Burdinbidearen Euskal Museoak 58 tren historiko zirkulazinoan jarriko ditu garagarrilean eta abuztuan
2015-07-01 11:20 KultureaEuskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak 58 tren historiko jarriko ditu zirkulazinoan garagarrileko eta abuztuko astegoienetan. Horreetatik 26 lurrunezko trakzinozko trenak izango dira, eta beste 32ak diesel trakzinozkoak, museoaren arduradunek jakinarazo dabenez.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren esku dagoan Euskotreneko Burdinbidearen Euskal Museoak 58 tren historiko jarriko ditu zirkulazinoan garagarrilean eta abuztuan. Horreetatik 26 lurrunezko trakzinozko trenak izango dira, eta beste 32ak diesel trakzinozkoak, museoaren arduradunek jakinarazo dabenez.
Lurrunezko trakzinozko trenen zirkulazinoak garagarrileko eta abuztuko astegoien guztietan izango dira, Azpeititik Lasaora; zapatuetan 12:30ean eta 18:00etan martitzenetik barikura, eta Azpeititik 12:30ean eta 18:00etan urtengo dabe.
Horrezaz gan, Bilboko tren materialeko eraikitzailea dan Mariano de Corraleri eskainitako eraskusketa bat izango da ikusgai museoan, eta garagarrilaren 14tik 19ra Lurrunezko Trakzinoko XVIII. Hasierako Kurtsoa emongo da.
Bestalde, Burdinbidearen Euskal Museoak udako ordutegia ezarriko dau eguaztenean, garagarrilaren 1ean eta, beraz, martitzenetik zapatura 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era egongo da zabalik, eta domeka eta jaiegunetan (astelehenak izan ezik), 10:30etik 14:00etara.
Burdinbidearen Euskal Museoak Europako tren bildumarik onenetakoa dauka, mueta askotako ibilgailuakaz: lurrunezko tren makinak, dieselak eta elektrikoak; automotoreak; eta bagoi mueta desbardinak. Era berean, Euskadiko makina tresna multzorik osotuena eskaintzen dau, Urolako Trenbidearen antxinako tailer mekanikoaren bidez. Ganera, XIX. mende amaieratik trenbidean erabilitako uniformeen erakusketa bat eta munduko trenbide erlojuen bildumarik onenetako bat ikusgai ditu.
Aurten, ganera, Egun batez sugina ekimena gehitu deutso bere eskaintzeari. Jarduera hau arrunta da Alemaniako, Frantziako edo Britainia Handiko bestelako trenbide turistikoetan, baina barria Iberiar Peninsulan, eta Azpeitia eta Lasao artean egun dagoan zerbitzuaren lurrunezko tren makina baten kabinan bidaiatzeko aukerea eskaintzen dau.
Ekimen hau zemendiaren 1era arte eskainiko da, lurrunezko trenen 2015eko denporaldietako domeka guztietan. Esperientzia honetan parte hartzeko interesa daben lagunek erreserbea egin behar dabe, aukeratutako eguna baino 72 ordu lehenago gitxienez, posta elektronikoz Burdinbidearen Euskal Museoaren bezero arreta zerbitzuaren hurrengo helbidera zuzenduta: museoa@euskotren.es.
Behin erreserbea baieztatuta, bidaiaren egunean prestakuntza eta beharrezko hornikuntzea hartuko dabe, tarte osoan segurtasuna bermatzeko. Ondoren, makinariari eta suginari lagundu leiee lurrunezko tren makinea martxan jarteko beharrezko prestaketa guztiak egiten dituen bitartean, baita Azpeitia-Lasao ibilbidearen joan-etorriko bidaia osoan be tren makina horren kabinan joan ahal izango dira. Ekimenaren prezioa 50 euro da, eta egun bakotxean parte-hartzaile bakarra onartuko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!