Olatu erraldoien munduko surflari onenak lehiatuko dira Punta Galea Challengeren hamargarren edizinoan

Bizkaie! 2015-10-14 11:16

Beste behin Punta Galean egingo da Olatu Handien Munduko Zirkuituaren Europako proba bakarra. Lehiaketan 24 surflarik hartuko dabe parte, horreen artean zerrendako hamabi onenak, eta jardunaldi bakarrean egingo da. Era horretan, urriaren 15etik zezeilaren 28ra bitarteko denpo tartea ezarri dabe, eguraldiaren baldintzak kontuan hartuta, gitxienez 6-7 metroko olatuak sortzen diran eguna hautatzeko.

Beste behin Punta Galean egingo da Olatu Handien Munduko Zirkuituaren Europako proba bakarra. Lehiaketan 24 surflarik hartuko dabe parte, horreen artean zerrendako hamabi onenak, eta jardunaldi bakarrean egingo da. Era horretan, urriaren 15etik zezeilaren 28ra bitarteko denpo tartea ezarri dabe, eguraldiaren baldintzak kontuan hartuta, gitxienez 6-7 metroko olatuak sortzen diran eguna hautatzeko.
   
Olatu Handien Munduko Zirkuitua WSLk (Surfeko Munduko Ligea) antolatu dau 3Sesenta, Getxo Surf Taldea eta Getxo Kirolak lako tokiko taldeen lankidetzeagaz. Danetara, 8 proba egingo dira, eta bi etapatan banatuko da: hegoaldeko hemisferioa eta iparraldeko hemisferioa. Lehenengo etapatik, Txileko lehiaketea baino ez da egin, eta, han, Hawaiko Makua Rothman izan zan irabazlea, munduko egungo txapelduna eta Punta Galeako igazko txapeldunordea. Getxoko lehiaketea bigarren etapan sartzen da, Oregon (AEB), Peahi (Hawai) eta Todos Santoskoa (Mexiko) legez.
   
Parte-hartzeari jagokonez, Punta Galean lehian izango dira modalidadearen ranking mundialean sailkatutako 12 onenak, eta, eurekaz batera, nazinoarteko 6 surflari eta beste 6 euskaldun, azken horreek konbidauta. Tokiko surflarien zerrendea dagoeneko berretsi da, eta tartean honako honeek dagoz: Natxo Fernández, David Bustamante, Adrián Fernández de Valderrama, Indar Unanue eta Getxoko Aritza Saratxaga eta Jon Garai. Azken horreei Plentziako Natxo González gehitu behar jake, nazinoarteko sailkapeneko egungo hamabigarrena.   

Imanol Landa Getxoko alkateak nabarmendu dauenez, zeresanik ez dago Olatu Handiena gure udalerriko kirol denporaldiko ekitaldi garrantzitsuenetakoa dala. Txapelketeak dauen maileagaitik ez eze, baita Galeako paraje ederrean batzen dan jentetzeagaitik be. Benetan ikusgarria dan proba batez gozetako aukerea izaten da. Eta ikusgarritasun horren ondorioz, txapelketeak Getxotik eta inguruetatik harago be oihartzun handia dauka, gero eta handiagoa, neurri handi batean, bertora hurreratzen diran hamaika hedabideei esker. Horregaitik eskerrak emon nahi deutsaguz Nazinoarteko Surf Ligeari Getxoren alde apustu sendoa egiteagaitik, Olatu Handien Nazinoarteko Zirkuituko Europako proba bakarra izatearen pribilegioa daukagulako.

Punta Galea Challengeren hamargarren edizinoa zuzenean emongo da beste behin AEBetako eta Brasilgo telebistetan eta baita Internet bidez be. Igaz, 5 miloe lagunek ikusi eben proba telebistan eta 1,8 miloe lagunek streaming bidez.

Javier Amezaga 3Sesenta aldizkariko kideak itxarote-aldia aitatu dau esanez oraindino ez dogu aurreikuspenik. Azken urteetan abenduaren amaieran egin da txapelketea. Itxarote-aldia oso luzea da baina deialdia bost egun lehenago egiten da. Iragarpen oso on bat ikusten dogunean aurre-abisu bat egiten da mundu osoan.

Igazko erantzuna ikusita, antolatzaileek aurten be autobusak ipiniko ditue jentearentzat Bidezabalgo metro geltokitik Galeara joateko. Uretako segurtasun neurriak be igazkoaren antzekoak izango dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu