Joshua Edelman eta Ledian Molaren emonaldiagaz hasiko da barikuan Bilbon 'Poltsiko Musika' egitasmoa

Bizkaie! 2015-10-08 18:17   Musikea

New Yorkeko eta Habanako erritmoak buztartzen dituan Joshua Edelmanenen eta Ledian Molaren doinuakaz hasiko da Poltsiko Musika egitasmoa Bilbon bariku honetan, urriaren 9an. Bilboko Udalak antolatutako zikloaren hamaikagarren edizinoa da, eta hainbat herrialdetako musika jokerak erakustea da bere helburua, bertako taldeen edo Bilbon bizi diran kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.

New Yorkeko eta Habanako erritmoak buztartzen dituan Joshua Edelmanenen eta Ledian Molaren doinuakaz hasiko da Poltsiko Musika egitasmoa Bilbon bariku honetan, urriaren 9an. Bilboko Udalak antolatutako zikloaren hamaikagarren edizinoa da, eta hainbat herrialdetako musika jokerak erakustea da bere helburua, bertako taldeen edo Bilbon bizi diran kanpoko musikarien eskutik, formatu txikiko kontzertuen bitartez.

Kontuak kontu, antolakuntzeak jakinarazo dauenez, zemendiaren 6ra arte, Abando-Barrainkuako udal zentroan oso estilo desbardinetako bost kontzertu egingo dira, musika herrikoi latinoamerikarretik, jazzetik eta pop rocketik igaroz, besteak beste. Kontzertuetarako sarrera librea izango da jesarleku guztiak bete arte eta hitzorduak urriko bariku guztiak izango dira (urriaren 9an, 16an, 23an eta 30ean) eta zemendiko lehenengo barikuan (hilaren 6an), 19:30etik aurrera.

Aurtengo Poltsiko Musika egitarauak aste honetan zabalduko dau kontzertuen programea, Joshua Edelman estadubatuarraren (New York, 1954) eta Ledian Mola kubatarraren (Habana, 1993) Sentimiento y tradición emonaldiagaz. Jazza ardatz hartuta, euren jatorrizko herrietako erritmoak buztartzen ditue; pianoa eta biolina lagun, errepertorioa aberatsa darabile kontzertuotan.

Urriaren 16an, Itxaso Gonzalezek (ahotsa) eta Jose Luis Canalek (pianoa) osotutako bikotearen txandea izango da. Conversations lana musika proposamen garaikidea da, pop musikearen eremutik jasotako abestiakaz. Musika brasildarra eta, batez be, jazza dagoz bikotearen lanaren oinarrian. Itxasoren ahotsa euskal jazz panoramako ederrenetakoa da, eta Albert Bover, Joan Moné edo Iñaki Salvador lako pianista handiakaz batera abestu dau.

Hirugarren kontzertua, urriaren 23an, bertoko beste talde batek eskainiko dau, Ander Lopez eta Javi Maqueda abeslari eta gitarristek osotutako Steel Covers bikote akustikoak, hain zuzen be. U2, Bruce Springsteen, Dire Straits edo Van Morrison lako talde eta artisten rockaren abesti klasikoak interpretauko ditue, sonoridade barriak lortuz batez be blues eta countryan erabilten dan steel gitarreagaz interpretautako lanetan.

Urriko azken barikuan Aurkene Nuñez pianista eta abeslariaren eta Marco Borge gitarristearen txandea izango da. Te doy una canción izenburupean, ibilbide intimista eta personala proponiduko deusku bikoteak.

Zikloa zemendiaren 6an amaituko da, Andres Contreras mexikarraren kontzertu oso bereziagaz. Contreras, El juglar de los caminos ezizenagaz be ezaguna, gizarte protestan dabilen kantautorea da, eta hamarkada luzez nekazarien eta herritarren burruketan hartu dau parte, protesta musika garaikidearen bitartez. Berak autortu dauenez, 50 aldiz baino gehiagotan kartzelaratu dabe Mexikon, heriotza mehatxuak eta tratu txarrak be jasan ditu eta bere musika materiala suntsitu izan dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu