Mendierromeria datorren domekan Urbian

Bizkaie! 2015-06-11 10:35   Kulturea

Club Vasco de Camping Elkartea (CVCE) izenekoak eta Aiko Taldeak antolatuta, mendierromeria datorren domekan, bagilaren 14an, izango da, arratsaldeko 15:30etatik 17:00etara. Aurretik, igoerea egingo da Arantzazutik 10:30ean, eta 12:00etan, Aiko Taldeko maisuek hastapen ikastaroa emongo dabe hurreratzen diran jantzazale guztientzat (12:00etatik 14:00etara).
 

Domekako mendierromeria Club Vasco de Camping Elkartea (CVCE) izenekoak eta Aiko Taldeak antolatu dabe, talde bien helburuari eusteko: jarduera tradizionalen, herri guztiak inguruneaz gozatuz parte hartzen eban ospakizunen sustapena, hain zuzen be. Horren haritik, Txema Garay CVCEko presidenteak adierazo dau: mendiagazko maitasuna ardatz hartuta antolatzen dogu erromeria berezi hau Urbiako landetan, baina mendia bezain garrantzitsua da jantzea gure herriko kulturan, eta praktika-faltearen ondorioz inork atxakiarik izan ez daian, tailer bat atondu dogu Aiko Taldearen eskutik, bakotxak barruan daroan jantzaria ezagutzeko aukerea izan daian.

Euskal Herrian, mendia topagunea, muga eta harremanetarako lekua izan da betidanik, baita leku magiko eta sagradua be. Komunikazinoa, tratuak eta harreman sozialen eta herri-nortasunaren mesedeko giroa nagusi diran ingurune horretan, jantzan egin izan da beti. Mendi-erromeriek oso giro berezia dabe: ibilaldia, ingurunea, lagun arteko giroa, jantzea, musikea, itzulerako nekea… Hori guztia gogoan hartuta, CVCEk ohiko mendi-ibilien osogarritzat jo daitekeen jarduerea antolatu dau Urbiako landetan, alkarte honetako nahiz beste mendi-talde batzuetako bazkideentzat.

Kontuak kontu, aurreko deialdiaren arrakastea ikusita, jantzaldi herrikoia izango da barriro Urbiako zelaietan, udeari ondo etorria emoteko. Hitzordua domekan, bagilaren 14an, izango da, Aizkorriko Parkearen ingurune naturalean, leku bikaina egun bat familian pasetako, bi jarduera osasuntsu eta natural buztartuz: mendira egiten diran ibilalditxuak eta jantza. Erromeria (15:30etik 17:00etara) hasi aurretik, programeak hastapen ikastaroa eskainiko dau (12:00etatik 14:00etara). Bertan, Aiko Taldeko maisuek lehenengo pausuak ematen erakutsiko deutseez bertaratutako guztiei.
 
CVCEk autobus bidezko joan-etorriak be antolatu ditu. Autobusak Donostiako Artzai Onaren Plazatik abiatuko dira 9:00etan, eta 19:00etan itzuliko dira. Mendi-ibiliaren iraupena ordubete eta erdikoa izango da, gitxi gora-behera, Urbiako landetaraino. Inskripzinoak –15 euroko prezioan– CVCEko bulegoetan (Prim kaleko 35ean, Gernikako Arbola kaletik sartuta) egin daitekez bagilaren 12ra arte, astelehenetik barikura, 16:30etik 20:30etara bitartean.

Beste alde batetik, Aiko Taldeak bere azken jantzaldia egingo dau asteburu honetan (barikuan, bagilaren 12an, arratsaldeko 19:00etan), Bilboko Erriberako merkatuko atarian.



CVCE eta AIKO Taldea

Donostiako Club Vasco de Camping Elkartea (CVCE) 1950ean sortu zan, eta gaur egun, mendiagaz eta natureagaz lotutako jardueretan parte hartzen daben 4.000 bazkide inguru ditu. Astegoienetan gazte eta nagusientzat antolatzen dituan mendi-ibiliez gan, CVCEk bestelako jarduerak be antolatzen ditu, besteak beste, proiekzinoak, argazki-lehiaketak edo mendiko eski-norgehiagokak, eta Errimaia aldizkaria be argitaratzen dau.

Aiko Taldea  musikari, koreografo eta jantza maisuz osotutako alkarte kulturala da, guztiak bokazino berdintsuagaz: modu natural, lasai eta dibertigarrian jo eta jantzan egitea eta pasino hori ahalik eta persona gehienei helarazotea da bere helburua.
 
Aiko Taldea, gure plazak erromeria bereziakaz girotzeaz gan, Euskal ondare tradizionala transmitiduteaz eta zabaltzeaz be arduratzen da, zaletuei edo eta profesionalei zuzendutako ikastaro, mintegi nahiz master class saioak antolatuz. Aikok bere metodologia propioa landu dau eta urritik bagilera bitartean hainbat herritan antolatzen dauen Dantzaldi Ibiltaria ekimenagaz, Euskal Herri osoko txokoetara heltzen da.

Aiko Taldea gaur egun Sabin Bikandi (txistularia eta konposatzailea), Asier García (perkusionistea), Ainara Artetxe (biolin jolea), Elur Arrieta (perkusino jolea), Álvaro García (gitarrajole eta konposatzailea), Aitor Furundarena (soinujolea eta konposatzailea) , Amaiaur Cajaraville (kontrabaxua) Txus Aranburu (soinujolea), Arkaitz Miner (biolin jolea), musikariez eta Larraitz Artetxe, Patxi Laborda, Ainhoa Odiaga, Josu Garate, Irune Arrizubieta, Jon Maya, eta Vanesa Castaño jantza maisuez osotzen da, beste hainbat kolaboratzaileren artean.
 

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu