25 orduko irratsaio berezia egingo dau Bizkaia Irratiak, 25. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2015-10-30 09:13   Kulturea

Mende laurena bete dabela ospatzeko, Bizkaia Irratiko esatariek ahalegin berezia egingo dabe bariku eta zapatu honetan eta 25 orduko irratsaioa egingo dabe. Holan, 25 urtez isildu barik egon dirala gogoan hartzeko, 25 orduz eten barik, isildu barik egongo dira. Irratiaren hasierako urteetako aitzindariak, artistak, atzerrian bizi diran bizkaitarrak eta abar konbidauko ditue. Zuzeneko lehiaketak be egongo dira, bariku goizean hasi eta zapatura arteko saioan.

Mende laurena bete dabela ospatzeko, Bizkaia Irratiko esatariek ahalegin berezia egingo dabe bariku eta zapatu honetan eta 25 orduko irratsaioa egingo dabe. Holan, 25 urtez isildu barik egon dirala gogoan hartzeko, 25 orduz eten barik, isildu barik egongo dira. Irratiaren hasierako urteetako aitzindariak, artistak, kultur eragileak, atzerrian bizi diran bizkaitarrak eta abar konbidauko ditue. Zuzeneko lehiaketak be egongo dira, bariku goizean hasi eta zapatura arteko saioan.

Bizkaia Irratia 1990ean sortu zan, Bilboko Eleizbarrutiaren babesagaz. Bilboko Herri Irratian euskerazko saioak egiten hasi ziran kazetariek sortu eben Bizkaia Irratia, euskera hutsezko emisora batentzako lekua egoala ikusita. Sorreratik, bizkaierea izan da Bizkaia Irratiaren ezaugarri nagusia. 25 urte pasauta, eguneroko programazinoari eusten deutsie, ezagun bihurtu diran saio askogaz: Zorion-agurren tartea eta Athleticen partiduen kontaketea, berbarako.

25 orduko irratsaioa barikuan, urriak 30, hasiko da, goizeko 11:00etan. Biharamuneko eguerdiko 12:00ak arte egongo da martxan. Irratiaren sorrerako urteak ezagutu zituen kazetari beteranoek egingo dabe berba lehenik eta behin. Ohiko irratsaioak zuzeneko lehiaketakaz tartekatuko ditue gero. Jokoan kirol tartearen saio berezia egongo da iluntzean, goi mailako konbidaduakaz (Marino Lejarreta, Genar Andrinua eta abar). Gau guztian alkarrizketak egiten segiduko dabe eta atzerriko euskaldunakaz bat egingo dabe.

Zapatu goizean, Zorion-agurren tarte berezia egongo da eta bizikleta bat zotz egingo dabe. Era berean, 25 orduetan zehar, musikari ugari pasauko dira Bizkaia Irratiko estudioetatik, zuzeneko kontzertu akustikoak eskaintzeko, Kupela, Sei Urte, Gontzal Mendibil, Rafa Rueda, Xabi Aburruzaga, Seiren eta Kherau, besteak beste. Programazino osoa, hemen.

25. urteurrena aprobetxauta, zapatu goizean artxiboen digitalizazino proiektua martxan ipiniko dau Bizkaia Irratiak, revox eta kasete formatuetan gordetako audio zaharrak entzuleen eskura ipinteko. Zapatu goizean Bilboko Hesperia hotelean aurkeztuko dabe egitasmo zehatza. Zelan ez, ekitaldi hori be zuzenean entzun ahal izango da.

Bizkaia Irratia zuzenean entzun leiteke internetez, euren webgunean. Baita FM-ko 102,6 frekuentzian be (eskualde batzuetan, beste frekuentzia batzuk daukiez: 96,7 - 97,3 - 97,4 - 98,1 eta 92,5).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu