Txikon eta lagunek 5.700 metrora arte ekipau dabe bidea

Bizkaie! 2015-09-01 10:56

Txikonek, Legarrak, Lizarragak eta Criadok glaziarra kurutzatu eta banbuz markau dabe hormearen oinarriraino (5.500 m.), eta couloir-ean gora segidu dabe bidea 5.700 metrora arte ekipetan; 300 metro soka eta materiala itxi dabe bertan. Momentuz, beraz, couloir-ean gora aurrera doaz, 6.000 bat metroan hasten baita benetako horma bertikala. Thalay Sagar hormatzarra (6.904 m.) zain dabe.

Domekea zan (Abuztuak 23) espedizinokideek New Delhi zaratatsuari agur esan eta errepidez bidaia luze eta neketsuari ekin eutsienean: 400 kilometro eta 16 ordu mikrobus barruan, kasik geldialdirik be egin barik, Uttarkhasira heldu arte. Parke Naturalerako sarrerea da hau, poliziaren check pointa, eta espedizinoan zehar sortuko daben zabor guztia bueltan eroango dabela konprometiduten dituan fidantzea itxi eben bertan. Bhagirathi ibaiaren ertzean dagoan uri hau tenpluz josita dago eta, esangura horretan, Gangotri (3.500) sagraduaren aurrekaria da. Martitzenean (Abuztuak 25) heldu ziran azken horretara, India iparraldeko erromes-­gune nagusira. Oraintxe behe denporaldia bada be, milaka lagunek joten dabe urtero horra, eta igarten da.

(Bitxikeria bat: Gangotrin galarazota dago okelea jatea eta alkohola edatea).

Eguerdi aldera heldu ziranez, denporarik galdu barik, zamak berrantolatzeko erabili eben arratsaldea eta, holan, 25 kiloko 20 zama paketatu zituen, danetara, 500 kilo.

Eguaztenean, abuztuak 26, oinez hasi eta bost ordu eskasean igon eben 4.200 metrora. Beste lau ordu biharamunean eta oinak Behe Kanpalekuan (4.700m). Alex Txikonek berak dinoanez, paisaje harrigarri honek Nepalgo ohiko estanpak eta Karakoruma buztartzen ditu.

Abuztuaren 28koa lan egun neketsuagoa izan zan. Alde batetik, hain denpora tarte laburrean holako altuerara heldu izanaren kalteordaina etorri jaken Ekaitz Maiz eta Daniele Nardiri, eta Behe Kanpalekuan deskantsau, beste aukerarik ez jaken geratu. Ganerako lau eskalatzaileek, ostera, 130 kilo igon zituen Lehenengo Kanpalekura arte (5.100m).

Bi gau eta bi egun ezin loak hartu ibili ostean, zapatuan (Abuztuak 29) Gangotrira heltzeko erabagia hartu eben Maizek eta Nardik, altuerak ekarritako ondoezetik osatu eta sasoia berreskuratzeko esperantzaz. Felix Criadok eta Txus Lizarragak be, Behe Kanpalekutik bajatu ez baziran be, ezin izan eben normaltasunez jardun eta libre hartu eben eguna. Txikonek eta Legarrak zamalanetan jarraitu eben tokiko bi zamalariren laguntzaz beste 100 kilo Lehenengo Kanpalekura (5.100m) eroanez. Gaua be han goian igaro eben.

Domekan, abuztuak 30: Alex Txikonek eta Adrian Legarrak goranzko bidean jarraitu eben eta hormearen oinarrira heltzeko kurutzatu beharreko platoaren hasierara heldu ziran (5.300m). Porteo pare bat egin zituen puntu horretara arte (5.300m) eta Lehenengo Kanpalekura (5.100m) bueltau ziran lotara; Felix Criado eta Txus Lizarraga bertan zituen zain.

Astelehena, abuztuak 31: Txikonek, Legarrak, Lizarragak eta Criadok glaziarra kurutzatu eta banbuz markau dabe hormearen oinarriraino (5.500 m.), eta couloir-ean gora segidu dabe bidea 5.700 metrora arte ekipetan; 300 metro soka eta materiala itxi dabe bertan. Bihar puntu berera beste horrenbeste garraiatzea da euren asmoa, eta barriro be 5.100 metrora bajatzea lotara. Bestalde, Maiz eta Nardi bihar abiatuko dira Gangotritik eta etzi (hilak 3) taldeagaz bat egitea espero dabe. Momentuz, beraz, couloir-ean gora aurrera doaz, 6.000 bat metroan hasten baita benetako horma bertikala. Thalay Sagar hormatzarra (6.904 m.) zain dabe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu