Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak irabazi dabe Etxepare Saria

Bizkaie! 2015-06-30 18:11   Kulturea

Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak aurkeztutako Munstroek pixa egiten dute ohean albuma izan da 2015eko Etxepare Sariaren irabazlea. Nabarmentzekoa da Añorgak eta Mitxelenak Etxepare saria irabazten daben bigarren aldia dala.

Pello Añorgak eta Jokin Mitxelenak aurkeztutako Munstroek pixa egiten dute ohean albuma izan da 2015eko Etxepare Sariaren irabazlea. Nabarmentzekoa da Añorgak eta Mitxelenak Etxepare saria irabazten daben bigarren aldia dala. Epaimahaikideen esanetan, unez une eta lerroz lerro puzten eta puzten doan bildurra barre algara eta lasaitasun bihurtzen da, azkenean. Testua eta irudiak alkar josita datoz, jolasa motor eta emozinoa kide dira. Musikea darie berbei eta bizia irudiei.
 
Etxepare Sarian 18 lan aurkeztu dira aurten. Sari bakarra emon da: 5.000 eurokoa, egile eskubideen aurrerapen moduan. Saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratuko dau, euskeraz, datorren udagoienean.

Patxi Zubizarreta eta Yolanda Arrieta idazleek eta Mikel Valverde ilustratzaileak osotu dabe epaimahaia eta euren esanetan, irudien plano eta perspektiba aldaketea bat datoz testuaren erritmoagaz. Garatzen doan kontaketeari aniztasuna eta interes bisuala eransten deutsie. Era berean, Piztiak bizi diren lekuan Maurice Sendaken obra klasikoari keinu egiten deutson lana dala adierazo dau epaimahaiak.

Nafarroako Udaletako Euskera Zerbitzuek, Nafarroan literatura sari esanguratsu baten hutsunea egoala ikusita eta, beraz, literatur lehiaketen alorrean erreferentzia izateko sariak sortzeko asmoagaz, Etxepare sariak emoten hasi ziran 2004an.

2006tik aurrera, Etxepare umeentzako albumak sortzeko beka bihurtu zan, euskeraz sortutako albumen produkzinoa sustatzeko helburuagaz, izan be, euskeraz argitaratzen diran album gehienak itzulpenak dira, eta ez euskeraz sortuak. Euskerazko album sorrerea bultzatzen dauen beka edo lehiaketak urriak dira, eta, alde horretatik, ekimen barritzailea da hau. 2009tik, barriz, Etxepare beka izateari itxi eta sariak sortu zituen. Baldintzen artean, lehiatuko diran albumak amaituta aurkeztu behar ditue lehiakideek.

Bestalde, albumak dituan ezaugarriakaitik karua da bere produkzinoa. Argitaratzeko zailtasun hori bihurtzen da, hain zuzen, albumak sortzeko oztopo nagusi. Beraz, Etxepare sariaren helburuak beteteko ez da nahikoa saria emoteagaz, lanak argitaratzen be lagundu behar da eta, esangura horretan, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen dau.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu