Jasone Osoro eta Aixa de la Cruzen ipuinei amaierea topau behar jake Bizkaidatz lehiaketan

Dabi Piedra 2015-10-22 14:43   Kulturea

Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaidatz literatur lehiaketearen 8. ekitaldia martxan dago. Jasone Osorok, euskeraz, eta Aixa de la Cruzek, erderaz, ipuin bana idatzi dabe, baina amaiera barik. Orain, herritarrek bialdu beharko ditue euren proposamenak, zezeilaren 5a baino lehen, lehiaketan parte hartzeko. Irakurri eta idazteko zaletasuna bultzatzea da helburua.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkaidatz literatur lehiaketearen 8. ekitaldia martxan dago. Jasone Osorok, euskeraz, eta Aixa de la Cruzek, erderaz, ipuin bana idatzi dabe, baina amaiera barik. Orain, herritarrek bialdu beharko ditue euren proposamenak, zezeilaren 5a baino lehen, lehiaketan parte hartzeko. Irakurri eta idazteko zaletasuna bultzatzea da helburua.

Bizkaidatzerako, Laranja zukua izenburuko ipuina idatzi dau Jasone Osorok, euskerazko atalerako. Alzheimerra topau deutsien gizon baten istorioa da eta lehiaketako parte-hartzaileek topau beharko deutsie amaiera aproposa. Nik beti euki dot amaiera edegiko testuak idazteko jokerea, beti gustau izan jataz holako istorioak, adierazo dau Osorok. Bizkaidatzek literatureagaz jolasteko aukerea emoten dauela ganeratu dau.

Laranja zukua ipuinaren hasikerea arrakalen inguruko testua da. Bizitzan sortzen diran arrakala edo zuloez idatzi dau Osorok. Kasu honetan, alzheimerrak, memoria galtzeak sortzen dauen zuloa da ardatza. Memoria erabat galdu aurretik, biajea egiteko asmotan itxi dau protagonistea Osorok. Hortik aurrerakoa, Bizkaidatzeko parte-hartzaileen esku dago.

Aixa de la Cruzek, gaztelaniazko atalerako, Stan ipuinaren hasikerea idatzi dau. Eminem rap abeslariak idatzi eban Stan izeneko abestia eta bertan kontetan dan istorioan oinarrituta dago ipuina, De la Cruzen ustez kanta ederra dalako. Estiloaren aldetik aukera asko zabalik itxi nahi izan ditu idazleak, lehiakideek ipuina segiduteko orduan ze estilotan idatzi nahi daben aukeratu ahal izan daien.

Aixa de la Cruzek onartu dau istorioen amaierak pentsetea gatx egin jakola betidanik. Horregaitik, Bizkaidatzeko formatuagaz kezka bat burutik kendu dauela azaldu dau. Parte-hartzaileakaz identifikauta sentiduten naz, neu be literatur lehiaketa baten bidez hasi nintzan idazten, adierazo dau. Igaz epaimahaian egon zan De la Cruz.

Bizkaidatz lehiaketan, 16 urtetik gorako edonork parte hartu leike, igaz saridun izan ziranek izan ezik. 2016ko zezeila baino lehen bialdu behar dabe ipuinetako baten amaierea. Sari nagusi bana egongo dira euskeraz eta gaztelaniaz, bakotxa 1.500 eurokoa. Ganera, bigarren saria (500 euro bakotxak) eta finalistak (diplomea) egongo dira kategoria bakotxean. Apirilaren 21ean izango da sari-banaketea.

Liburutegien Nazinoarteko Eguna, urriaren 24an, eta Liburuaren Nazinoarteko Eguna, apirilaren 23an, gogoan euki nahi ditue Bizkaidatzen. Horregaitik, asteon hasi da lehiaketea eta apirilaren 23ko astean emongo dira sariak. Irabazleen lanak argitaratu egingo ditue, Liburuaren Egunean aurkeztuko dan liburuan.

Bizkaidatzek zortzigarren edizinoa dau honako hau eta, beraz, Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura diputaduak sendotzen doan ekimena dala azpimarratu dau. Bizkaitarren literatur sormena bultzatu nahi dogu, adierazo dau Bilbaok. Bizkaidatzek irakurteko eta idazteko zaletasuna, biak bultzatzen dituala dino diputaduak.

Herritarrak idaztera bultzatu nahi ditue, idazle edo idazlegai anonimoek daukien talentua zenbaterainokoa dan ezagutzeko. Talentu hori argitara ekarri nahi dogu, dino Lorea Bilbaok. Horregaitik, idazteko zaletasuna daukien guztiei parte hartzeko deia egin deutse. Bilbon, Foru Liburutegian hartu leiteke ipuinen hasierea dakarren liburutxua eta urriaren 23an metroko geltoki batzuetan be banatuko dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu