Umeentzako lau liburu barri aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak, Xaguxar bilduman

Dabi Piedra 2015-10-29 13:48   Kulturea

Unai Elorriagaren 107 kiwi, Esti Vivancoren Eireren egunerokoa, Xabier Mendigurenen Hiru sopranoak eta Arrate Egañaren Patioan dira titulu barriak. Goi mailako ilustratzaileen irudiek lagunduta datoz lau liburuak, Elkar argitaletxeak nabarmendu dauenez. Ume eta gaztetxuentzako bildumea da Xaguxar.

Unai Elorriagaren 107 kiwi, Esti Vivancoren Eireren egunerokoa, Xabier Mendigurenen Hiru sopranoak eta Arrate Egañaren Patioan dira titulu barriak. Goi mailako ilustratzaileen irudiek lagunduta datoz lau liburuak, Elkar argitaletxeak nabarmendu dauenez. Ume eta gaztetxuentzako bildumea da Xaguxar.

Unai Elorriagak 107 kiwi izeneko liburua dakar oraingo honetan, 10 urtetik gorako umeei zuzenduta. Fantasiatik abiauta, istorio bitxia eregi dau idazle bizkaitarrak. Mikel Santos 'Belatz' irudigilearen marrazkiek laguntzen dabe atmosfera berezi horretan sartzen. Umeentzako ipuin klasikoak hartu eta pausu bat aurrerago joan nahi izan dau Elorriagak. Izpiritua ostu deutset beti-betiko ipuinei eta idatzi ziranean kontuan hartu ez ziran gaiez hausnarketea egin dot, azaldu dau autoreak. Aroa eta bere lagun Txoribel belea dira protagonistak. Aroaren aita Pelix, gizon xelebrea bera, topetako abenturea kontetan da. Umeentzat idatzi dot, baina helduei zuzendutako keinuak be sartu dodaz, umeek zein gurasoek liburuan zeozer topetea nahi izan dot.

Esti Vivancok, Joseba Larratxe 'Josevisky'ren marrazkiakaz, Eireren egunerokoa izeneko liburua ondu dau, 12 urtetik gorakoentzat. Eire nerabearen gorabeherak kontetan dira, edade horretan neska-mutilek izaten dituen burrukak eta aldaketak erakusteko. Irlandako udako egonaldi baten bizitakoak dakarz liburura autoreak. Vivancok onartu dau, neurri baten bere bizipenetan oinarritu dituala liburuko pasarte batzuk: Neu be Irlandan egon nintzan gaztetan, gustura sentidu naz hau idazten, hein handi baten nigan oinarrituta dagoalako.

Joseviskyren marrazkiek istorioari asko laguntzen deutsela ganeratu dau Vivancok. Marrazkilariak adierazo dau, lanari gustura heldu eutsala hasieratik, personaje nagusiagaz identifiketan dalako. Eirek badauka puntu errebelde bat, gustuko dot, zehaztu dau.

Beste alde batetik, Xabier Mendigurenek Hiru sopranoak liburua idatzi dau, Alex Orberen irudiakaz, 12 urtetik gorakoentzat. Oraingo honetan, editore ez eze, idazle be jardun dau Mendigurenek, baina edizinoari be begiratu deutso: Lau liburuak onak eta politak dira, txukun editauta dagozalako. Mendigurenen ustez, umeentzako euskerazko literatureak sekula ez dau euki gaur egun besteko mailarik eta hori pozgarria da.

Hiru sopranoak Aisha, Aiora eta Aneren istorioa da. Izakeraz desbardinak diran arren, alkarregaz jokatzen dabe futbolean eta alkarren lagun handiak dira. Futboletik kanpo bakotxak daukazan arazoak, bizipenak eta gorabeherak topauko doguz liburuan.

Amaitzeko, Xaguxar bildumako titulu barrien artean, Arrate Egaña idazlearen eta Amaia Arrazola marrazkigilearen Patioan dago. Hamar urtetik gorakoentzako istorio horretan, Malen da protagonistea. Malenek, egun baten, eskolako patioaren erdian jartea erabagiten dau. Mutilek futbolean jolastu nahi dabenez, tirabirak sortuko dira. Lezamako Mikel Zarate saria irabazi dau Patioanek.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu