.eus da honezkero Twitter eta laster euskerazko txioak be ulertuko ditu

Bizkaie! 2015-06-22 11:52

PuntuEUS Fundazinoak jakinarazo dauenez, gaur egun Twitterrek ez dau euskerea ezagutzen, interfazea euskeraz izan arren eta, PuntuEUS Fundazinoagaz adostuta, hori konpontzeko lanean dabil Twitter, eta, laster, euskeraz idatzitako txioak identifikauko ditu.

Twitter sare sozialak salto egin dau .eus domeinura eta, ganera, euskeraz idatzitako txioak identifikauko ditu laster, PuntuEUS Fundazinoagaz adostutako lankidetzeari esker.

PuntuEUS Fundazinoak jakinarazo dauenez, gaur egun Twitterrek ez dau euskerea ezagutzen, interfazea euskeraz izan arren eta, PuntuEUS Fundazinoagaz adostuta, hori konpontzeko lanean dabil Twitter, eta, laster, euskeraz idatzitako txioak identifikauko ditu. Horretarako, CodeSyntax enpresearen laguntzinoa izan dabe PuntuEUS Fundazinoak eta sare sozialak.

Erabiltzaileen eskariz, Twitter sare sozialak euskerazko bersinoa argitaratu eban 2012an, eta, ordutik, interfazea euskeraz erabilteko aukerea dago. UMAP webguneak txiolari euskaldunen jarduna jasoten eta iragazten dau eta, haren arabera, azken hilean, maiatzean, euskerea erabilten daben 7.569 erabiltzaile aktibo izan dira danetara. Idatzitako txioei jagokenez, barriz, komunidadeko erabiltzaile aktibo horreek 653.108 txio bialdu ditue, % 50,70 euskeraz, hau da, egunero 10.682,13 euskerazko txio argitaratu dira, batez beste.

.eus domeinua euskerearen eta euskal kulturearen komunidadearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskerea eta euskal kulturea sustatzea eta euskerea eta euskal kulturearen komunidadea kohesionatzea da. Proiektuak 2007an emon zituan lehen pausuak, eta, 2008an, PuntuEUS Elkartea eratu zan, euskerearen eta euskal kulturearen komunidadea egituratzeko helburuagaz.

PuntuEUS Elkartea zabaltze prozesuan egon da 2008tik 2012ra, eta, gaur egun, 58 alkarte eta erakundek osotzen dabe. 2012an, PuntuEUS Elkarteak PuntuEUS Fundazinoa sortu eban, eta azken horrek .eus domeinuaren eskaria aurkeztu eban ICANNen aurrean, 2012ko maiatzean.

Eskari horren ganeko ebaluazinoa egin ostean, 2013ko bagilaren 14an jakinarazo eben .eus domeinua onartua izan zala. Martxan jarteko beharrezko lanak amaituta, .eus domeinua 2014ko udabarritik dago ikusgai Interneten, eta 2014ko abenduaren 3an zabaldu zan erabiltzaile guztientzat. Momentu honetan, 3.600 domeinu-izen dagoz erregistrauta.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu