Juana García-Pozueloren 'To the end' erakusketea edegi dabe Rekalde aretoan
2015-05-21 12:08 KultureaSorkuntza artistikora zuzendutako bekak jaso dituen artistez osotutako barriek 2015 programearen barruan, Juana García-Pozueloren To the end erakusketea aurkeztu barri dabe Bilboko Rekalde aretoan. Garagarrilaren 19ra arte egongo ikusgai erakusketea.
Sorkuntza artistikora zuzendutako bekak jaso dituen artistez osotutako barriek 2015 programearen barruan, Juana García-Pozueloren To the end erakusketea aurkeztu barri dabe Bilboko Rekalde aretoan. Bizkaiko Foru Aldundiak emoten ditu bekok. Garagarrilaren 19ra arte egongo ikusgai erakusketea.
García-Pozuelok alegoria piktorikoak egiten ditu, emozinoak, oroitzapenak, gizateriaren historia, naturea eta beste hainbat gai erabiliz. Figurak eta paisajeak lotzen ditu bere beharretan. Egilearen berbetan, pintetako prozesua mundura hurreratzeko, mundua hobeto ezagutzeko, modu bat da, baina modu berean, mundutik urruntzeko borondatez eginda dago.
Behar egiteko daukan moduagaitik, artistearentzat pinturea ariketa bat da, hasteko barne-azterketa bat, jakin-mina bizten daben gaiei buruzko gogoetea, eta abian ipinten da gure gorputzak behar estetikoekaz -ez oinarrizko beharrizanekaz- zerikusia dauen estimulu bati erantzuten deutsonean.
Juana García-Pozuelo Logroñon jaio zan 1978an, eta Bilbon bizi da gaur egun. Arte Eder ikasketak egin zituan EHUn, eta Arte Sorkuntza eta Ikerketako Masterra be egin dau. Hainbat ikastaro egin ditu bere prestakuntzea osotzeko, besteak beste, New Yorkeko School of Visual Arts eta Salzburgoko Summer Shool of Fine Art zentroetan.
Banakako zazpi erakusketa egin ditu Bilbo, Basauri, Gasteiz eta Logroñon. Jaso dituen sarien artean dagioz: Bizkaiko Foru Aldundiaren 2012ko sorkuntzako bekea, Bilbao Arte Fundazinoan eta New Yorkeko Staten Island-eko Snug Harbor Cultural Center-en izandako egoitzak, eta Errioxako Parlamentuaren Pintura Lehiaketako Eskuratze Barrientzako sari bi.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!