Bilbok 2015eko Ibiltaria aukeratuko dau

Bizkaie! 2015-09-08 17:22

Isidro Elexgarai, Laboral Kutxako komunikabideakazko harremanetarako zuzendaria, Gorabideren erabiltzaileak (adimen-urritasuna daben personakaz lan egiten dauen alkartea) eta Movistar taldeko Beñat Intxausti txirrindulari bizkaitarra, 2015eko Giroko etapa bat irabazi ebana dira sari honen hautagaiak.

Laugarren urtez, Mobikortasunaren Aste Europarrak Bilboko Ibiltariaren Saria eratu dau. Bilboko Ibiltariaren Sariak uria atseginago, bizigarriago eta jasangarriago bihurtzen laguntzen daben personen zeregina autortzen dau.

Isidro Elexgarai, Laboral Kutxako komunikabideakazko harremanetarako zuzendaria, Gorabideren erabiltzaileak (adimen-urritasuna daben personakaz lan egiten dauen alkartea) eta Movistar taldeko Beñat Intxausti txirrindulari bizkaitarra, 2015eko Giroko etapa bat irabazi ebana dira sari honen hautagaiak. Txapelduna jenteak aukeratuko dau Mobikortasunaren Aste Europarragaz alkarlanean dabilzan komunikabideetako atalen eta programen bidezko botazinoetan (Deia, El Diario Norte, Onda Cero, Europa FM, Onda Vasca, COPE, Cadena 100, Bizkaia Irratia, Radio Popular, Cadena Dial, M80, 40 Principales, Radio Bilbao, Radio Nervión eta Telebilbao). Botoa emoteko epea irailaren 20an amaituko da. Irabazlea nor izango dan irailaren 21ean emongo dabe ezagutzera eta saria irailaren 22an jasoko dau Mobikortasunaren Aste Europarrari amaierea emongo deutson Bilbao nire kotxe barik! egunaren ospakizunean.

Sariaren lehenengo edizinoan, 2012an, Virginia Berasategi triatletea izan zan irabazlea. 2013an, Bilboko txikiteruek jaso eben saria eta igaz Bakuva alkartea izan zan sariduna.


Isidro Elexgarai

Orain mende eta erdi txinboa izango zan, txirenea, gainera. Gaur egun, barriz, BB (betiko bilbotarra) eta lapiko guztietako burruntzali bero eta atsegina izateko merezimendu guztiak ditu.

Erretiroa hartzeko hilebete gitxiren faltan, Laboral Kutxako komunikabideakazko harremanetarako zuzendariak astia izan dau bere bizitzan Taekwondoko gerriko baltza izateko (Lethal Weapon dau ezizena), Txarriduna alkarteko akademikoa, Gargantua konpainiako kidea, Bilboko 2005eko Aste Santuko pregoilaria, Begoñako Amaren Ohorezko Neba Nagusia, 2010eko Aste Nagusiko pregoilaria, Bilboko 2009ko Erraldoia, 2015eko Bilbainologoa, Bilboko 2015eko Bilaua eta UNICEFen Euskal Herriko Kontseiluko zuzendari boluntarioa.

Sarritan ikusten da kalean, Abandon nahiz Zazpi Kaleetan, beti hartu-emonetan, irribarrea ahoan, Isidro Elexgaray hautagai duina da 2015eko Ibiltariaren Sarirako.


Gorabideren erabiltzaileak

Gorabide irabazi asmorik bako alkartea da, Bizkaian adimen urritasuna dabenei laguntzen deutsena, euren eta senideen bizimoduaren kalidadea hobetzeko eta euren eskubideen alde jokatzeko. Gizarteratze-lanean be jarduten dau, adimen-urritasuna dabenen, euren senideen, profesionalen, boluntarioen eta erakunde publikoen eta pribatuen lana buztartuta.

50 urtetik gora daroaz Gorabide alkarteak adimen-urritasuna daben personen eta euren familien preminei aurre egiten. Holan, ardura publikoko sistema soziala Euskadin finkatzeko lagungarri diran zerbitzuak sortzen joan da: egoitzak, etxebizitzak, menpekotasun barik biziteko laguntzak, aldi baterako egonaldiak, eguneko zentroak, familien arnasaldirako programak...

Alabaina, sari honetarako hautagai izatean alkarteak dauen asmoa adimen-urritasuna daben personak agerrarazotea da eta, saria lortzen badabe, izan daitela gehiago Gorabideren erabiltzaileentzat, Gorabide alkartearentzat baino.


Beñat Intxausti

2015eko Giroan, Fiuggi herriaren eta Campitello Matese 1. mailako mendatearen artean jokatu zan 8. etapearen irabazlea sasoi betean dago 28 urtegaz.
 
1986ko martiaren 20an jaio zan Zornotzan. Beheko mailako kategorietan ibili zan Amorebieta S.C. taldean. Amateur mailan Seguros Bilbao taldeagaz urte bi jardun ostean, profesionaletan egin eban debuta 2007an Saunier Duvalen filiala zan Nicolás Mateos taldeagaz. 2008an, Saunier Duvalen, 2009an Fuji-Servetto izena hartuko eban taldean, eta 2010ean kontratua sinatu eban Euskaltel-Euskadigaz. 2011n, barriz, Movistar Team taldera pasau zan Beñat. Talde horretan dabil gaur egun.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu