Bilboko Udal Musika Bandeak 120 urte egin ditu asteon
2015-06-11 18:35 Musikea1895eko bagilaren 9an, José Sainz Basaberen zuzendaritzapean, Bilboko Udalaren Musika Bandeak bere lehenengo kontzertua emon eban Arenalean. Ordutik Bilboko leku enblematiko hori Bandearen ohiko eszenatokietako bat izan da.
Bilboko Musika Bandeak 120 urte bete ditu aste honetan, eta modurik onenean ospatuko dau, hau da, kontzertua eskainiz Arenaleko Kioskora hurreratzen diran guztien gozamenerako. Barikuan, hilaren 12an, arratsaldeko 19:00etatik aurrera, Bandako 45 musikariek, Iñaki Urkizu zuzendariordearen aginduetara, zartzuela eta opera piezak edo pasodoble eta mambo erritmoak jasoko dituan programa anitza eskainiko dabe, Gerónimo Giménez, Mario Mauza, Primitivo Aspiazu eta Alexander Borodin lako konposatzaileen lanak, besteak beste. Joan dan maiatzaren 22tik bariku guztietan Bilboko Arenala musika bikainez beteten dauen Udabarriko denporaldiko laugarren kontzertua izango da.
1895eko bagilaren 9an, José Sainz Basaberen zuzendaritzapean, Bilboko Udalaren Musika Bandeak bere lehenengo kontzertua emon eban Arenalean. Ordutik Bilboko leku enblematiko hori Bandearen ohiko eszenatokietako bat izan da. Dana dala, Bandearen musikea beste leku askotan be entzun izan da, Valentziako Palau de la Músican, Tenerifeko Santa Kruzeko Angel Guimerá Antzokian edo Madrilgo Ubideko Antzokietan, besteak beste. Zuzeneko musikea eskaintzeaz gan, Bandeak hainbat disko grabau eta musika proiektu garrantzitsuetan be hartu dau parte.
Iñaki Urkizu arduratuko da kontzertua zuzentzeaz. 2007tik Bilboko Udal Musika Bandako zuzendariordea da. Zortzi urtegaz hasi zan tronpetea joten etxeko ohitureari eutsiz. Donostiako konserbatorioan egin zituan ikasketak eta jarraian Tolosako Udal Bandako kide egin eta bakarlari legez hamarkada batez ibili zan.
Ondoren, zenbait musika eskoletako irakasle izan da (Beasain, Tolosa eta Arrasate Musical), zenbait bandetako kolaboratzailea, –Bilboko Orkestra Sinfonikoa edo gipuzkoar uriburuko Konjunto Barrokoa, Araba Brass Taldea eta Gasteizko Big Band besteak beste- eta moldaketa, transkripzinogile eta musika bildumagile lanetan bere ibilbidea landu dauena da. 1998an, Ertzaintzako Musika bandako Zuzendaritzan sartu zan ordura arte tronpeta bakarlaria zana. 800 kontzertu baino gehiago zuzendu ditu eta zenbait diskoren grabaketetan parte hartu dau bere karrera osoan.
Beste alde batetik, José Rafael Pascual Vilaplanak, Bandako zuzendari titularrak, zarratuko dau udabarriko kontzertuen zikloa datorren barikuan, bagilaren 19an, Ingeles Klasikoak izenburuko egitarauagaz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!