Udagoienak EH Sona dakar

Bizkaie! 2015-10-22 14:51   Musikea

EH Sona jaialdiak Bartzelonako mugak zeharkatuz, aurten La Bisbal de l’Empordàko L’Alternativa aretora helduko da, jaialdiko hainbat taldek han eskainiko dabelarik bigarren kontzertu bat, holan Katalunian zehar ezagutarazoz euskal musikea.

Orain 18 urtetik Bartzelonan, udagoiena heltzen danean, Euskal Herritik kanpo egiten dan euskal musika jaialdi garrantzitsuena ospatzen da. Bartzelonako Euskal Etxeak antolatutako jaialdia aurten heldu egin da eta barritu eta haztearen aldeko apustua egiten jarraitzen dau.

Aurten EHSonak hiru barritasun dakarz; alde batetik, urteurren kontzertu bat ospatuko dau, lehen aldiz talde katalan batek parte hartuko dauelarik. Proposamen hau etorkizuneko EHSonagaz lotuta dago, asmoa hurrengo urteetan jaialdiak bi kulturetako taldeak buztartuko dituen kontzertuak egitea baita, bi eszena musikalen indarrak batuz. Hitzordua, datorren zemendiaren 7an, Salamandra aretoan, Glaukoma, At Versaris eta Vendetta taldeakaz.

Bestetik, jaialdiak Bartzelonako mugak zeharkatuz, aurten La Bisbal de l’Empordàko L’Alternativa aretora helduko da, jaialdiko hainbat taldek han eskainiko dabelarik bigarren kontzertu bat, holan Katalunian zehar ezagutarazoz euskal musikea.

Azkenik, aurten AlterEHSona sortu da. Ekimen honek musika kontzertu aretoetatik harago daroa. berbaldi bat eta urian zehar egingo diran bi ibilbide izango dira kontzertuez harago doazen ekitaldiak. Eta honegaz guztiagaz, TXO! umeentzako espazio paralelo eta dobakoaren sendotzea dogu aurten be: txalaparta tailer bat eta Munlet taldearen kontzertu bat eskainiko deutse jaialdiak etxeko txikienei.


Estilo eta publiko guztiei edegia

Urtero legez EHSonak danetariko estilo eta espazioak batu ditu; esangura horretan, Oskorri talde mitikoak Euskal Herritik kanpo eskainiko dauen agur kontzertu bakarra dago tartean. Edota Jabier Muguruzaren disko barriaren aurkezpen intimoa Euskal Etxean, Razzmatazz (Governors + Larregi) edota Apolo (Anari) moduko areto garrantzitsuetan eskainiko diaen kontzertuakaz batera.


Kulturaren eta prezio herrikoien aldeko apustua

Euskal Etxea eta bere ekitaldi eta proposamen guztien ezaugarrietako bat, kulturea danon eskura jarri nahi izatea da. Kontuak kontu, aurten kontzertuetarako sarrerak zatika funtzionetan dabe; sarrera kopuru zehatz bat salneurri batean jarri dira, eta kopuru hori amaitukeran, hurrengo atalera pasetan dira, salneurri estandarrera heldu arte. Beraz, gero eta lehenago erosi sarrerea, orduan eta merkeago.

Horrezaz gan, EHSonak mikromezenazgo express bat jarri dau martxan (normalean irauten dabenaren egun erdia), TotSuma plataformeagaz. Helburua lortutako diruagaz prezio herrikoiei eustea da, estilo eta edade guztiak ziurtatzea eta Kataluniako musikeagaz loturak indartzea.

EH Sona 2015eko egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu