Badator Zeanuriko Ermiten XXVIII. Mendiko Martxea

Bizkaie! 2015-08-27 14:14

Irailaren 5ean, zapatuan, egingo da Zeanuriko Ermiten XXVIII. Mendi Martxea. 1988an jaio zan eta honezkero klasiko bihurtu da oinezko martxa hau. Orduan antolatu eban lehen aldiz Joko Alai Alkarteko mendi sailak.

Irailaren 5ean, zapatuan, egingo da Zeanuriko Ermiten XXVIII. Mendi Martxea. 1988an jaio zan eta honezkero klasiko bihurtu da oinezko martxa hau. Orduan antolatu eban lehen aldiz Joko Alai Alkarteko mendi sailak, eta ordutik hona hutsik egin barik eutsi deutsie zeanuritarrek urteroko hitzorduari.

Hasierako helburuak mantentzen dira: naturaz gozetea, kirola egitea eta Zeanuriko inguru zabalak eta ondare kulturala ezagutzera emotea, danetara 20 dira-eta herri honetan sakabanatuta dagozan ermita edota baseleizak baina aurten be Igiriñaoko (Gorbeia) Edurretako Amarena kanpoan geratuko da eta, beraz, 19 baseleiza bisitauko ditue.

Urteerea herriko frontoian izango da, goizeko 07:30ean, eta ibilbide osoa egiten dabenek, 35 bat kilometrotan zehar, hemeretzi baseleiza bisitauko ditue.

Ibilbide osoa egin nahi ez dauenarentzat, beste bi aukera dagoz: 23 eta 13 kilometrokoa ibilbideak, hain zuzen be. Ertaina, San Juanetik helmugara joateko aukerea emoten dauena eta laburra, San Migeletik helmugara.
 
Horrezaz gan, umeentzat beste aukera bat be egongo da: goizeko 9:00etan izango da urteerea eta parte-hartzaileek 8 km. eta erdi inguruko ibilaldia egingo dabe.


Martxearen ganeko zehaztasunak:

- Izena emotea: Abuztuaren 31 baino lehen, sartu BBK-ko kontu honetan: 2095 0335 29 3830586275

Nagusiak: 8 €
14 urtetik beherakoak: 4 €

Egun berean 06:45etik aurrera, herriko frontoian be emon ahal izango da izena.

Nagusiak: 10 €
14 urtetik beherakoak: 5 €

Joko Alaiko bazkideentzat: 4 €

- Urteerea: 07:30ean, herriko plazan.

- Bigarren urteerea 9:00etan herriko plazan.

- Osasun-zaintzea, jan-edana eta kontrol puntuak egongo dira ibilbidean zehar.

- Helmugako kontrola 16:30ak arte zabalik egongo da.

- Amaieran opari bat jasoko dabe parte-hartzaileek.

- Herriko frontoian dutxak zabalik egongo dira.

- Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Norbega-Coca-Cola, Arratiako Gurutze Gorria, Txoko Sagarna, Jubilatuen taberna, Frontoiko taberna, Loli-Leire denda eta Ellauri hotela.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu