Lekeitio, Euskal Herriko Kale Antzerkiaren itsasargia izango da garagarrilaren 9, 10, 11 eta 12an
2015-07-01 15:13 KultureaArraguaren esperientzia aitzindariak jaialdiagaz bat egin dau eta bidegurutze honetan, produkzino gune honek, esperimentazinoa, inprobisazinoa eta parte-hartzeagaz bat doazen lau proposamen artistiko eskainiko ditu: Antonio Remachado, Turukutupa, Archipiel eta Izazkun Lapaza.
Lekeitioko 26. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren aurkezpena gaur, garagarrilak 1, egin dabe Bilbon. Bertan izan dira Lekeitioko Udaleko alkatea, Koldo Goitia; Bizkaikoako zuzendari kudeatzailea, Asier Madarieta; Jaialdiaren zuzendari artistikoa, Imanol Agirre; Arropaineko Arragua proiektuko Maider Illana eta Mikel García; eta Kukai Jantza konpainiako Jon Maya.
Nazinoarteko Jaialdia garagarrilaren 9, 10, 11 eta 12an izango da eta egitarauan Italia, Polonia, Frantzia, Catalunya eta Euskal Herriko taldeak doguz: danetara, 9 talde eta 14 ekitaldi.
Urtero legez, Jaialdiari kartelean bertan emoten jako hasierea. Lekeitioko jaialdiaren karteletik euskal poesiaren izen handiak igaro dira: Aresti, Atxaga, Sarrrionandia, Izagirre, Otamendi, Lauxeta, Axular, Anari, Ordorika... Aurten, barriz, Lekeitio bertako idazlerik handienaren txandea da: Miren Agur Meabe, luma fina eta izen apreziatua euskal literaturan. Hauxe da aukeratutako bertso probokatzailea: Izan urarekiko joera; bide gardenak hartu aterpe.
Lekeitioko nazinoarteko jaialdiak hamaika eszenografia erabili ditu historian zehar: hondartzak, zerua, plazak, kaleak, portua, itsasoa... Aurten antzezleku barri bat zabalduko dabe: Abaroa Parkea. Herriaren bihotzean gorderik izan dan lorategi liluragarri honetan kale-antzerkia izango da aurten. Bi clown kokatu ditue berdegunean: Ola Muchin poloniarra eta Mac Fois italiarra. Ola Muchinek kale-txotxongiloak erabilten ditu. Mc Fois clown garaikidea, barriz, saritua izan da hainbat jaialditan.
Garagarrilaren 9an, jaialdia abiarazoteko, 20:00retan, Arropaineko Arraguak Antonio Remachado umore-bakarrizketea eskainiko dau.
Arropaineko Arragua Lekeition sortu eta produziduteko gune bat da. Bere jarduna sorkuntza eta transmisinoaren alkargunera bideratzen dau gehienbat (arte-pedagogia). Aurten, Arraguaren esperientzia aitzindariak jaialdiagaz bat egin dau eta bidegurutze honetan, produkzino gune honek, esperimentazinoa, inprobisazinoa eta parte-hartzeagaz bat doazen lau proposamen artistiko eskainiko ditu: Antonio Remachado, Turukutupa, Archipiel eta Izazkun Lapaza.
Kukaikaxa Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdian
Kukai Jantza Konpainia eta Cesc Gelabert koreografoa 2013. urtean hasi ziran alkarlanean. Euskal Herriko hainbat jantza tradizionalen ganeko lana abiatu eben orduan, jantza horreek aztertu, landu eta begirada zein eszenaratze barri baten bidez aurkeztuz. Alkarlan oparo horren emoitzea Gelajauziak ikuskizuna izan zan, harrera bikaina izan dauen lana. Euskal Herriko hainbat herri eta jaialdietan ez eze, besteak beste, Espainian, Frantzian, Italian, Errumanian, Argentinan eta Kolonbian aurkeztu da, eta hainbat sari irabazi ditue: Euskal Produkzino Onena Leioako Umore Azokan, Ikuskizun Barritzaileenaren Saria Hueskako Antzerki eta Jantza Azokan eta Max Sari bi; DantzaTalde eta Musika Onenaren sailetan.
Kontuak kontu, Kukai eta Gelaberten arteko alkarlanak jarraipen berezi bat izango dau Lekeition, izan be, bertako bi jantza tradizional hartuko ditue sormenerako Iturri: Kaxarrankea eta Andrezkoen Soka-jantzea. Kukaikaxa ikuskizuna Lekeition eta lekeitiarrakaz onduko da. Izan be, Cesc Gelabert eta Kukai konpainiak Lekeition hamar eguneko egonaldia egin dabe ikuskizuna sortzeko. Bertan, lekeitiarrek leku berezia izango dabe, sormen prozesuan parte hartzeaz gan, Lekeitoko hainbat musikari, jantzari eta herritarrek ikuskizunaren antzezpenean be hartuko dabe parte.
Lekeitioko 26. Nazinoarteko Kale Antzerki Jaialdiaren egitaraua ikusteko klik egin hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!