Pozalaguako kobazuloa musikaz beteko dabe barikuan eta zapatuan

Bizkaie! 2015-08-06 14:01   Musikea

Bost urteko etenaren ostean, barriro antolatu dabe aurten Pozalaguako Musika Jaialdia, Karrantzan. Barikuan, Kepa Junkeraren emonaldiagaz ekingo deutsie. Zapatuan, abesbatza eta kantariak batuko ditue, 120 ahots guztira. Pozalaguako kobazuloaren alboko landan egingo dira kontzertuak, aire zabalean. Karrantzako Udalaren asmoa, turismoa bizibarritzea eta inguruko eskaintza kulturala aberastea da.

Karrantza haraneko paraje natural horretan, aspaldi hasi ziran musika kontzertuak antolatzen, ingurunea aire zabaleko kontzertuetarako aproposa dalako. Ganera, Karrantzako leku berezienetako bat ezagutzeko aukerea emoten da. Holan, bost urteko etenaren ostean, abuztuaren 7an eta 8an egingo dabe Pozalaguako Musika Jaialdiaren 20. ekitaldia.

Barikuan, Kepa Junkeraren ikuskizunak zabalduko dau jaialdia. 'Kepa Junkera & Sorginak' izeneko saio horretan, trikitixearen doinuek, jantzeak eta antxinako ohituren gomutak bat egingo dabe. Gabeko 22:00etan izango da emonaldia.

Zapatuan, '120 ahots' izeneko kontzertua izango da Pozalaguako protagonistea. Lau abesbatzatako kideak batuko ditue bertan: Portugaleteko Santa Maria, Santoñako Portus Victoriae, Bilboko Inmaculadako Abeslariak eta Karrantzako Pozalagua korua. Lara Agudo Gutierrez sopranoa be gehituko jake. Holan, 120 ahots inguru batu nahi ditue. Ana Gobantes de Miguelen pianoaren doinuek lagunduta kantauko dabe, Alberto Carrera Ibañezen zuzendaritzapean.

Abesbatzen errezitaldiaren ostean, Beltzarana taldeak zarratuko dau aurtengo edizinoa. Zapatuko ikuskizunak gabeko 21:00etan hasiko dira. Karrantzako udalak azaldu dauenez, Pozalaguako Musika Jaialdia berreskuratuta, bisitariei beste motibo bat emon nahi deutsie Karrantza ezagutzeko. Gogoan izan behar da Armañongo Parke Naturalaren barruan dagoala Pozalaguako kobazuloa. Era berean, Karrantzako biztanleei eskaintza musikala hurreratu nahi deutsie.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu