Pop-rock melodikora jo dau Enkorek hirugarren diskoan, baina arimea manteniduta
2015-11-02 13:45 MusikeaHamar abestiko bildumea da Enkore talde bilbotarraren hirugarren diskoa, E izenekoa (Baga-Biga). Aurreko lanetako doinuak aldatu ditue eta, oraingoan, pop-rock melodikora gehiago hurreratzen dan soinua dakarre, baina kanta jantzagarriak erabat ahaztu barik. Letretan aurrerapausua egin dau Enkorek, barru-barrutik idatzitakoak dira eta. Edozelan be, E-n Enkoreren betiko arimea gorde dabela ziurtau dabe taldekideek.
Hamar abestiko bildumea da Enkore talde bilbotarraren hirugarren diskoa, E izenekoa (Baga-Biga). Aurreko lanetako doinuak aldatu ditue eta, oraingoan, pop-rock melodikora gehiago hurreratzen dan soinua dakarre, baina kanta jantzagarriak erabat ahaztu barik. Letretan aurrerapausua egin dau Enkorek, barru-barrutik idatzitakoak dira eta. Edozelan be, E-n Enkoreren betiko arimea gorde dabela ziurtau dabe taldekideek.
Urtarrilean hasi ziran Enkoreko lau kideak (Xabi Hoo, Urtzi Iza, Aitor Gallastegi eta Alvaro Olaetxea) disko barriko abestiak sortzen. Beraz, ziztu bizian egindako diskoa da euren diskografiako hirugarrena. Arin egin dogu diskoa, baina ez presaka, zehaztu dau Urtzi Izak. Kantuek, urten ahala, funtzionau egiten izan dabela ikusi dabe taldekideek eta, hortaz, hasieran bost kanta inguruko diskoa buruan erabili arren, hamar sartu ditue E-n.
Estilo aldetik garapena euki dau Enkorek, lehenengo disko biakaz alderatuta. Xabi Hoo taldekideak azaldu dauenez, ez atzera ez aurrera ez geratzeko hartu dabe estiloa aldatzeko eta gauza barriak bilatzeko erabagia. Badakie arriskutsua dala hori, lehengo zale batzuk galdu leikezelako, baina beste publiko barri batzuetara helduko diralakoan dagoz. Ganera, Enkoreren arimea disko barrian be nabaria dala azpimarratu dabe.
Hardcore melodikotik pop-rock doinuetara salto egin dabe E-n. Melodiek pisu handia daukie oraindino Enkoreren musikan. Erritmo jantzagarriak be ez ditue ahaztu eta dance estiloaren zertzeladak dagoz kanta batzuetan. Halandabe, ez dabe nahita bilatu diskoak pieza jantzagarriak izatea. Holan urten dau, dino Xabi Hook.
Letrei jagokenez, aurrerapausua egin dau Enkorek. Aurreko diskoetakoen antzeko gaiak landu ditue E-n, baina berbak sakonagoak dira, landuagoak. Barru-barrutik idatzi dogu, azaldu dau Hook, pazientzia handiz idatzi dogu, zer esan eta zelan esan asko begiratu dogu. Urtzi Izak ganeratu dauenez, kanta bakotxak gauza desbardinak kontetan ditu, baina diskoak badauka koherentzia, osotasun bat emon nahi izan deutsie. Xabi Hoo arduratzen da Enkoreren letrak idazteaz, baina Espero dena kantan Oihana Bartra bilbotarrari eskatu deutsiez berbak.
Tio Peten grabau dabe diskoa, Jose Lastra, Javi Peña eta Borja Muroren laguntzinoagaz. Lastragaz lan egitea aberasgarria izan dala dino Urtzi Izak: Bere ikuspuntua eta gurea desbardinak dira, baina funtsean bat etorri gara eta ikuspegi biak buztartzea onuragarria izan da. Kanta batzuk zuzenean grabauta dagoz, beste batzuk zatika. Edozelan be, diskoa egitea dibertigarria izan dala dino Izak. Harro gagoz egin dogun diskoaz, guk esatea agian ez dago ondo baina gustuko dogu egin doguzan kantak, adierazo dau Hook, prozesuan asko ikasi dogu, ganera.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!