XII. Eako poesia egunak, garagarrilaren 17tik 19ra
2015-06-29 15:40 KultureaJoxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean gaia ardatz hartuta, garagarrilaren 17an, Alaitz Aizpuruk Eskolondoko liburutegian, 19:30ean, emongo dauen berbaldiagaz hasiko dira aurten Poesia ezin da kabitu lemapean datozen Eako XII. Poesia Egunak.
Joxe Azurmendi 60ko poesiaren eraberritzean gaia ardatz hartuta, Alaitz Aizpuruk Eskolondoko liburutegian, 19:30ean, emongo dauen berbaldiagaz hasiko dira aurten Poesia ezin da kabitu lemapean datozen Eako XII. Poesia Egunak. Joxe Azurmendi euskal saiogile oparoenetarikoa dogu. Bere filosofia lanakaitik hamaika aldiz saritua, eta, beraz, nahikoa ezaguna bada be, haren poesia lanak ez dira ezagunegiak. Joxe Azurmendiren poesia liburu bakarra, Hitz Berdeak (1971), gitxitan aitatzen da, baina euskal poesia modernoaren hasierako eredutzat hartu daiteke, urte hareetako literaturearen erabarritzea ulertzeko lekuko ezinbestekoak.
Hamabigarren edizinoa dabe aurtengo Eako Poesia Egunek. Gabriel Arestiren lana ezagutarazoteko asmoz hasi ziran Eako Poesia Egunak 2003an. Urte horretan Eako seme kutun izentau eben. Eako Herrijari Emon Arnasa alkartearen ekimenez abiatu zan jaialdia, eta hamarkada honetan egindako lanaren ondorioz, euskal literaturako plaza ezagunenetako bat dogu Eako hitzordua. Arestiren figureari lotutako jaialdia da Eakoa, abiapuntuan, behintzat. Baina bestelako proposamen eta askotariko autoreak be batzen ditu jaialdiak, izan be, tartean izaten dira musika-kontzertuak, berbaldiak, herri-bazkari eta afariak, eta, jakina, poesia-errezitaldiak. Era berean, urtero Zaldiarri liburuxkea argitaratzeko ohiturea be hartu dabe antolatzaileek, eta horreek eskuratzeko aukerea be badago sarean, hemen.
Antolatzaile-taldeko Asun Landaren esanetan: Gabriel Aresti poeta eta euskaltzale ezaguna Ean bizi izan zan bere azken bi urteetan, eta poema ederrak idatzi zituan herrian: Eako koplak, Enaren begiak… Orain urte batzuk haren testigua hartu genduan eatarrok, pentsetan dogulako zorra kitatu behar dogula poeta handiagaz, eta berak idatzitakoa ezagutu eta ezagutarazo.
Aurtengo egitarauan nabarmentzekoak dira ondokoak: garagarrilaren 18an, Jose Luis Otamendik errezitaldia egingo dau Kapital Publikoa lana ardatz hartuta, Portusolon, 13:00ean etxe ondoko soloan eta Maialen Lujanbiok, barriz, Poesia (zubi bat) Bertsolaritza gaia izango dau berbagai; Kafkaren aulkia lana be eskainiko dabe Itxaro Borda, Uxue Alberdi, Andoni Egaña eta Pello Ramirezek; errezitaldiak be ez dira faltako: Antonio Casado da Rocha, Tere Irastortza, Joan Mari Irigoien eta Mikel Antzaren poemak Beñat Barandiaranek musikea jarrita; #Erractus, Jule Goikoetxea, Kattalin Miner eta Danele Sarriugarteren eskutik be ikusteko aukerea izango da.
Musikearen arloan be eskaintza zabala atondu dabe: Karratura 22m2; Zure aurrekari penalak Anari; Mundu berria Tenpora; eta Miguel Hernandez kantuz lana Josu Landaren eskutik.
Informazino gehiago eta egitarau osoa ikusteko klik egin hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!