UPV/EHUk jantza tradizionalaren ganeko udako ikastaroa antolatuko dau Aiko Taldeagaz batera
2015-06-17 12:42 KultureaEuskal Herriko jantza tradizionala ezagutarazo guran dabilzan musikari eta jantza-maisuek osotutako Aiko Taldeak Euskal Herriko Unibersidadeagaz lankidetzan, Udako Ikastaroen hurrengo edizinoan, Tradegin: tradizinozko jantza garaikidea egin izenburupean, gehienbat praktikoa izango dan ikastaroa eskainiko dau jantza herrikoien inguruan, bagileko azken astegoienean (hilaren 26, 27 eta 28an), Arratian, Areatzan, hain zuzen be.
Euskal Herriko jantza tradizionala ezagutarazo guran dabilzan musikari eta jantza-maisuek osotutako Aiko Taldeak beste pausu bat emon dau Euskal Herriko Unibersidadeagazko lankidetzan, eta horrenbestez, Udako Ikastaroen hurrengo edizinoan, Tradegin: tradizinozko jantza garaikidea egin izenburupean, gehienbat praktikoa izango dan ikastaroa eskainiko dau jantza herrikoien inguruan, bagileko azken astegoienean (hilaren 26, 27 eta 28an), Arratian, Areatzan, hain zuzen be.
Ekimena oso publiko zabalari zuzenduta dago, jantza munduko profesionalak, jantzazaleak oro har, eta jantza tradizionalari buruzko ikuspegi garaikidea izan eta Aikok jantzearen irakaskuntza-ikaskuntzarako darabilen metodoa ezagutzeko interesa daben guztiak barne. Zeregin honetan hasi zanetik, kolektibo honek ahalegin berezia egin dau jantza tradizionalaren imitazino bidezko transmisinorako aukera barriak bultzatzeko, gaur egungo bizimodura egokituta. Aiko Taldeak jantzan egiteko estilo tradizional eta naturala bultzatzen dau, gaurko mundura egokitutako metodo propio, dibertigarri, argi eta erraz baten bidez, 'gozatuz ikasteko eta jantzan eginez gozatzeko'.
Ekimen kultural eta pedagogiko honetan, Aiko Taldeko Sabin Bikandi, Patxi Laborda, Josu Garate, Ainhoa Odiaga eta Larraitz Artetxegaz batera, beste artista gonbidadu batzuek be parte hartuko dabe, besteak beste, Claude Iruretagoyena, Biarrizko Maritzuli Konpainia jantza-taldeko koreografoa, Aiko Taldeagaz behin baino gehiagotan jardundakoa; Oier Araolaza, jantzaria, ikertzailea eta dantzan.eus erreferentziazko atariaren bultzatzailea, eta Kepa Artetxe, Euskal Herriko jantza tradizionalaren kondaira bizia eta Galdakaoko Andra Mari Dantza Taldearen alma materra, eskola magistrala eskainiko dauena.
'Tradegin: tradizinozko jantza garaikidea egin' izenburuko ikastaroa Arenalean egingo da, euskeraz, UPV/EHUren XXIV. Udako Ikastaroetako Historia eta Kultura zikloari atxikita. Programearen barruan, hainbat estilo aztertuko dira, kontradantzak, jotak eta Gipuzkoako jantza batzuk barne, eta jantzearen bilakaerearen ganeko eskola praktikoa emongo da.
Barikuko nahiz zapatuko ikastaldien buruan, hilak 26 eta 27, erromeria bana antolatuko da Aiko Taldeko musikari eta jantza-maisuen partaidetzaz, eta domekan, hilak 28, udako ikastaroari behar dan moduko amaierea emoteko, Kepa Artetxek jota edo fandangoari buruzko masterclass bat eskainiko dau.
Matrikulea egiteko 40 euro ordaindu behar dira. Ikastaroaren helburua, jantza munduko profesionalen eta jantzazaleen arteko topagunea eratu eta euskal gizarteari jantza tradizionalaren garrantzia bistaratzea da, kasu honetan Unibersidadearen laguntzaz. Esangura horretan, musika eta jantza tradizionala euskal kulturearen ondare ukiezintzat sustatu nahi da, arte horreen inguruko ezagutzen transmisinoan era aktiboan lagunduz.
Tradegin: tradiziozko dantza garaikidea egin
Bagilak 26 barikua
17:00 Korrotik pikutara: Oier Araolaza eta Gari Otamendik jantzearen historiari begirada interesgarri bat proposatzen deuskue, musika eta jantzan eginez, tailer-ikastaro-berbaldi praktiko honen bidez.
19:00 Erromeria-jantzaldia (I): Jantzaldia Aiko Taldeagaz.
Bagilak 27 zapatua
10:00 Gipuzkoako jantzak: Josu Garate jantza maisu eta jantzari finak hainbat urtetan eta hainbat jantza maisuakandik ikasi dituan esperientziak konpartiduteko asmoagaz jatorku Areatzara.
12:00 Joteagaz olgetan Patxi Labordagaz.
17:00 Kontradantzak: Claude Iruretagoyenak ikerketa lan handia egin dau jantzen inguruan, baina ez bakarrik jantza jauzi edo mutxikoakaz, kontradantza edo kadrileetan be aditua da, eta maisu aparta.
19:00 Erromeria-jantzaldia (II): Aikotarren bigarren jantzaldia.
Bagilak 28
10:00 Sormena jotan erritmoa baliatuz: Sabin Bikandik, musikaria danez, erritmo desbardinak erabiliz puntu bardin edo antzekoei etekina ateraten erakutsiko deusku.
12:00 Master class: Kepa Artetxe: Kepa Artetxegaz jotea jantzan egitea esperientzia bat da beti.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!