Aiama Quartet, Federico Nathan Quinte eta Maciek Wojcieszuk Quintet Bermeoko XVIII. Jazzaldian

Bizkaie! 2015-06-12 15:41   Musikea

Bermeoko XVIII. Jazzaldiak garagarrilaren 1etik 3ra hiru kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu. Aurten Jazzber jaialdi honetan Amaia Izarzugaza bermeotarra buru dauen Aiama laukoteak, Uruguayko erritmoak nagusi dituan Federico Nathan boskoteak eta Maciek Wojcieszuk  boskoteak parte hartuko dabe. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrerea doban izango da.

Bermeoko XVIII. Jazzaldiak garagarrilaren 1etik 3ra hiru kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu. Aurten Jazzber jaialdi honetan Amaia Izarzugaza bermeotarra buru dauen Aiama laukoteak, Uruguayko erritmoak nagusi dituan Federico Nathan boskoteak eta Maciek Wojcieszuk perkusionistearen ekimenaren ondorioz sortzen dan Maciek Wojcieszuk boskoteak parte hartuko dabe. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrerea doban izango da. Jam Sessiona Izaro Irish pubean izango da.

Aingeru Astuik, Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak, eta Joseba Verdes eta Igor Markaida Jizz-jazz taldearen kideek aurkeztu ditue aurtengo Jazzber jaialdiaren nondik norakoak gaur egindako prentsaurrekoan. Eskualdean egiten dan jazzaldi bakarra da Jazzber.

Jazz jaialdia garagarrilaren 1ean, eguaztenean, hasiko da Kafe Antzokian Amaia Izarzugaza bermeotarra buru dauen Aiama laukoteak 20:30ean eskainiko dauen kontzertuagaz. Bertan, eurek sortutako konposizinoak aurkeztuko ditue. Horreen jatorria jazz amerikarra eta kubatar bolero erromantikoak dira eta Amaia Izarzugazak interpretetan ditu pianoan eta ahotsean, euskeraz eta ingelesez. Beste taldekideak Alemania, Grezia eta Koreatik datoz.

Garagarrilaren 2an, eguenean, Federico Nathan Quintet boskotearen txandea izango da Kafe Antzokian 20:30ean. Proiektu hau 2008an sortu eben Nathan anaiek, Federicok eta Maximilianok, hain zuzen be. Taldeak jazz garaikidea eskaintzen dau estilo asko buztartuz, baina batez be, euren herria dan Uruguayko candombe, murga eta tango estiloak dira nagusi euren errepertorioan. 2013an, Errumaniako Bucharest International Jazz Competitionean talderik onenaren saria irabazi eben.

Maciek Wojciesszuk Quintet boskoteak eskainiko dau kontzertua garagarrilaren 3an, barikuan, Kafe Antzokian 20:30ean. Maciek Wojcieszuk perkusionistearen ekimen baten ondorioz sortu zan Maciek Wojcieszuk Quintet proiektua. Honen lanak bere esperientzia zuzenaren eraginak islatzen ditu, ez bakarrik jazz munduaren ingurukoak, baita beste genero batzuetakoak be: rocka, zelten musikea, Balkanetako folka eta antzerkirako beren-beregi sortu dituan musikea.

Garagarrilaren 3an, ohiko Jam Sessiona be izango da Izaro Irish Pubean da 22:00etatik aurrera.

Aingeru Astuik gogoratu dauenez, Jazzber eskualdean egiten dan jazz jaialdi bakarra da. Haren esanetan, jaialdi honek, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuakaz gozetako eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukerea emoten deutse. 

Jazzber jaialdia Bermeoko Udalak,  Jizz-Jazz Kultur Taldeagaz batera antolatzen dau. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Izaro Irish Pub, Bermeoko Kafe Antzokia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu