Liburu arraroak zein merkeak topetako aukerea Bilbon, Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokan
2015-10-29 13:08 KultureaUrriaren 30etik zemendiaren 15era bitartean egingo dabe azokea Bilboko Arenalean. Katalogotik kanpoko liburu merkeak, batzuk euro baten truke, erosteko aukerea egongo da. Baita antxinako aleak eta edizino zaharrak be. 29 liburudendatako ordezkariek ipiniko dabe mahaia. Irakurteko zaletasuna bultzatzea eta liburuak herritarrei hurreratzea dira azokearen helburuak.
Urriaren 30etik zemendiaren 15era bitartean egingo dabe azokea Bilboko Arenalean. Katalogotik kanpoko liburu merkeak, batzuk euro baten truke, erosteko aukerea egongo da. Baita antxinako aleak eta edizino zaharra be. 29 liburudendatako ordezkariek ipiniko dabe mahaia. Irakurteko zaletasuna bultzatzea eta liburuak herritarrei hurreratzea dira azokearen helburuak.
Askotan esaten da liburuak erostea garestia dala, baina azoka honetan atxakia horrek ez dau balio, adierazo dau Asier Muniategi Liburu Azoketako Koordinatzaileak. Izan be, okasinozko liburuak merke-merke salduko ditue. Euro batetik hasita, prezio askotako aleak egongo dirala dinoe antolatzaileek. Liburu bakanagoak atsegin dituenentzat edo bildumagileentzat, bestalde, egongo da non aukeratua, liburu zahar ugari be eroango ditue eta. Gauza bitxiak eta merkeak topau ahal izango dira, zehaztu dau Muniategik.
Bilboko Liburu Zahar eta Aukerakoen Azokearen 37. edizinoa urriaren 30ean, barikua, zabalduko dabe, eguerdiko 12:00etan egingo dan inaugurazino ekitaldiagaz. Zemendiaren 15era arte, 29 saltzaileren erakusmahaiak bisitau ahal izango dira, goizez 11:00etatik 14:00etara eta arratsaldez 17:00etatik 21:00etara (asteburuetan ordu erdi gehiago). Irakurzaletasuna bultzatzea eta liburudendak eta liburuak herritarrakandik hurre egotea dira azokearen helburu nagusiak, Muniategik azaldu dauenez. Gero hori egunerokoan be ikusi behar da, liburutegietako maileguetan eta liburudenden salmentetan, ohartarazo dau.
Euskal Autonomia Erkidegoan irakurzaletasuna %64,1ekoa da, azkanengo neurketen arabera eta, beraz, mantenidu egiten da kopurua. Behintzat ez goaz beherutz, dino Muniategik. Andres Fernandez Euskadiko Liburuen Ganbarako zuzendariak ganeratu dau, krisi luze eta gaizto baten ostean, sektorea apurka gorutz egiten hasi dala. Argitalpenetan be, gorakadea egon da azkanaldion Euskal Autonomia Erkidegoan: Igaz 3.057 titulu barri argitaratu ziran (%7 gehiago), horreen artean 1.410 euskerazkoak (%5 gehiago).
Halandabe, lanean segidu behar dala ohartarazo dau Fernandezek eta erakunde publikoei inplikazinoa eskatu deutse, liburudenden lanari balioa emoteko. Kalidade zigilu bat sortzeko asmoa daukiela aurreratu dau Liburuen Ganbarako zuzendariak, kultur arloko eragile diran liburudendak nabarmendu eta profesionaltasuna adierazoteko.
Jenteagana hurreratzeko aukera aproposa da, Fernandezen ustez, Bilbokoa moduko azoka bat. Asier Muniategik aitatu dau, Bilbon arrakastatsuak izaten dirala sukaldaritzaren inguruko liburuak eta, sasoi honetan, perretxikoen ingurukoak be bai.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!