Ainara LeGardon, Jaime de los Rios eta Eneko Gilek Wroclawen bizi izandakoa erakutsiko dabe asteon
2015-10-28 10:43 KultureaDonostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako ekimen baten bidez, Poloniako Wroclaw urian izan dira udan Ainara LeGardon musikaria, Jaime de los Rios media artistea eta Eneko Gil jantzaria. Egonaldi artistiko horretako emoitzea erakutsiko dabe asteon Donostian.
Donostia 2016k eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako ekimen baten bidez, Poloniako Wroclaw urian izan dira udan Ainara LeGardon musikaria, Jaime de los Rios media artistea eta Eneko Gil jantzaria. Egonaldi artistiko horretako emoitzea erakutsiko dabe asteon Donostian.
Bigarren aldiz antolatu dabe udako egonaldia Wroclawen eta aurten joandako hiru artistak, behintzat, gustura bueltau dira handik, Poloniako uri horretako giro intelektualagaz pozik. Tabakalera gunean emon ditue azalpenak hiru sortzaileek eta eguenean, hilak 29, jentaurrean erakutsiko dabe han bizi izandakoa eta egindako sormen lanak.
Ainara LeGardon musikariak Desira anitz, zementu anitz izeneko performancea egingo dau, eguen arratsaldeko 18:30ean, Donostiako Kaxilda Arrola kalean. Donostia 2016ren egoitzan, egun berean (19:30), erakusketa kolektiboa zabalduko dabe eta formatu askotako artea ikusi ahal izango da bertan.
Erakusketa horretan, batetik, Anna Norowicz-en Retratos lana ikusi ahal izango da. Elgoibarko Herri Eskolako ikasleakaz batera egindako proiektua da poloniarrarena. Bestetik, Jaime de los Rios eta Ainara LeGardonek Poktploketc performancea antzeztuko dabe. Aleksandra Walaszek-en Panorama proiektua izango da erakusketako beste ardatzetako bat. Erakusketea biribiltzeko, Eneko Gil Alberdik Bruno. Kanela koloreko dendak jantza-saioa eskainiko dau. Artistek euren sormen lana preparetako egin daben prozesua ikus-entzunezkoen bidez azalduko jake bertaratzen diranei.
Programearen barruan, hiru artista poloniar Euskal Herrian dira egunotan, euren egitasmoak erakusten: Anna Nosowicz, Gerard Lebik eta Aelksandra Walasz. Kontuan izan behar da, Wroclaw be, Donostiaren moduan, Europako Kultur Uriburu izango dala datorren urtean. Hori dala eta, bertoko eta hango sortzaileen arteko truke artistikoak egiten dabilz.
Udako egonaldian parte hartu eben hiru euskal artistek dinoe, Wroclawek ateak edegi deutsezela proiektu barriei eta euren proposamenak ondo hartu dituala uriak. Hiruren artean euki daben giro onak be, alkarlanerako bidea zabaldu dauela dinoe. Horren lekuko, LeGardon eta De los Riosek alkarregaz antolatu daben performancea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!