4.600 personak bisitau dabe bagilean 'Itsasadarraren magia' erakusketea Bilboko Itsas Museoan
2015-06-30 14:47 KultureaDibulgazino izaera nabarmena dauen Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz erakusketeak 4.600 bisitari baino gehiago jaso ditu bagilean. Proiektuak itsasontziz egiteko ibilaldiak be eskaintzen ditu eta bagilean egindako hiru ibilaldietan, 200 lagunek hartu dabe parte. Erakusketa interaktiboa urriaren 31ra arte egongo da ikusgai.
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Itsasadarraren irudia eraldatu eta, herritar guztien gozamenerako uribilduaren eta bere ingurunearen gune egituratzaile barri bilakatu dauen Osoko Saneamendu Planaren 35 urteen ganeko ikus-entzunezko erakusketa interaktiboa jasoko dau urriaren 31ra arte. Dibulgazino izaera nabarmena dauen Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz erakusketeak 4.600 bisitari baino gehiago jaso ditu bagilean.
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Itsas ikerketarako zentro teknologikoak – AZTIk, alkarren artean antolatu daben eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, URA – Uraren Euskal Agentziaren, Bilboko Portuaren eta Iberdrolaren laguntzinoa dauen Itsasadarraren magia– 35 urte bizia sortuz proiektuak itsasontziz egingo diran ibilaldiak be jasoko ditu, Itsasadarraren ingurumen egoera ona egiaztatzeko aldizkakotasunez egiten diran ingurumen zainketa lanak zelakoak diran hurretik ezagutzeko; AZTIko ikerlari baten gidaritzapean egingo dira ibilaldiok; esangura horretan, 200 lagunek hartu dabe parte bagilean egin diran hiru ibilaldietan, eta oso modu positiboan balorau dabe ekimena eta ibilaldian jasotako azalpenak.
Ateak maiatzaren 28an zabaldu zituan erakusketeak, kolektore (hondakin urak araztegietara eroaten dituan hodiak) handiaren itxurea dauen egitureagaz emoten deutso ondoetorria bisitariari, eta bertan 70eko eta 80ko hamarkadetako Itsasadarreko argazkiak ikusi ahal izango dira. Izan be, XIX. mendearen erdialdean, Itsasadarraren inguruak industrializazino-prozesu handia abiarazo eban, burdin mineralaren ustiaketan eta esportazinoan eta industria siderurgikoan oinarrituta, batez be.
Bilboko Itsasadarra, portu txikia izatetik Estaduko eta Europako industria-gune eta merkataritza-gune nagusietakoa izatera heldu zan. Itsasadarraren bazterrak lantegiz eta portu-azpiegituraz bete ziran. 1900. eta 1975. urteen artean, populazinoa laukoiztu egin zan. Ezelako antolakuntzarik bako uri hazkundearen eta ingurumen kontzientzia faltearen ondorioz, hondakin urak –etxeetakoak eta industriakoak– zuzenean isurtzen ziran ubidera, aurretik ezelako tratamendurik emon barik, ia 2.000 tona hondakin isurtzen ziran egunero, eta, ondorioz, oxigenorik bako estolda bihurtu zan.
III. Estropatadea
Datorren domekan, garagarrilaren 5ean, Itsasadarreko hirugarren Estropatada solidarioa egingo danez, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoa bisitau nahi dabenek euro bateko prezio murriztuan egin ahal izango dabe. Estropatadea da, Bilboko itsasadarra eszenatoki lez dauen ekimen barrietako bat. Holan, gomazko ahate lasterketa hori lako jarduera bitxiak egiteko aukerea zabaltzen da. Izan be, gomazko 35.000 ahate inguru jaurtiko ditue itsasadarrera Walk On Project (WOP) fundazinoak antolatuta, ongintzazko helburuak dituan, eta lehen edizinotik Bilboko Itsasadarra Itsas Museoaren laguntzinoa dauen estropada berezi horren hirugarren edizinoan. Ahatetxu lasterketearen helburua, gaixotasun neuro-endekapenezkoen ikerketa proiektuak finantzateko dirua batzea da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!