Miriam Ramirez: 'ZAWPen lanaren erakusleiho baten antzekoa izango da astegoieneko jaialdia'
2015-06-08 11:24 BarriketanZAWP ekimeneko kidea
Deustuako Erriberan bada gune berezi bat, pabilioi artean, ZAWP Zorrotzaurre Art Work In Progress izena daukana, sortzaileentzako espazio edegia behar egiteko, beste artista batzuekaz hartu-emona izateko eta euren sorkuntzak jentaurrean erakusteko. Urte osoan hamaika proiektu eta proposamen garatzen ditue, musikea, artea, ikus-entzunezkoak, antzerkia, jantzea eta beste hainbat arlotakoak. Astegoienean, hilaren 12, 13 eta 14an, ikasturtean egindako lanen erakusleihoa dan Zona Franca ZAWP jaialdia antolatu dabe.
1.- Zelan hasi zan ZAWP Zorrotzaurre Art Work In Progress ekimena?
Berez, orain sei bat urte hasitako proiektua da ZAWP, hasieran ekimen txikia da, eta apurka-paurka handitzen joan da. Goitik behera aldatzen dagoan auzo baten gagoz, Zorrotzaurren, eta aldaketa horri zeozelako erantzuna emon gura geuntsan. Holako aldaketa baten aurrean zeozer egin behar genduan. Gure inguruko pabilioiak hutsituten joan ziran, alokatu egin genduan baten bat, eta ekitaldiak bultzatzeari ekin geuntsan. Gauza txikiak ziran hasieran.
2.- Auzoak berak garrantzi handia dauka ZAWP ekimenean, ezta?
Azkenengo urteetan aldaketa asko izan dituan auzoa da hau. Auzoan mobimentua egotea zan gure asmoa, auzokoei eskaintza kultural bat emotea. Hasieratik arkitekto eta adituekaz batzarrak egin genduzan auzoaren eraldaketei buruz berba egiteko. Oroimen historikoa landu dogu, auzotarrei eta bertan beharrean egondakoei alkarrizketak egin deutsieguz, hemen egondako enpresei buruz dokumentazinoa batu dogu...
Auzo honetan sortu zan proiektua, eta hemen egongo da lanak amaitu arte. Begira geratu barik, lanak noiz amaituko; bitarte horretan, amaitu arteko denpora tarte horretan, zeozer eskaini nahi deutsagu auzoari. Hori da ZAWP. Badakigu azkenean pabilioi honeek bota egingo dituela, baina ezin gaitekez jazoko danaren zain egon. Bitarte hori, tarte hori aprobetxau gura dogu. Gero zer pasauko dan ez dakigu.
3.- Auzoan harrera ona eukiko zenduen.
Auzoko alkartearen barruan gagoz. Egiten doguzan ekintza guztiak eurak kontuan hartuta burutzen doguz. Batak besteari laguntzen deutso. Auzoko jaietan, adibidez, leku zarratua behar badabe jardueraren bat egiteko, gure pabilioiak zabalik daukiez. La Haceria guneko ekintza guztiak, berbarako debalde dira auzotarrentzat.
4.- ZAWP alkartzeko, sortzeko eta erakusteko lekua dala dinozue.
Proiektu asko dagoz ZAWpen barruan. Espazio honek sortzaileei lan egiteko eta lana erakusteko aukerea eskaintzen deutsie. Sorkuntzak jentaurrean aurkezteko Garabia eta La Haceria guneak daukaguz. Orain urte batzuk diru-laguntzea lortu genduan eta inguruko pabiloi batzuk alokatu genduzan. Espazio bat erabarritzea lortu genduan, eta orain erakusketarako eta lanerako balio deusku. Alkarbanatzeko guneak dira, jente desbardina batzen da bakotxa bere egitasmoan lan egiteko.
Beste toki batzuetan be badagoz gurearen moduko espazioak, eta galdetu zelan deuskue ia zelan moldatu garan, ia zelan garatu genduan proiektua.
5.- Sortzaileak alkartu, eta sortzeko eta erakusteko lekua eskaintzeaz aparte, kanpora joateko laguntzea be emoten dozue, ezta?
Gure helburua sortzaileei laguntza eskaintzea da. Nazinoarteko hainbat saretan gagoz, izan be Europan antzeko ekimen ugari dagoz martxan. Hemengo jentea mobidutea nahi dogu, izan daiala aukerea kanpora joateko, eta hangoek hona etorteko be bai, jakina. Kanpoan be gure auzoa ezagutzea nahiko geunke. Aste osoan egoten da hemen jentea beharrean, lantegi bat be ba da hau, ez da erakustoki hutsa.
6.- Ikasturte amaierako jaialdia egingo dozue bagilaren 12, 13 eta 14an, Zona Franca ZAWP. Danetariko jarduerak dagoz egitarauan.
Gure lanaren erakusleihoa baten antzekoa izango da jaialdia. Gune Frankoa artearentzako gunea da, alkarbanatzen dan gauza bakarra artea edo sormena da. Hiru hiletik behin antolatzen dogu, denpora tarte horretan egin doguna jenteari erakusteko, zertan gabilzan erakusteko. Hainbat jarduera antolatu doguz. Pintura lehiaketa berezi bat egingo dogu, esaterako, Deustuko Erriberea eta Zorrotzaurreko pensinsulearen zure begirada artistikoa. Orain sei bat urte be egin genduan. Auzoaren eraldaketea erakustea da gure asmoa, baina ez bakarrik argazkien bidez, margolanen bitartez be bai. Auzoa zelan aldatu dan erakusteko beste modu bat da, artearen bidez.
Tailerrak be antolatu doguz, ume eta helduentzat. Umeentzako, berbarako, zapatu goizean, antzerkia eta ingelesa lotzen dituan Mini Act Now tailerra egingo dogu; eta, arrastian, Pop´n´kids kontzertua egongo da.
7.- Merkatu artistikoa egingo dozue, ZAWP Craft. Zer da hori?
Artelanen merkatua da. Hemendik pasau dan jentearen artelan edo beharrekaz osotutako artelanean azokea, hain zuzen be. Baina zabalik dago nahi dauen edonorentzat, nahiz eta hemen egondakoa ez izan. Baten bat animetan bada, artista edo artisaua, ondo etorria izango da; gugaz kontaktuan ipini daitela, eta erakutsi daiala zer egiten dauen. Hogeita hamar sortzaileren lanak batuko dira, erropea, osogarria, pinturea, diseinua...
8.- Jentearen parte-hartzea bultzatu gura dozue jaialdian, eta bisita gidatuak atondu dozuez Deustuko Erribera eta Zorrotzaurre ezagutzeko, oinez eta bizikletaz.
Urteko beste sasoi batzutan be egiten doguz bisitak, eta orain be egingo doguz. Auzoa ezagutzera animau nahi dogu jentea, askok ez dabe ezagutzen, urrun dagoala ikusten dabe. Ez dago hain urrun eta merezidu dau etortea.
9.- Eta zer da Vermut Karaokea?
Domeka goizean egingo dogu, Yogurina Borova gidari dogula. Tarte horretan ez geunkan ezer, ez egoan jarduerarik. Vermut Karaokea egitea pentsau genduan. Danon artean sortutako ekitaldia da. Karaoke berezia izango da, ordu berezian. Hau da estreinaldia.
10.- Musikea eta jantzea be ez dira faltako, Eli Belmontek lan barria aurkeztuko dau.
Gure kolaboratzailea da Eli Belmonte, eta A base de palos flamenko ikuskizun esperimentala estreinauko dau zapatuan eta domekan. Gure flamenko clubeam eskolak emoten ibili da ikasturte honetan, eta ZAWPen egindako urtebeteko egonaldian sortu dau ikuskizuna.
Musikeari jagokonez, mundu guztiarentzako emonaldiak atondu doguz. Barikuan, DidiJazzek Sonny Rollins omenduko dau; zapatuan, swing doinuak ekarriko ditu DND Swing Bandek, eta ostean swing jaia egingo dogu Dj Nash-egaz; eta, domeka arrastian, Mud Candies taldeak itxiko dau egitaraua.
Eta beste makina bat gauza be egongo dira: Ciutat Morta dokumentalaren proiekzinoa, ukelele tailerra, bakarrizketa saioak, Tokotuboka konpainiak Las fuerzas del Jony taukaratuko dau, graffitiak eta abar.
11.- Sei urtean proiektua nabarmen hazi da, aurrera begira gehiago zabaltzeko asmorik daukazue?
Hasieran proiektutxu bat zan, laguntzea jasotean hazteko aukerea euki ebana. Denpora gitxian asko handitu zan egitasmoa, eta urtebete nahiko geldi pasau genduan, zer eta zelan egin, zelan kudeatu aztertzen. Gatxa izan zan urte hori. Gaur egun proiektua bideratuta dago.
Guk hau danau bakarrik ezin genduala egin konturatu ginan, gugaz batera talde eta alkarteak dabil lanean. Eureei esker lortu dogu ZAWPek aurrera egitea, bestela ezinezkoa izango litzateke. Hona etorri diran taldeei laguntzea eskaini deutsiegu, pabilioian lan egiteko aukerea emon, euren lanak aurkezteko be bai, eta ostean, eurek guri lagundu deuskue proiektua garatzen eta handitzen.
12.- Gehiago hazteko asmorik ez daukazue, orduan?
Gehiago hazi ez, asko handitu da proiektua, guretzat nahikoa da. Pabilioi gehiago ez dogu hartuko, ardura handia da hori. Haztea gura dogu jente barria ekarriz, egitasmo barriak, baina... Ez dakit zelan azaldu...
13.- Pabilioi gehiagorik ez dozuela gura, behintzat, ezta?
Kar, kar, bai, hori. Gastu handia da, eta ardura handia. Egitasmo barriak erakarteko asmoa badaukagu, eta zentzu horretan hazteko prest bagagoz.
14.- Ze proiektu barri daukazuez?
Street Art dalakoa gabilz garatzen orain. Auzoan bertan galeriak sortu nahi doguz. Beste proiektu bat be badaukagu: Bilboko tomatea berreskuratzea. Inguruko lurrak kutsatuta dagoz, hori ia zelan konpondu pentsaten gabilz. Hutsik geratzen diran azalerak begiratzen gabilz, ia aprobetxau daitekezan. Ia lortzen dogun bertoko tomatea berreskuratzea. Proiektuak euki badaukaguz, eta baten bat ezin bada egin, ba beste bat sortuko da. Idea asko ditu jenteak, proposamen ugari. Ez dogu nahi pasinoa galdu.
15.- Jaialdiaren ostean, oporrak hartuko dozuez irailera arte?
Garagarrila eta abuztuan ez dogu egitaraurik izaten, ez behintzat bagilera arte eukiten dogunaren moduan. Baina beharrean segiduten dogu udako hileetan be. Hurrengo ikasturtea preparetako tartea da guretzat, egitasmo asko daukaguz martxan, eta denporea behar dogu antolaketarako, barruko lana egiteko. Dana dala, hile horreetan ekintzaren bat-edo egingo dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!