Jazz musikea, rocka, klasikoa edo herrikoia, 'Euskerazko musika lehen(a)' zikloan

Bizkaie! 2015-06-02 11:20   Musikea

Kontzertuak bagileko eguen guztietan izango dira, Deustuako eta San Inazioko hainbat eszenatokitan. Jazz musikatik rock-era, klasikoa edo herrikoia… Danak dauka bere lekua bagilaren 4an, 11n, 18an (eta 19an) eta 25ean egingo diran dobako kontzertu horreetan.

Bigarren urtez jarraian, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, hainbat estilotako euskal musikariren eta bi abesbatzaren talentuaz gozetako konbita egin dau, zuzeneko emonaldien zikloan. Kontzertuak bagileko eguen guztietan izango dira, Deustuako eta San Inazioko hainbat eszenatokitan. Jazz musikatik rock-era, klasikoa edo herrikoia… Danak dauka bere lekua bagilaren 4an, 11n, 18an (eta 19an) eta 25ean egingo diran dobako kontzertu horreetan.

Ekimena eguen honetan, hilaren 4an, jarriko da martxan Deustuako Udaltegian, Andoni Egañak, Xabier Lizasok pianoan lagunduta, aurkeztuko dauen Garai hura gara ikuskizunagaz. Ikuskizun horretan XVIII. mendeko eta XIX. mendearen hasierako kultur jokerak ezagutarazoko ditue. Xabier Lizasok Larrañagaren, Gamarraren eta Osinagaren lanak hurreratuko deutsez ikus-entzuleei, eta Andoni Egaña bertsolariak Fernando Amezketarraren bertsoak kantauko ditu.

Bagilaren11n, Euskerearen Etxean eskainiko dan hurrengo kontzertuaren protagonista Naroa Gaintzaren ahotsa izango da. Amaiur taldean ibili ondoren, Bilbon grabau dauen eta hainbat laguntzaile izan dituan 22m2 proiektu barria aurkeztuko dau. Hasiera batean bakarkako diskoa dirudien arren, rock and roll banda kontzepturantz jo dau. Bertan elementu intimoak eta aldi berean indartsuak atzemoten dira.

Bagileko hirugarren astean programazino bikotxa atondu dabe; bagilaren 18an, San Inazio Abesbatzak eta Deustuarrak Abesbatzak emonaldia eskainiko dabe Deustuko San Pedro eleizan. Hurrengo egunean, La Hacerían, bateriak, kontrabaxuak, pianoak, saxofoiak eta ahotsak osotutako Ana Bejarano eta Euskonection boskotearen txandea izango da. Talde horren dinamikea jakin-minez beteta dago, eta euskal abesti herrikoien erromantizismoan oinarritzen da, batzuetan swinga gure lurraldean tipikoak diran konpas eta musika egitura ausartenakaz buztartuz. Ideiaren helburua jazza osotzen daben generoen familia Euskal Herriko musika estiloakaz alkartzea da, ezaugarri komunak konpartiduta.

Aurtengo programazinoa Sarrikoko Juan Crisostomo de Arriaga Musika Konserbatorioan zarratuko da, Inun eta Eñaut Elorrieta abeslariakaz. Mikel Inunziaga Inun kantautoreak 2014an argitaratu eban pop estiloko Berreginez lehen diskoa. Gaur egun, gitarra akustikoak eta loop pedalak lagunduta, lehenengo lan hori aurkezten jarraitzen dau. Eñaut Elorrieta abeslariari jagokonez, Deserriko kantak' bakarkako lehenengo lana argitaratu eban 2013an. Eñautek hainbat ikuspegitatik begiratzen deutso deserriari; horretarako, berak idatzitako testuez gan, konplizidadea bilatu dau Joseba Sarrionandia, Joan Oliver, Mario Benedetti, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga lako beste idazle batzuen luman.

Kontzertu guztietarako sarrerea librea izango da, leku guztiak bete arte.


Agendea

- Bagilak 4. Lekua: Deustuko Udaltegia / Ordua: 19:30 / Garai hura gara, Xabier Lizaso eta Andoni Egaña.

- Bagilak 11. Lekua: Euskararen Etxea / Ordua: 19:30 / 22m2, Naroa Gaintza.

- Bagilak 18. Lekua: Deustuko Donepetri eleizea / Ordua: 19:30 / San Inazio Abesbatza + Deustuarrak Abesbatza.

- Bagilak 19. Lekua: La Hacería / Ordua: 22:00 / Ana Bejerano & Euskonection.

- Bagilak 25. Lekua: Bilboko Konserbatorioa / Ordua: 19:30 / Inun + Eñaut Elorrieta.
 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu