250 buruko artaldea helduko da Algortara 80. hamarkadara arte iraun eban transhumantzia gogoratuz

Bizkaie! 2015-10-07 18:42

Datorren astelehenean, urriaren 12an, helduko da Algortara 250 buru inguruko artaldea, Gipuzkoako Zegamatik, bihar, urriak 8, urten eta lau eguneko ibilbidea bete ondoren, Mikel Etxezarreta artzainak gidatuta, Euskal Herrian, eta zehatz, gure eskualdean 80ko hamarkadara arte iraun eban transhumantzia gogoratuz.

Datorren astelehenean, urriaren 12an, helduko da Algortara 250 buru inguruko artaldea, Gipuzkoako Zegamatik, bihar, urriak 8, urten eta lau eguneko ibilbidea bete ondoren, Mikel Etxezarreta artzainak gidatuta, Euskal Herrian, eta zehatz, gure eskualdean 80ko hamarkadara arte iraun eban transhumantzia gogoratuz. Asmoa da errepetidutea milaka urtez egin izan zana, eta ondoren, Fredi Paia eta Aitor Gisasola getxotarrek (Einarte Produkzinoak) dokumental bat egitea. 

Dagoeneko honako erakundeek sustatzen dabe proiektua: Getxo, Zegama eta Idiazabalgo Udalak, Uribe Kostako Mankomunidadea, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta beste erakunde pribatu batzuek bere, berbarako, Idiazabalgo gaztai izendapenak. Ibilbideak zeharkatuko dituan herriek be kolaborau dabe, horreen artean, Larrabetzu, Plentzia, Barrika eta Gamiz-Fikako udalek, baita hainbat herritarrek be. Gure ondarea eta memoria historikoagaz zerikusia dauen egitasmoa dogu transhumantziarena. Beste leku eta garai batzuetako fenomeno hau gure artean be izan da, helmugea Algortan izanik, bertan topau diralako beste lekuetatik etorritako artzainen oinordekoak. Euskal kulturea eta gure ondarearen altxorra gordetea eta balorean jartea da gure eginkizunetako bat, adierazo dau Koldo Iturbek, Getxoko Udaleko Kultura zinegotziak.

Bestalde, Joseba Izagirre, Zegamako alkateari oso interesgarria begitandu jako artzainen bizimodua dokumental batean jasotea, eta artzainei eskerrak emon behar deutseguz gure inguruak jagon dituelako. Eurek beti esan dabe oso harreman onak izan zituela beti Bizkaian. Hartu-eman horreen ondorioz, gaur egun gure Zegamako euskalkian bizkaitar berba batzuk doguz, gehitu dau Zegamako alkateak. 


Etxezarreta artzaina

Tradizinoa errepetiduko dauen artzaina Mikel Etxezarreta da. Berak gogoratzen dau txikitan bere gurasoakaz neguan Uribe Kostara etorten zala eta 12 urtegaz lau hilebete egiten zituala Zegamako eskolan eta beste laurak Plentziakoan. Artzaina da oraindino be, bere aurrekoen ogibideari eutsi deutsolako.

Gipuzkoako Goierriko artzainak, belaunalditan, gure eskualdera etorten ziran negua Uribe Kostan (Barrikan, Getxon..) pasetan, mendialdeetako edurtzetatik igesi, artaldeentzako larre bila. Hain zuzen be, Barrikara etorri ziran azkeneko aldia 1982an izan zan, eta artalde batek negua berton igaroteko Getxoko Udalak emon eban azken baimen-eskaria 1971ekoa da. Mikel Etxezarreta artzainak uste dau bidaia gogorra izango dala, eta tokiak oso aldatuta topauko dituela. Niretzak oso emotiboa izango da eta ia sinestezina barriro egitea. Oso pozik nago, baina aldi berean, oso urduri be bai, artaldea ondo heltzen dala ikusi arte, autortu dau artzainak.


Abelbideetatik Algortaraino

Mikel Etxezarreta oinez etorriko da, tarte batzuetan ardiak trailer batean sartu beharko dituan arren. Beragaz batera, ibilbidea Fredi Paiak eta Aitor Gisasolak be egingo dabe, aurrerago egingo daben dokumentalerako irudiak eta materiala batzeko.

Lehenengo eguneko ibilbidea Urbiatik Otxandiora artekoa izango da, bigarrenean Artauneraino (Dima) helduko dira, hirugarrenean Larrabetzura, laugarrenean Barrikara eta azkenik, bosgarrenean, urriaren 12an, Getxora helduko dira, 14:00ak aldera, Algortako Geltokia plazan amaitzeko. Bertan Imanol Landa alkateak ondoetorria emongo deutse. Fredi Paia eta Andoni Egaña (azken etapea egingo dau) bertsolariek bertso batzuk botako ditue eta Mikel Etxezarreta artzainari eta Eli Arrillaga emazteari oroigarria emongo deutsee, artzaintzan gizonek eta emakumeek egindako lana gogoratuz eta autortuz. Algortako Geltokia plazan Idiazabalgo gaztaia probetako eta erosteko aukerea be egongo da.

Bestalde, Mikel Etxezarretak bere artaldeagaz beste ibilbide bat egingo dau Gipuzkoatik, hain zuzen be, urriaren 22an, Urbiako Ttonttor txabolatik urten eta hilaren 24an Idiazabalen amaitzeko, han Euskadiko Gaztai Txapelketea ospatuko dalako.


Dokumentala Fredi Paiaren eta Aitor Gisasolaren eskutik

Akabuko Martxe dokumentalaren asmoa da berreskuratzea belaunaldiz belaunaldi Urbia inguruko artzainak gurera etorten ikusi dituenen memoria. Horretarako bihar hasiko dan ibilbidea grabauko dau Einarte Produkzinoak izenekoak, ordubeteko dokumentala, euskeraz eta azpitituluakaz. Egitasmoaren idea Fredi Paiarena izan zan, transhumantziaren ibilbidea errepetidutea eta dokumentala egitea, hain zuzen. Gidoilari lana be egingo dau eta alderdi teknikoen eta ikus-entzunezkoen arduraduna eta dokumentalaren zuzendaria Aitor Gisasola izango da. Bi getxotarren arteko alkarlana aspaldikoa da, aurretik Akordaten naz I eta II egin zituelako.
 
Dokumentalak artzainen ogibidea gogora ekarri nahi dau, eta horrek herrialde desbardinetako biztanleen arteko hartu-emonetan sortzen eban aberastasuna be bai. Lanak itxitako ondarea be ikustarazoteko balio ahal izango dau, antxinako hartu-emon horreen memoria berpiztuz eta balioan jarriz etorkizunean guztiontzako onuragarri eta aberasgarriak izango diran ekimenak gauzatzeko aukerea izango dalakoan gagoz. Gipuzkoarren eta bizkaitarron arteko hartu-emonak indartzeko balio leike, eta hori oso garrantzitsua da, beste herrialde batzuekazko hartu-emonak kontuan hartzen doguzan legez. Beraz, oso garrantzitsua begitantzen jaku ikus-entzunezko egitasmoaren gizarteratzearen bitartez Euskal Herria osotzen dogun errealidade desbardinen ezagutzea zabaltzea, azaldu dau Fredi Paiak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu