkoa izango dirutza gastetea obra bat erosteko, ziurtau dau Victor del Campok.

Artista handi guztiek landu dabe inoz grabadua, azaldu dau Del Campok. Bilboko azokan, esaterako, Richard Serra, Pablo Picasso, Toulouse Lautrec, Joan Miro eta beste askoren obrak ikusi eta erosi ahal izango dira. Era berean, artista gazteei be lekua egin nahi deutsie. Fakultadeetatik datorren artista piloari aukerea emon behar jako, euren sormen lana erakusteko plataformak sortu, azpimarratu dau Del Campok.

Bilbo eta Bizkaia grabaduaren mundu mailako erreferente bihurtzeko ahalegin horretan, eragile guztien alkarlana beharrezkoa dala uste dabe antolatzaileek. Holan, zemendiaren 19tik 22rako azokara ez da mugatuko Bilboren hartu-emona grabaduagaz. Asteotan jarduera ugari martxan ipiniko ditue Bizkaiko txoko askotan. Esate baterako, zemendiaren 20an, Bildumazaleen 2. Foroa egingo dabe, Euskaldunan. Bildumagile handiek, museoetako kontserbatzaileek eta enkante-etxeetako ordezkariek azalpenak emongo ditue bertan. Papel ganeko artea hobeto ezagutzeko giltzarriak emotea da foroaren helburua.

Era berean, berbaldiak egongo dira eta baita ardao dastaketa bat be. Guggenheim Museoan, hilaren 20an, artelanakaz ondoen lotzen diran ardaoak zeintzuk diran aztertuko dabe, adituen eskutik. Sortzaile barrien plataformea eta emakume sortzaileei eskainitako Pilar de Zubiaurre Mahaia be eratu ditue, kasu horreetan bietan Euskalduna Jauregian.

Museo eta erakuslekuek be euren aportazinoa egingo dabe. Papel ganeko arteagaz edo grabaduagaz lotutako erakusketak ikusi leitekez Itsas Museoan, Arte Ederren Museoan, EHUren Bizkaia Aretoan, Arkitektuen Bazkunaren egoitzan eta abar. Ezin da ahaztu, ganera, Getxoarten parte hartzen dabilela FIG Bilbao. Holan, grabaduaren aretoa ipini dabe Getxon eta tailerrak antolatu ditue.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu