Larrosa koloreko justiziazaleak
2015-10-29 10:26 BidaideOrain dala hamarkada bat sortu eban Sampat Pal-ek Sari Larrosadun Emakumeen Bandea. Dagoeneko 400.000 kide dituan alkarte horrek ez deutso indarkeriari uko egiten Indiako patriarkaduaren aurkako burrukan.
Orain dala hamarkada bat sortu eban Sampat Pal-ek Sari Larrosadun Emakumeen Bandea. Dagoeneko 400.000 kide dituan alkarte horrek ez deutso indarkeriari uko egiten Indiako patriarkaduaren aurkako burrukan.
Ez dot euki hezkuntzea jasoteko suberterik, baina biziteak erakutsi deust India oso krudela izan leitekela emakumeakaz. Sampat Pal Deviren esanak ez dira gehiegizko berbak. Bere gurasoek, herrialdearen iparraldeko Uttar Pradesh estaduko beheko kastako nekazariak, eskolatik atara eben oraindino irakurten be ez ekianean eta, 11 urte bete barri, bera baino 13 urte zaharragoa zan izozki-saltzaile bategaz ezkondu eben. Umezaroko ezkontzetako biktimei jazoten jaken legez (UNICEF erakundearen datuen arabera, Indiako emakumeen % 58k jasaten dabe hori), senarraren gurasoen esklabu eta senarraren sexu-jostailu bihurtu zan orduan. Oraindino ikara biziz gogoratzen dot birjintasuna galdu nebanekoa, dino, interpretetan gatxa dan irribarre bategaz. Umedun geratu zan 14 urtegaz eta 20 bete orduko euki zituan bere bost seme-alabak.
Baina 2002an, 44 urtegaz, nahikoa zala aldarri egin eban. Ezusteko kontua izan zan. Kalean gizon bat emaztea joten egoala ikusi neban eta esku hartzea erabagi neban. Ez neban onik urten, neuk be kolpeak jaso nebazalako baina, biharamunean, herriko bost emakume konbentzidu nituan gizon hari ikasgai bat emoteko. Banbu-adarrak eskuan, Talioiaren legea aplikau eben. Funtzionau egin eban. Konturatu ginan gizon batzuek indarkeria jasaten ebenean baino ez dabela ikasten eta, hortaz, tratu txarrak jasaten zituen beste andra batzuei modu horretan laguntzen hasi ginan. Munduko mobimentu feminista bitxienetako bat holan hasi zan gorpuzten.
2006an, Sampat Palek Gulabi Gang sortu eban, Sari Larrosadun Emakumeen Bandea. 400.000 inguru gara dagoeneko. Bakotxak 500 errupiako (zazpi bat euro) kuotea pagetan dau eta lathi bat -banbuzko makilea- eta sari larrosa bat jasoten ditu. Larrosea da, dinoanez, alderdi politikoren baten zerbitzuan ez egoan kolore bakarra eta baliogarria da arretea erakarri eta feminidadea indartzeko. Gure helburua oso erraza da: Gure herrialdeko legeak bete daitezala, onak diralako eta emakumea babesten dabelako. Alkarteko kideek eskatzen dabe umezaroko ezkontzak eta dotearen tradizinoa ezabatzeko, etxe barruko indarkeriaren aurka sendotasunez lan egin daitela (gizonen % 51k eta andren % 55ek justifiketan dabe) eta emakumearen emantzipazinoa bultzatu daitela. Justizia lortzeko indarkeria erabiltea ez da atsegina guretzat, baina ez deutsagu horri uko egingo bide paketsu guztiek huts egiten badabe, azaldu dau. Ortodoxiatik urruntzen diran metodoek arreta handiagoa erakarten badabe be, Sampat Palek hezkuntza arloko egitasmoak eta kontzientziazino kanpainak be martxan ipini ditu, komunidadean hobeto eragiteko. Gizartea aldatzeko modu bakarra da, emakumeari emoten jakon menpekotasunezko papela kentzen bada. Eta hori, gugandik hasi behar dan iraultzea da. Horregaitik, kasu zehatz batzuri aurre egiteko autolaguntzarako taldeak eta lege-aholkularitzakoak sortu doguzan arren, emakumeen emantzipazinoa lortzeko programetan ipini dogu indar handiena: aurrezkietarako fondoetatik hasi eta enpresakaz topaketak antolatzera, andrak kontratau deiezan, kontau dau.
Holan, Sampat Palek Badusa herri txikian hartu dauen porlanezko eraikin txikia Indiako emakumeen emantzipazinoaren koartel nagusi bihurtu da. Bertako auzokideek dinoe egoerea hobera egiten dagoala, apurka-apurka. Laguntzino bila heltzen dira haraino emakumeak egunero eta Sampat Palek senideak balira legez hartzen ditu. Hareen kontakizunak entzuten ditu eta, Nokia eskuko telefono zahar bat eskuan, urtenbide arina topetan dau. Poliziek eta epaileek, sarri gehiegikerien partaide diran ezkero, haren ahotsa entzuteko ikaraz dagoz eta eskariei kasu egiten deutsie sarri. Baina emakume guztiek ez daukie holako suberterik eta behin behineko aterpea topetan dabe Sampat Palen etxean.
Sayah Bana, 22 urteko musulmana, da hareetako bat. Orain dala urte bi senarrak txarretsi egin eban. Andreari tratu txarrak emoten eutsazan maisu harek barriro ezkontzea erabagi eban, legez kanpo. Gure ume biakaz gurasoen etxera bueltetako esan eustan, gogoratu dau Sayah Banak. Poliziarenera jo neban, senarra bigamiagaitik salatzera, baina inork ez eustan kasurik egin, beraz orain dala hile batzuk Gulabi Gangeko bazkide egitea erabagi neban, gure eskubideei balioa emoteko, azaldu dau neska gazteak.
Senarrak jo egiten eban arren, Sayah Banak ez dau dibortzioa nahi, gizonak oraingo emaztea lagatzea baino, lehengo familian bizi izaten segiduteko. Ez dogu aurrera egiterik lortzen, makilak atara eta komisaldegiaren aurrean jarten garen arte. Alboan, Sampat Palek baietz dino. Harrigarria bada be, dibortzioaren kontra dago erabat. Emakumea merkantzia huts bihurtzeko modu bat da. Gizonek ulertu behar dabe emakumeak ez dirala sandalien modukoak, ezin dozuz aldatu gogoa daukazunean, arrazoitu dau, didarka eta mespretxuzko keinu bategaz.
Duda barik, ekintzaile horren figureak badauka alde iluna. Hain zuzen be, epaitegiek hamar bat kasu daukiez zabalik bere kontra, justizia bere aldetik egin nahi izana leporatuta. Ganera, igazko martian, Gulabi Gangeko kide batzuek presidente kargutik kendu nahi izan eben, nagusikeria kezkagarriz jarduten zalakoan eta alkartea bere burua promozionetako erabilten ebalakoan. Ez alperrik, Sampat Palek bere esperientziari buruzko liburu batzuk daukaz idatzita (tartean El ejercito de los saris rosas, Planeta 2009), hainbat dokumentaletako abiapuntua izan da eta baita Bollywoodeko 'biopic' batekoa be. Berak, baina, kritikei erantzun deutse: Gure burrukearen giltzarrietako bat ikusgarritasuna da. Emakumeak Indian ikusezinak izan dira eta sasoia da argitara urten daian, andrak zapaltzen dituan patriarkaduaren kontrako burrukan ikusi daiguzan.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!