Azokearen sortzaileak izango dira 50. Durangoko Azokako omenduak
2015-10-21 14:46 KultureaEdizino berezia izango da aurtengoa Durangoko Azokan, mende erdia bete dauelako euskal kulturearen topaguneak. Horregaitik, Durangon egindako aurkezpenean aurreratu dabenez, 1965eko une ilunean azokea sortu ebenei omenaldia egingo deutsie. Jose Luis Zumetak egindako kartela be aurkeztu dabe. Joseba Sarrionandia eta Jesus Mari Arruabarrena Durangoko Azokearen historia liburu baten batzeaz arduratu dira.
Edizino berezia izango da aurtengoa Durangoko Azokan, mende erdia bete dauelako euskal kulturearen topaguneak. Horregaitik, Durangon egindako aurkezpenean aurreratu dabenez, 1965eko une ilunean azokea sortu ebenei omenaldia egingo deutsie. Jose Luis Zumetak egindako kartela be aurkeztu dabe. Joseba Sarrionandia eta Jesus Mari Arruabarrena Durangoko Azokearen historia liburu baten batzeaz arduratu dira.
Abenduaren 4tik 8ra egingo dabe aurtengo Durangoko Azokea, ohikoa baino egun bat gehiago. Mende erdi bete dauen honetan, azokea ospakizun handi bihurtu nahi dabela adierazo dabe Gerediaga alkarte antolatzaileko kideek. Hasteko eta behin, azokearen hazia erein ebenak omenduko ditue. 1965ean Durangoko azokea sortu eben euskalzale eta kulturgile adoretsuek jasoko dabe Argizaiola Saria. 60ko hamarkadan, diktadura sasoian, sortu eben gerora euskal kulturearen erreferentzia bihurtu dan urteroko hitzordua.
Nerea Mujika Gerediagako lehendakariak azaldu dauenez, iraganera begiratzeko unea da azokearen 50. ekitaldia, baina baita etorkizunera begiratzekoa be. Urteurrenaren mugarria etorkizunaren oinarria izatea nahi dogu, adierazo dau Mujikak. Durangoko Azokea, mende erdian, euskal gizartea eta kulturea aldatu diran neurri berean aldatu dala dino Mujikak, baina euskal kulturearen eta gizartearen bilakerea ezin dala Durangoko Azokea barik ulertu ganeratu dau.
Abenduaren 5ean emongo dabe Argizaiola Saria. Azokearen sortzaile izan ziralako, honeek dira saridunak: Koldo Alzibar, Jesus Astigarraga, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Jose Luis Lizundia, Carmen Miranda, Maria Arrate Salazar eta Leopoldo Zugaza.
Beste alde batetik, Landako Gunean egindako aurkezpena aurtengo kartelaren barri emoteko be erabili dabe. Jose Luis Zumeta artistea arduratu da karteleko irudia marrazteaz. Jentea erakarteko helburuagaz, kartel atsegin, eder eta deigarria egin nahi izan dau artisteak. Zumetaren koadroen ohiko estilo koloretsua bete-betean agiri da Durangoko Azokearen kartelean be. Bide batez, azokearen irudi edo marka barria aurkeztu dau Gerediagak. Da! leloagaz lagunduko dabe aurrerantzean irudi hori.
Euskal kulturearen bilakaerearen sinbolotzat jo dau Aitziber Irigoras Durangoko alkateak azokea. Eleizpean jaio, merkaduan hazi eta Landako Gunean nagusitu da, Irigorasen esanetan. Mende erdiko bilakaera hori liburu baten batu dabe Joseba Sarrionandiak eta Jesus Mari Arruabarrenak. Sarrionandiak distantziak emoten dauen ikuspegitik idatzi dau azokearen eta euskal kulturgintzearen bilakaeraz, kontakizun personal baten bidez. Arruabarrenak, ostera, 50 urteotan azokako protagonista izan diranen lekukotzak jaso ditu.
Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko euskera zuzendariaren esanetan, euskaldunen nortasuna kulturan eta hizkuntzan oinarritzen da eta, horregaitik, azokearen aldeko apustua egin behar dabe erakundeek. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak 21. mendeko azokea bihurtu dala azpimarratu dau, sasoian sasoiko beharrei erantzuten jakin dauelako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!