Gernika Bataloiaren historia argitara ekarri dauen dokumentala estreinau dabe

Bizkaie! 2015-10-08 10:16

2. Mundu Gerrearen azkenengo hileetan parte hartu eban Gernika Bataloiak eta Pariseko agintarien errekonozimendua lortu eben euskal gudariek modu horretara. Gerrea amaituta, baina, gobernu indartsuenek ahaztu egin eben bataloiaren ekarpena eta haren gomutea ezkutuan geratu zan. Gernika bataloia, askatasunaren ametsa dokumentalean sasoi haretan jazotakoa erakusten da.

2. Mundu Gerrearen azkanengo hileetan parte hartu eban Gernika Bataloiak eta Pariseko agintarien errekonozimendua lortu eben euskal gudariek modu horretara. Gerrea amaituta, baina, gobernu indartsuenek ahaztu egin eben bataloiaren ekarpena eta haren gomutea ezkutuan geratu zan. Gernika bataloia, askatasunaren ametsa dokumentalean sasoi haretan jazotakoa erakusten da. Gernikan estreinau dabe dokumentala eta bataloiko kideei omenaldia egin deutsie, agintari politikoak bertan dirala.

Iban Gonzalez Pagaldairen zuzendaritzapean eta Franck Dolosorren ikerlan eta gidoiagaz, Euskal Herriko historiaren pasarte ezkutu bat agirian itxi dauen dokumentala aurkeztu ahal izan da. Erbesteko Jaurlaritzeak dei egin eban 1945ean, 2. Mundu Gerrearen amaiera aldera, bataloi bat sortzera. Gerra Zibilean legez, faxismoari aurre egitea zan helburua, kasu haretan naziei. Izena emon eben gudariek bataila garrantzitsuetan parte hartu eben Frantzian. Izen sinbolikoa aukeratu eben, Gernika.

Charles de Gaulle Frantziako presidentearen eta beste goi agintari batzuen hasierako onespena eta esker ona, ahaztu egin ziran egoera geopolitikoa aldatzeagaz batera. Jaurlaritzearen asmoa zan, Francoren gobernua agintetik kentzea, aliaduakaz gerran hasitako alkarlanari eutsita, baina plangintza horretarako babesik ez eban lortu.

Dolosorrek eta kideek lan handia egin dabe Gernika bataloiaren ganekoak argitara ekarteko. Euskal Herrian eta atzerrian, materiala batzen, artxiboak arakatzen eta bizirik geratzen diran lekukoakaz berba egiten ibili dira dokumentalaren egileak. Bataloiko kideen ibilerak, bizipenak, ekintza militarrak eta jasandako ondorioak zehatz-mehatz batu ahal izan ditue.

Dokumentalean 20 lekukotza baino gehiago jaso dira, alkarrizketen bidez. Bataloiko kide izan ziranak, hareen senideak, agintari politikoak eta historialariak dagoz tartean. Ganera, historiako pasarte batzuk aktoreakaz antzeztu ditue, bataloiaren ibilerak erakusteko. Agiri ugarigaz osotu dabe azalpena.

Estreinaldia Gernikako Lizeoan egin dabe, eguazten iluntzean. Iñigo Urkullu Lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea izan dira bertan, besteak beste. Bataloitik bizirik geratzen diran gudari biak be han egon dira: Francisco Perez eta Jose Ramon Aranberri. Proiekzinoaren aurretik, Gernikako Batzar Etxean, Gernikako Arbolearen alboan, gorazarre egin deutse Gernika Bataloiko kide guztiei eta danen izenak dakarzan oroigarria inaugurau dabe.

Ideologia askotako gudariek bat egin eben Gernika Bataloian; gaur, Gernikako Arbolearen babesean, sakrifizio haregaitik eskerrak emon nahi deutsueguz, esan deutse Ana Otaduik gudariei eta hareen senideei. Gudariek askatasunaren alde egindako burrukea azpimarratu dau Unai Rementeriak.

Gernika bataloia, askatasunaren ametsa pelikulearen trailerra, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu