Lutxo Egia: 'Bilbon, euskaldunok bizi kalidade eskasa dogu'
2015-07-27 10:06 BarriketanIdazlea. Performance baten, 31 egun egin ditu Bilbon gaztelania erabili barik bizi izaten
Bagilaren 12an hasita, hilebete osoa egin dau Lutxo Egia idazleak gaztelania erabili barik. Bere ohiko bizimodua egin dau, Bilbon, baina hizkuntza hegemonikoa "ahaztu" dau tarte horretan. 'Bi-lingual: Transitoak' izeneko performance horretan, danetariko esperientziak bizi izan ditu, batzuk positiboak, beste batzuk negatiboak. Bizkaiko uriburuko hizkuntzen arteko alkarbizitzaz gogoetea egiteko balio izan deutso. Nabarmendu nahi izan dau, ez deutsela erdaldunei gaztelania ukatu nahi izan, euskerea emon baino. Performancea amaitu eta egun batzuetara, Bizkaie!-gaz berba egiteko tartea hartu dau Lutxo Egiak.
1.- Espero moduan joan dira performanceko 31 egunak?
Ez, ez da izan espero neban moduko esperientzia. Holako gauza bati ekiten deutsazunean, irudikatu egiten dozu zer izan leiteken, zelan joango dan, baina oso ondo be ez nekian nora eroango ninduan honek guztiak. Euskerazko hedabideetan performanceak hartu dauen oihartzuna ez neban espero, edur bola efektu txiki bat sortu da eta neurri baten gainditu egin nau, baina zentzu onean.
2.- Zein da performancetik atara dozun ondorio nagusia?
Hasieran nik esan neban, euskerea erreminta moduan hartuta, fenomeno askori buruz gogoetea egin nahi nebala, esperimentetearen partetik. Hizkuntzearen ikusgarritasuna, espazioa, jarrerak eta portaerak eta abar. Helburu zehatzik ez neutsan ipini neure buruari ondorioak atarateko orduan, ideia zan esperimentazinoak nora eroango ninduan ikustea. Azkenean ondorio ugari atara dodaz, bat bakarra esan beharko baneu, agian esango neuke euskaldunok bizi kalidade eskasa dogula inguru erdaldunean. Zirikatzeko asmoz, nik esaten dot euskaldun subjektua ez dala existiduten Bilbon. Hau da, erdalduna, subjektu erdaldun izan leiteke eguneko 24 orduetan, euskalduna ez. Euskalduna ezin da 24 orduz subjektu izan.
3.- Alderdi positibotik begiratuta, momentu politak be izan dozuz 31 egunotan, ezta?
Bai, jakina. Bilbon euskalduntzeko bidean aurrerapausu ikaragarriak egin dira urteotan. Gauza desatseginak topau dodazan moduan, atseginak be bai. Euskerearen inguruan, Bilbon badago magma moduko bat, aktibau geinkena, akaso bultzada egokia behar dau, ikusgarritasuna lortzea. Erdaldunen artean be harrera ona topau dot gehienbat. Hor badago arlo bat, erdaldunen jarrerearena, beharbada beste arreta batez begiratu beharko geunkena.
4.- Zuk ez deutsazu erderea ukatu nahi izan erdaldunari, euskerea emon baino. Mezu positiboa zabaldu nahi izan dozu, ezta?
Bai, ze erdalduna ohituta dago gure lehenengo berbea euskeraz izatera, baina bigarrena eta hirugarrena ez. Orduan, erdaldunak uste dau, espainola ukatzen deutsazula eta pertzepzino hori normala be bada neurri baten. Baina euskaldunaren jarrerea ez litzateke erderea ukatzekoa izan behar, emotekoa baino, euskerea emotekoa. Kontuan hartu daigun, erdaldunari euskerea ukatu egiten deutsagula, euskeraz ez dakianez, gaztelaniaz egiten deutsagunean. Gaztelaniagaz lagunduta, nik uste erdaldunari euskerea emon ahal jakola, komunikazino horri lagundu, zubiak eregi. Horrek jarrera aktiboa eskatzen dau. Erdaldun askok hori eskertu egiten dabe eta erdaldunak positibetako balio leike jarrera horrek.
5.- Euskaldunen artean be, sumatu dozu jarrera aldaketea beharko litzatekeela Bilbon?
Bai, ni neu lehenengoa. Aurrerantzean, badakit beste era baten jokatuko dodala, beste jarrera batzuk izango dodazala. Bilbo moduko inguru erdaldun baten, euskaldun asko egon arren, ez da erraza euskeraz jardutea. Datuek ez dabe guzurrik esaten, erabilerea ez atzera ez aurrera dago, Bilbon % 3ren bueltan, oso datu txikia da. Egiturak behar dira, euskereari ikusgarritasuna emon. Ez da erraza.
6.- Behin performancea amaituta, lasaitua hartu dozu?
Hara, niri pasau jat, 31 egunek aurrera egin ahala, performancea bera ahaztu egin dodala, oso gustura ibili naz euskera hutsean biziten, jakin arren nire komunikazinoan kalidadea galdu dodala kasu batzuetan. Nik esango neuke, bide horretatik segiduten dodala performancea amaitu eta gero be. Familiako kide batzukaz edo lagun batzukaz gaztelaniara bueltau naz ezinbestean, baina beste jarrera batzuk izango dodaz aurrerantzean, ezezagunakaz-eta. Performanceak aldatu egin nauela uste dot.
7.- Aurrera begira, performanceagaz lotutako beste ekintzaren bat, zeurea zein taldekakoa, badarabilzu buruan?
Oraindino ez nago seguru. Proiektu batzuk badaukadaz, baina ikusiko dogu ze bide hartzen daben. Performancean pilotutako materiala batzeko asmoa be badaukagu, beharbada dokumental bat egiteko, baina dana dago airean. Alderdi kolektiboan, jardunaldi batzuk daukadaz buruan eta, oraingoz, bestelako ekintzarik ez dot aurrikusi
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!