Mundu guztiko landara apaingarriak Leioako kanpusean egongo dira, urriaren 24an eta 25ean

Bizkaie! 2015-10-19 11:05

Leioan EHUk daukan kanpusean dago Arboretuma, munduko landarediari eskainitako gunea. Hantxe egingo dabe asteburuan, lehenengo aldiz, Bost Kontinenteetako Landaren Azokea. 26 produktorek parte hartuko dabe eta planetako txoko urrunetatik ekarritako landare eta lora apaingarriak erakutsiko ditue. Bisitariek bertoko produktuak jateko aukerea be eukiko dabe.

Leioan EHUk daukan kanpusean dago Arboretuma, munduko landarediari eskainitako gunea. Hantxe egingo dabe asteburuan, lehenengo aldiz, Bost Kontinenteetako Landaren Azokea. 26 produktorek parte hartuko dabe eta planetako txoko urrunetatik ekarritako landare eta lora apaingarriak erakutsiko ditue. Bisitariek bertoko produktuak jateko aukerea be eukiko dabe.

BBK-gaz eta Leioako eta Erandioko Udalakaz batera, Bizkaiko Foru Aldundiak eratu dau azoka berezi hori. Foru Aldundiak azaldu dauenez, ekitaldia erakusleiho bikaina izango da gure planetako landara apaingarrien espezie eta klaseak ezagutzeko. Landara exotikoak ikusi ez eze, erosi be egin ahal izango dira. Izan be, Leioan egongo diran espezie gehienak erraz landatu eta jagotekoak dira.

Landara apaingarriak gustuko dituenen arteko topagunea sortzea da asmoa. Alkarri teknikak eta ezagutzak azaltzeko be balioko dau azokeak. Landarak jagoteko tresnen erakusketea ipiniko dabe. Zapatuan, eguerdiko 12:00etan, basogintzarako hazien ganeko berbaldia egongo da eta, domekan, ordu berean, ongarri naturalak aurkezteko ekitaldia egongo da.

Guztira 26 produktore egongo dira Leioan. Danak ingurukoak diran arren (Euskal Herrikoak asko, ganerakoak Espainia eta Frantzia aldekoak), munduko bost kontinentetako landarak eta lorak ekarriko dituela aurreratu dau Foru Aldundiak. Bonsaiak eta arbolatxu apaingarriak, landara tropikal eta subtropikalak, kaktusak, landara haragijaleak eta abar egongo dira.

Zapatuan zein domekan, goizeko 10:00etatik arratsaldeko 18:00etara zabalduko dabe azokea. Euro baten truke sartu ahal izango da (12 urtetik beherakoak, doban). Landaren azokea ikusteaz gan, bertoko produktuak ikusi, jan eta erosteko aukerea emongo dabe antolatzaileek. Ganera, Leioako kanpuseko Arboretuma ezagutzeko aukerea eukiko dabe bisitariek eta hango bidezidorretatik paseoan ibili ahal izango dabe. 19 hektareako gune horretan ehundazak landara eta arbola batzen dira, mundu zabaleko 130 espezietakoak.

Landara apaingarrien azokara bisitariak modu errazean hurreratu daitezan, autobus zerbitzu bereziak ipiniko ditue erakunde publikoek. Astrabudua eta Leioako metro geltokietatik EHUra autobusak egongo dira, doban.

Azokearen informazioagaz, eskuorria atara dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu