Gaur, urriak 30, beteko dira 50 urte lehenengo Durangoko Azokea antolatu zanetik
2015-10-30 10:18 KultureaHasierako edizino hareetan Azokea ez zan abenduan antolatzen, Domu Santu egunaren bueltan baino, hau da, urriaren amaieran eta zemendiaren hasieran. Lehenengo edizinoa, 1965. urtean, urriaren 30ean hasi eta zemendiaren 1ean amaitu zan. Andra Mari eleizpea izan zan hautatutako lekua, eta bertan egin zan 1974ra arte.
Durangoko Azokeak bere 50. urteurrena ospatuko dau aurten, eta, urtero legez, abenduko lehenengo egunetan antolatuko da, kasu honetan, abenduaren 4tik 8ra arte, ohikoa baino egun bat gehiagogaz. Baina hasierako edizino hareetan Azokea ez zan abenduan antolatzen, Domu Santu egunaren bueltan baino, hau da, urriaren amaieran eta zemendiaren hasieran. Lehenengo edizinoa, 1965. urtean, urriaren 30ean hasi eta zemendiaren 1ean amaitu zan. Andra Mari eleizpea izan zan hautatutako lekua, eta bertan egin zan 1974ra arte.
50. urtemugearen harira, Gerediaga alkarteak liburu bat kaleratuko dau Azokearen mende erdiko ibilbidea batuz. Liburua azokako egunetan salgai egongo da, eta egileak Jesus Mari Arruabarrena eta Joseba Sarrionandia dira. Liburuan Azokako lehenengo edizino haretako hainbat bitxikeria jaso ditu Arruabarrenak (Sarrionandiak nazinoarteko eta Euskal Herriko testuingurua konteteaz arduratu da).
Berbarako, Arruabarrenak libururako idatzitakoen artean irakur daitekeenez, lehenengo Azoka ha antolatzeko lehenengo bilerea Leopoldo Zugaza sortzailearen dendan egin eben. Han batutakoek amesik zoroenean be ez eben pentsauko noraino puztuko zan hasierako asmoa, eta gaur eguneko Azokea ikustera datorrenak nekez imajinau leike hasiera xume ha.
Pentsau, eta egin: lehenengo Azokea 1965eko urriaren 30ean hasi zan. Ekimenaren aurrekontua 46.587 eurokoa izan zan, eta danetara 25 editoreren lanak aurkeztu ziran, 18 standetan. Lau diputazinoek, Euskaltzaindiak eta Amigos del Pais alkarteak standak jarri zituen, besteak beste. Parte-hartzaileen artean be izen ezagunak egon ziran: Auñamendi, Auspoa, Itxaropena, Sendo, Gomez, Espasa-Calpe eta abar.
Egileak gogoratzen dauenez, ekimen aitzindari horrek arrakastea lortu eban ezustean. Holan gogoratzen dau Jose Luis Lizundiak be, liburuan jasoten dan legez: Danok harritu ginan, editorialak bai geu, lehenengo Azokeak izan eban arrakaseta ikusita. Jenteak egarria eukan, gosea.
Mueta honetako lekukotzak, pasadizo eta jazoerak batu ditu Jesus Mari Arruabarrenak Azokearen urtemugeagaz lotuta plazaratuko dan liburuan. Era berean, Argizaiola Sarien bidez, Gerediaga Alkarteak gure artean dagozan Gerediagako eta, beraz, Azokako sortzaileak omenduko ditu, abenduaren 5ean egingo dan ekitaldian.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!