'Punk. Arte garaikidean utzi dituan arrastoak' erakusketea gaurtik aurrera Artiumen ikusgai
2015-10-23 12:05 KultureaGasteizeko Artium Museoan, 2016ko urtarrilaren 31ra arte zabalik egongo dan erakusketa honegaz oharrarazo nahi da punk jarrerearen oihartzunak bizirik dagozala oraindino eta aintzat hartzen dirala arte garaikidean.
Gasteizeko Artium Museoan, 2016ko urtarrilaren 31ra arte zabalik egongo dan erakusketa honegaz oharrarazo nahi da punk jarrerearen oihartzunak bizirik dagozala oraindino eta aintzat hartzen dirala arte garaikidean. Punk. Arte garaikidean utzi dituen arrastoak ez da punkari buruzko beste erakusketa bat. Ez da erakusketa historiko bat; proiektu honen asmoa da punkak arte garaikidean itxi dituan arrastoak arakatzea. Uste bat egiaztatu nahi da: artisten eta jokeren artean ezar daitekezan zatiketak gorabehera, sortzaile asko bazten dituan amorru-hots bat dagoala. Hau da, punkaren jarrerea, arakatu dan historia horren arabera dadaismotik datorrena, besteak beste situazionismotik igaroz, bizirik dagoala oraindino be produkzino artistiko garaikidean. Asebakotasuna, inkonformismoa, aurrerabidean fedea galtzea edota sistema ekonomiko eta sozialaren ikonoen kritika zorrotza bizirik dagozan jarrerak dira eta artista askoren jardunaren ezaugarriak. Punk is (not) dead esaldi ezaguna berreskuratuz, hori holan dala baieztatu nahi da, punka hil bizia dala. Azkenik, punkak, kulturea ulertzeko (eta, luzapenez, munduan egoteko) modu bat erakusten dau: kritikoa, deserosoa, arauen kontrakoa...
Johnny Rotten, mikrofonoa eskuan dauela, belauniko dago oholtzaren gainean; publikoak jaurtitako garagardao botila hausiak ditu inguruan; ondoan, Sid Vicious, beti lez kontzertu osoa baxua konektau barik joten ibili dana, botilaren bategaz bularrean zauria egin eta odola dariola dago. Hori da Sex Pistols taldeak, punkaren ikonoak, emon eban azken kontzertuaren irudia, San Frantziskon, 1978. urtean. Lau urte besterik ez dira igaro 1972ko abuztuan Ramonesek minutu bateko abesti amorratuak jo zituenetik New Yorkeko CBGB klubean. Uda horretan bertan, Londresen, Malcolm MacLarenek izena aldatu eta Sex deitu eutson bere erropa-dendeari, Sex Pistols sortuz. 1976an, telebistan agertu eta berba gordin pare bat bota zituen. Hurrengo egunean, egunkari guztien azalean agertu, eta Ingalaterra osoan joteko debekua ezarri eutsien. Punkak eztanda egin eban.
Bi urte iraun eban. Sex Pistols taldeak New Yorkeko Artists Spacen azken kontzertua eskaini eban 1978ko uda haretan bertan, aurretik emondako lehenengo No wave kontzertua, punkaren hasierako indarra berreskuratuz, Teenage Jesus and The Jerks eta, geoago, Sonic Youth taldeen parte-hartzeagaz. Horren ondoren eztandaren ondorioak etorri ziran: hardcore, Einstürzende Neubauten eta SO36 kluba Berlinen, squatters Amsterdamen, Kaka de Luxe, euskal rock erradikala...
Hona punkaren eztandaren historia labur eta zehatza, hirurogeita hamarreko bigarren erdi aldean gertatu zan mobimentu musikalarena. Sex Pistolsen azken kontzertu haretan Johnny Rottenek galdera bat egin eban eta horren oihartzunak urte hareek guztiak zeharkatzen ditu: Ez dozue inoiz sentidu iruzur egiten jabiltzuezala?. Greil Marcus musika-kritikoa han egoan. Handik denpora batera, Lipstick Traces, punkaren lehenengo genealogia, idatzi ebanean, gogora dakar anarkiari abesten eutson bitartean Johnny Rottenen hortz-karraskearen azpian entzun eitekeala mamu baten antzera XX. mende osoa zeharkatu dauen amorruaren oihartzuna: dadaisten uluetan eta euren ukatzeko borondatean, batez be, edota situazionisten iraultzarako pasinoan eta guztiaren-kontrako esloganetan. Punka, garai haretan, ez zan musika-mobimentua bakarrik, baita sistema ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalaren aurreko deserosotasunaren adierazpena be.
Musikari, artista, diseinatzaile, aktibista eta itxaropenik bako gazteek amorruz erantzuten eutsien krisi ekonomikoari, ames hippyaren amaiereari, langabeziari, etorkizunik ezari eta gizartean eta kulturan nagusi zan konbentzionalismoari. Hori zan iruzurrari buruzko galderearen iturria. Punka jarrera bat da: amorruz, abiaduraz, zarataz, ukoaz, oposaketaz eta probokazinoz egindako jarrera bat, XX. mendean zehar zabaltzen dana, hirurogeita hamarretatik harago luzatzen dana, testuinguru anglosaxoiaz harago eta musikearen munduaz harago. Leherketa horren ondorioak bizirik doguz oraindino be, eta horregaitik, punka da arrasto handiena itxi daben XX. mendeko kultura-mobimentuetako bat.
Punk. Arte garaikidean utzi dituan arrastoak erakusketea zabaltzeko ekitaldiaren egitaraua
- Urriaren 23an, barikuan:
18:30ean. Erakusketearen bisitaldi gidatua David G. Torres komisarioaren eskutik. Artiumen Adiskideentzat bakarrik. Erreserbak: 945 20 90 20
19:00etan. David G. Torres-en berbaldia.
20:00etan. Erakusketea zabaltzea.
20:45ean. Performancea. João Onofre. Box Sized DIE Featuring Sorgerth (2007-2015). Sorgerth taldearen parte-hartzeagaz, Atari aretoan.
21:30ean. Kontzertua Piztu Punk! taldeagaz, Plaza aretoan.
Inaugurazino-ondoko astegoiena
Zapatuan, urriak 24, eta domekan, hilak 25, Zuk nahi duzuna tarifea (zeure esku dago pagetan dozun ala ez eta zenbat) bisitari guztiei ezarriko jake. Ordutegia: 11:00etatik 20:00etara, eten barik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!