Sabin Bikandi, Arte Eszenikoetako Max sarietako finalista, 'Gelajauziak' ikuskizunerako musikeagaitik
2015-05-13 12:25 MusikeaSabin Bikandi, Xabier Erkiziagaz batera, ikuskizun eszenikorako musika-konposizinorik onenaren saria jasoteko hautagaia da, Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa Elurretan ikuskizunerako musikea sortu dauen Iñaki Salvador euskal musikariaz gan.
Sabin Bikandi musikari, musikagile eta moldatzailea dogu, datorren astelehenean, maiatzak 18, Bartzelonan ospatuko dan Arte Eszenikoen Max Sarien galako finalistetako bat. Bikandik musika-konposizinorik onenaren saria irabazi leike Kukai jantza konpainiaren eta Cesc Gelabert koreografo katalanaren Gelajauziak ikuskizunerako landu dauen partitureagaitik, eta ikuskizunak berak be saria jaso leike artista-zerrenda onenaren kategorian. Partiturea lantzen Xabier Erkizia musikariak be parte hartu dau.
Epaimahaiak Max Sarien 22 kategorietako finalisten behin-betiko zerrendea ezagutarazo barri dau. Hauxe da Autore eta Argitaratzaileen Alkarte Nagusiak (SGAE) Broadwayko (AEB) Tony, Erresuma Batuko Olivier eta Frantziako Molière sarien ereduari jarraituz eratutako sarien XVIII. edizinoa. Irabazleak lankideek eurek aukeratzen ditue, isilkako bi bozketaz osotutako prozesu baten bidez.
Finalistak 111 ikuskizunen artetik aukeratu dira, eta hautaketa hori Carlos Gil buru dauen epaimahai batek egin dau, Guillermo Heras, Joan Muñoz eta Liz Perales tarteko dirala, baita Madrilgo batzordeko presidentea –Salvador Enríquez–, Kataluniakoa –Mar Gómez– eta ganerako hamabost autonomia erkidegoetakoa –Susana Herreras– be. Hauxe da, Arte Eszenikoen arloko aintzatespenik prestigiotsuena Estadu espainiarrean.
Sabin Bikandi, Xabier Erkiziagaz batera, ikuskizun eszenikorako musika-konposizinorik onenaren saria jasoteko hautagaia da, Zazpi aldiz elur, Mikel Laboa Elurretan ikuskizunerako musikea sortu dauen Iñaki Salvador euskal musikariaz gan. Hirugarren izentaua Alberto García Demestres da, L’Eclipsi ikuskizunagaitik. Era berean, Gelajauziak jantza arloko artista-zerrenda edo bakarlari onenaren kategorian lehiatuko da, Kukai jantza konpainian jantzari dabilzan Alain Maya, Eneko Gil, Ibon Huarte, Jon Maya eta Urko Mitxelenaren izendapenei esker. Kategoria honetan, beste bi jantza ikuskizun be lehiatuko dira: Free Fall eta Nomada.
Jantza tradizionalaren ganeko begirada barri bat
Sabin Bikandi eta Xabier Erkiziaren konposizinoak musikea jarri deutso igazko martian estreinautako ikuskizunari. Kalean eskaintzeko sortua, Euskal Herriko zenbait jantza sozialetan inspirau da, horreen ganeko begirada barri bat eskainiz, Cesc Gelabert koreografo katalanak egindako lanari esker. Euskal Herriko hainbat herritan izan da ikusgai, baita Argentinako zenbait uritan be, eta igaz Euskadiko Ikuskizunik Onenaren Saria jaso eban Leioako Umore Azokan.
Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) AIKO Taldeko jantza-maisua da, eta helduei jantzan egiten erakustea helburu dauen Dantzaldi Ibiltaria proiektuaren sustatzaileetako bat. Horrezaz gan, jantza tradizionaleko irakaslea izan da Musikene Euskal Herriko Goi Mailako Musika Ikastegian. Era berean, Londresko Unibersidadean Etnomusikologian doktorau eta Musikako Goi Mailako Irakaslea da. Txisturako doinuen egile eta moldatzaile ez eze, Bilboko Udal Txistulari Bandako kidea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!