Garagarrilaren 16tik 18ra, Maceo Parker, Eric Sardinas eta Davina & The Vagabonds izango dira Getxon

Bizkaie! 2015-07-08 16:17   Musikea

Barikuan, hilak 17, Maceo Parker funk musikaren mitoa dator Getxora. Zuzenezko saioetan kalidadea eta dibersinoa dira nagusi eta kontzertuetan lau hamarkada baino gehiagotan landutako trebezia eta maisutasuna erakusten ditu. James Brown handiaren bandako taldekidea izan zan eta artista eta banda ospetsuakaz ibilitakoa da

Garagarrilaren 16tik 18ra XXVII. Nazinoarteko Blues Jaialdiak blues doinuak zabalduko ditu Getxon. Aurten Maceo Parker funk saxo-jotzaile ospetsua, Eric Sardinas blues rock gitarristea eta Davina Showers & The Vagabondsen taldearen New Orleans erritmoak izango dira protagonista jaialdian. Saio nagusiak Algortako Bihotz Alai plazan izango dira, 21:00etatik aurrera eta, hilaren 17an eta 18an, The Piper's Irish Pub bertoko tabernan Jackie Revlon abeslaria eta Tano Jao gitarristea eta Willie Endaya & Ernesto Sabas Blues jardungo dira 23:00etan.

Lehenengo egunean, Garagarrilaren 16an, Davina & The Vagabondsen eskutik abiatuko da jaialdia. Talde honek Fats Domino, Preservation Hall Jazz Band, Aretha Franklin eta Tom Waits ditu eragin nagusiak. New Orleanseko enkantua, soul doinuak eta gospel erritmoen sakontasuna batzen dira Davinak abestutako kantuetan, The Vagabondsek lagunduta, betibe doinu akustikoei aparteko garrantzia emonaz. 250 saio egiten ditu taldeak bataz beste urtean zehar eta jarduera bizi horrek mundu osoko areto eta jaialdietara eroan ditu, esaterako New Orleans Jazz Blues Festivalera eta Monterreyko jazzaldira.

Barikuan, hilak 17, Maceo Parker funk musikaren mitoa dator Getxora. Zuzenezko saioetan kalidadea eta dibersinoa dira nagusi eta kontzertuetan lau hamarkada baino gehiagotan landutako trebezia eta maisutasuna erakusten ditu. James Brown handiaren bandako taldekidea izan zan eta artista eta banda ospetsuakaz ibilitakoa da, esaterako Ray Charles, De la Soul, Ani DiFranco, Red Hot Chili Peppers, Living Colour, Keith Richards, Bryan Ferry, Dave Matthews eta Funkadelikegaz. Era berean, 2004. urtean Musicology Tour biran parte hartu eban Princegaz. Parker 70eko hamarkadan hasi zan bakarka eta 90eko hamarkadearen hasieran nabarmendu zan Roots Revisited disko apartagaz eta baita Mo' Roots  (1991) eta Lif On Planet Groove lanakaz be. Horreei esker funk eszenako tontorrera heldu zan.

Jaialdiaren azken egunean, hilaren 18an, hirugarren aldiz itzuliko da Getxora Eric Sardinas, dobroaren (gitarra resofonikoa) maisua, hain zuzen. Bluesman iparamerikarra blues rock gordin eta biziaren erakuslea da eta jaialdian Boomerang bere azken laneko kantuak joko ditu. Lan horretan erakusten dau bluesaren inguruko aurreretxiak hausteko eta generoa harago eroateko gai dala.

 
Bestelako saioak

Biotz Alai plazako kontzertuez gan, beste bi saio izango dira aurten Algortako The Piper's Irish Pubean. Bertan, 23:00etatik aurrera, Jackie Revlon abeslariak joko dau AEBetako Tano Jao gitarra-jotzaileagaz alkarlanean. Biharamunean, hilak 18, Willie Endaya & Ernesto Sabas Blues taldearen txandea izango da. Saio horreetarako sarrerea dobakoa izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu