Bertsoetako doinuak dira Igelaren Bandaren disko barriaren oinarria

Dabi Piedra 2015-10-16 15:05   Musikea

Debalde festa (Elkar) laneko kanta guztiak bertsotarako melodietan oinarrituta dagoz, baina Igelaren Banda hirukoteak modu askean interpretau eta moldatu ditu. Emoitzea, 13 abesti instrumentaleko bildumea izan da, batzuk bertso tradizionaletan oinarrituak eta, besteak gaur eguneko doinu modernoagoetan. Bertsotan ohikoa dan inprobisazinoa berbetatik musikara eroan dau Igelaren Bandak, beraz.

Debalde festa (Elkar) laneko kanta guztiak bertsotarako melodietan oinarrituta dagoz, baina Igelaren Banda hirukoteak modu askean interpretau eta moldatu ditu. Emoitzea, 13 abesti instrumentaleko bildumea izan da, batzuk bertso tradizionaletan oinarrituak eta besteak, gaur eguneko doinu modernoagoetan. Bertsotan ohikoa dan inprobisazinoa berbetatik musikara eroan dau Igelaren Bandak, beraz.

Guk oso gustuko dogu inprobisazinoa, azaldu dau Bixente Martinez Igelaren Bandako kideak, sortzen gagozanean badakigu gure kantak non hasten diran, baina ez nora eroango gaituen. Horregaitik, bertsotarako doinuakaz disko bat egiteko erabagia hartu eben. Orain dala urte eta erdi hasitako proiektuaren emoitzea da Debalde festa, izenburutik bertatik bertsoagaz loturea egiten dauen lana (Xenpelarrek Iparragirreri botatako bertsoetatik hartu dabe izenburua).

Igelaren Bandakoek lehendik be hartu-emona euki dabe bertsolaritzeagaz. Kideetako batzuk Bertso Jazz proiektuan ibili ziran eta, ganera, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko sintonia Igelaren Bandak egin eban. Bertsoetatik ezaugarri bi gustetan jakuz, melodia politak dituela eta istorioak kontetako doinu aproposak dirala, zehaztu dau Martinezek.

Bertsotan erabilten diran doinu ugari entzun eta dozena bat aukeratu ditue diskorako. Moldaketak askatasun guztiagaz egin doguz, dino Martinezek. Doinu bakotxak Igelaren Bandaren ikutua dauka. Doinu batzuk herrikoiak dira, aspalditik bertsolariek erabili izan dituenak. Beste batzuk barriagoak dira, euskal artistek sortu eta bertsolariek euren jardunerako moldatu dituenak. Imanol Larzabal, Xabier Amuriza, Kaxiano eta beste batzuen doinuak dagoz. 13. kantua, Ez egin lorik basoan izenburukoa, Gaztelako melodia tradizional baten oinarritu dabe, hori da salbuespen bakarra.

Oraingo honetan, Igelaren Bandako hiru kideak ibili dira moldaketak egiten, bakotxak diskoko hiru-lau kantaren ardurea hartu dau. Talde lanean sakondu dogu, orain hobeto ezagutzen dogu alkar, adierazo dau Amaiur Cajaraville taldekideak. 2011n ekin eutsien Igelaren Bandaren proiektuari eta euren ibilbidea pausu sendoz beteten dabilz.

Inprobisazinoa da Debalde festaren ardatzetako bat. Bertsolariaren inprobisazinoa euren musikara eroan nahi izan dau Igelaren Bandak. Diskoa egun bian grabauta dago, zuzenekoaren sentsazino hori gordeteko, dino Cajaravillek. Bizitzearen moduan, bertsoa bapatekoa eta errepikatuezina da, horixe Igelaren Bandak adierazo nahi izan dauen metaforea.

Diskoaren bigarren ardatza doinua da. Letra barik kantauta, bertsolaritzan erabilten diran doinuei garrantzia emon nahi izan deutsie. Normalean, bertsolariak finkatutako doinu baten ganean berbaz inprobisetan dau. Igelaren Bandak doinuagaz beragaz olgau dau eta aske ibili dira melodiak moldatzen. Unai Iturriaga bertsolariak testutxu bat idatzi dau diskoagaz batera ipinteko eta bertan, doinuaren aldeko aldarria egiten dau. Normalean edukiez berba asko egiten da bertsolaritzan, baina Iturriagak doinuaz berba gehiago egin beharko litzatekeela dino testuan, azaldu dau Bixente Martinezek.

Igelaren Bandak zemendiaren 26an aurkeztuko dau Debalde festa, Hernanin. Durangoko Ahotsenean izango dira abenduan eta hitzordu gehiago be lotuta daukiez datozan hileetarako.

Debalde festa diskoagaz lotutako bideoa

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu